Kulturartekotasunaren Festa ospatu dute Leizaran Institutuan irakasle, ikasle eta gurasoek

Aiurri 2025eko abenduaren 22a

Leizaran Institutuko irakasle, langile, ikasle eta gurasoek Kulturartekotasunaren Festa ospatu ohi dute Gabonetan, oporretara joan aurretik, eta gaurko eguna hartu dute horretarako. Argazki-sorta eta bideoa (behean), ikusgai:

Aitor Ormazabal Institutuko zuzendariak bideoan adierazi duen bezala, hainbat tailerretan (abesbatza; kakaoa, orri markatzaileak edota henna tatuajeak egitea; txalaparta; scape room jolasa; zumba...) parte hartu dute goizean zehar, eta eguerdian, munduko makina bat sukaldetan tradiziozkoak diren jakiak (ikasleek bere etxetan egindakoak) dastatu ahal izan dituzte, aukeran.

Abesbatzako tailerra osatu duen talde abeslariak, Institututik irten, eta Eguneko zentrura abiatu dira goiz partean, Gabon-giroko abestiak ahotan zituela. Era horretan, Anbrosia Olabideko egoitzara egunero bertaratzen diren egoiliarrekin batera kantu-saio polita egin dute (argazkiak eta bideoa, hemen).

Gogoratu behar da badirela urteak Leitzaran Institutuan Arreta izeneko erdi mailako zikloa ikasten ari diren ikasleek, adineko jendea elkartzea eta elkarrekin jarduera fisiko osasungarri bat egitea helburu dituen “Ibili Andoain” ekimenean parte hartzen dutela, laguntzaile gisa, asteazkenero.

 

Kulturartekotasuna, egunerokoan txertatuta 

DBH eta Batxilergoa, Arreta Erdi Mailako Zikloa eta Goi Mailako Gizarteratze Zikloa eskaintzen ditu Institutuak, eta 300 ikaslek jasotzen dituzte klaseak.

Bertan, munduko 27 herrialdeetan jatorria daukaten irakasle eta ikasleak elkarbizi dira. Hain zuzen, horiek dira: Uganda, Cabo Verde, Venezuela, Errumania, Espainia, Errusia, Honduras, Ekuatore Ginea, Ekuador, Nikaragua, Peru, Aljeria, Mali, Pakistan, Maroko, Bolivia, Argentina, Txile, Errepublika Dominikarra, Kolonbia, Ukraina, Etiopia, Ghana, Kamerun, Bulgaria, Txina eta Euskal Herria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!