Manuel Oiartzabal Sorabillako erretorea hil da

Aiurri 2025eko azaroaren 10a

Manuel Oiartzabal, martxoaren 2an Sorabillako auzotarren omenaldia jaso zuenean (Argazkia: Sorabilla Auzo Elkartea)

Manuel Oiartzabal Aginagalde 35 urte heldu zen Andoainera bizitzera, eta apaiza gisa aritu da urte guzti horietan, Sorabilla auzoan urterik gehienetan.

Hereneguan hil zen, 84 urterekin. Sorabillako San Martin elizan, asteartean, arratsaldeko 18:00etan egingo dute Oiartzabalen aldeko hileta elizkizuna. Bere gorpua bi ordu lehenago elizan bertan jarriko dute.

Iazko urriaren 6an hartu zuen erretiroa, ofizialki. Hain zuzen ere, egun hartan, Andoaingo kristau komunitateak Manuel Oiartzabali, eta honekin batera, Iñaki Zabaleta ordurarte San Martin parrokiako erretore izandakoari eta La Salle Berrozpe ikastetxeko Rikardo Fuster, Manuel Udabe, Joxe Mari Mujika eta Nazario Maiz salletarrei agurreko ekitaldia eskaini zien.

(Ospakizu hartako kronika, argazkiak eta bideoa, hemen).

San Martin parrokian egin zuten agur-ekitaldian, Andoni Ledesma, Joxe Mari Ormazabal, Mikel Ibarguren, Joxe Mari Mujika, Manuel Oiartzabal, Iñaki Zabaleta, Rikardo Fuster, Manuel Udabe eta Koldo Bergara 

San Martin parrokian ospatu zen aitortza ekitaldi hura, eta bertan, Oiartzabalek hitza hartu, eta andoaindarrei eta sorabillatarrei eskerrak eman zizkien, “hartzen dena ematen dena baino askoz gehiago baita”. Andoainen mende erdia bazeramala gogoratu zuen Oiartzabalek. “35 urte nituela heldu nintzen Andoainera, eta bi hamarkadetan, San Martin parrokiako erretorearen laguntzaile izan nintzen. Horietan, Berrozpen eta Juan Bautista Bataiatzailea zahar egoitzan ere mezak emateaz arduratu nintzen. Ondoren, Sorabillako San Martin elizan eman zidaten plaza. Geroztik, ia 30 urte egin ditut bertan”.

Egun hartan, Andoainen apaiza gisa ibilbide luzea egindako Iñaki Zabaletak eta Manuel Oiartzabal berak erretiroa ofizialki hartu bazuten ere, mezak ematearen ardurari eutsiko ziotela aitortu zuten biek. Hain zuzen, Oiartzabalek Sorabillako erretoretxean bizitzen eta bertako San Martin elizan mezak ematen jarraitu du, heriotza heldu zain arte.

Manuel Oiartzabal meza ematen, aurtengo Sorabillako jaietan irailaren 8an

 

Sorabillatarren omenaldia

Bestalde, joan den martxoaren 2an, Sorabillako auzokideek omenaldi goxoa egin zioten Manuel Oyarzabali, Sorabilla Auzo Elkarteak antolatuta.

Xabier Laka eskultoreak landutako artelana oparitu zioten, “elkarrekiko esku zabaltasunaren adierazgarri”. Omenaldi-ekitaldian, Iruñeko Mirua abesbatzak meza nagusia kantatu zuen, eta kontzertua eman zuen ondoren.

Sorabillako Auzo Elkarteak zabaldu zuen oharrean azaldu zuenez, “Manuel Oyarzabal Aginagalde, Pirinioetako Aran bailarako Les herrian jaioa, gazterik etorri zen Iruna bere familiarekin. Apaiz izan nahi eta mutil bizkorra zenez, Lovainako Unibertsitatean Filosofia ikasteko beka lortu zuen. Filosofiako irakasle izan da Manolo urte askotan. Apaiz bezala, Azpeitiko Mantxinbentan izan zen apaiz lehenbizi, baina urterik gehienak Andoainen egin ditu, goiko parrokian hogei urte eta gehiagoz eta azken 30 urteak Sorabillako parrokian”.

Elkarteak honela definitu zuen Oiartzabal, orduko hartan: “Gizon patxadatsua, entzuten dakiena eta gertukoa da Manolo denontzat. Bere izaera abegikor eta auzoko bizitzan sakon txertatua dagoena”.

Oiartzabal auzotarrekin solasean, aurtengo Sorabillako jaietan

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!