Andoain herri zaintzaile bihurtzeko asmoz, Zaintza azoka ospatu dute

aiurri 2025eko azaroaren 8a

Zaintza azoka ospatu dute Plaza Morean eta Ondarreta Herri Eskolan, eguardian, “Elkarren ondoan, zaintzen duen herria” izenburupean, Zaintza Herritar Taldeak eta Andoaingo Udalak elkarlanean antolatuta. Maitelan eta Zabalduz kooperatibetako, Etxekide ekimeneko eta Matia Fundazioko ordezkariek mintzaldia egin dute, eta, ondoren, herriko era guztietako hainbat elkarteek adostu duten manifestua irakurri dute. Argazki-sorta eta hainbat bideo, ikusgai:

"Herri zaintzailea bihurtu nahi dugu Andoain. Elkarren ondoan egonez, elkar zainduz, herri biziagoa egiteko" izan da azokaren ekitaldiarekin antolatzaileek zabaldu nahi izan duten mezu eta filosofia.

Euskal Herriko beste zenbait eskarmentu entzun ahal izan dituzte azokara bertartu diren herritarrek.

Hona lau hitzaldi-solasaldin parte hartu duten hizlariek eta beren ekimena:

* Maitelan kooperatiba. Elisa Peredo eta Magali Obando. Etxeko zaintzak duindu ditzagun.

* Matia Fundazioa. Maider Azurmendi. Pertsona ardatz duen arreta eredurantz.

* Zabalduz kooperatiba. Miren Besasarte eta Zuriñe Mindegia. Zaindu dezagun elkar. Zaintza publiko komunitarioak saretzeko gakoa. Auzosare egitasmoa.

* Etxekide ekimena. Angel Angulo eta Kontsesi San Juan. Bizitoki kooperatibo eta kolektiboak.

 

Herriko elkarteen manifestua

Lau hitzaldi-solasaldiaren ondoren, azokako parte-hartzaile guztiak berriro batu dira Ondarreta herri eskolaren jolastokian. Han, zenbait herritarrek elkar zaintzaren gaineko ikuskizun xaloa antzeztu dute, eta ondoren, hona herriko hainbat elkarteek sinatu duten manifestua irakurri dute.

Hona manifestua, osorik:

“Herritarrok egiten dute bizi herria. Eta herritarrok ondo bizi behar dugu herria egiteko. Herria eta bizia. Soka berean lotuta datoz. Sareak egiten du herria herri, eta ELKARREN ONDOAN ematen diogu babesa elkarri.

Bizitzeko moduak asko aldatu dira belaunaldi bakarrean. Familiak txikitu egin dira, aldatu, berriak sortu, desagertu... Saretzeko moduak ere aldatu egin dira, digitalizatu... Ateak giltzaz ixten dituen belaunaldia da gurea, eta ate horien atzean ezkutatzen dira askotan, sarerik gabe geratu direnak.

Sarea zulatu egiten baita, ahuldu, katramilatu... zaintzen ez bada. Sarea zaindu egin behar dugu zaindu gaitzan denok. Horregatik nahi dugu saretu eta herri zaintzaile bihurtu. ELKARREN ONDOAN zaindu gaitezen.

Orain edo gero, denok beharko dugu zaindu gaitzaten. Zaintza denon eskubidea da. Eta horregatik da beharrezkoa eskubide eta behar hori txertatzea gure egiteko moduetan, antolatzeko eran, gure bizitzeko eran...

Bizitzaren erdigunean jarri nahi ditugu zaintzak, zaintzaren kontura menpekotasun berririk sortu gabe; zaintza, emakume, klase baxuko eta migratuen eskuetan subrogatu gabe. Zor historiko hori kitatu beharra dago, zaintzaileen lana aitortu eta gaur egungo antolaketa irauli. Baliabide publiko aski bideratu behar da lan hori duina izan dadin. Duin zaindu gaitzaten. Duin zaindu dezagun.

Zaintza denon eskubidea da, bai. Eta zaintzak erdigunera ekartzea gure ardura ere bada.

Horregatik, hemen elkartu garenok honako konpromisoa hartu nahi dugu gaur:

Zainduko duen herri bateko herritar izan nahi dugula. Herri zaintzaile nahi dugula Andoain eta zaindu nahi dugula elkar. klase eta jatorri diferentetako Denok, adin, genero, herritar denak, parez pare eta ELKARREN ONDOAN saretuz”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!