Justizia Auzitegi Nagusiak Yerai mutikoaren aldeko epaia jakinarazi du

Aiurri 2026ko otsailaren 12a

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Rodriguez Martinen familiari arrazoia eman dio eta Osakidetzak hazkunde-hormonen tratamendua ordaindu beharko dio hesteetako malformazioarekin jaio zen Yerai mutikoari. Familiaren aldeko bigarren epaia da horixe; 2025eko maiatzean, Donostiako Epaitegiak ere familiaren alde egin zuen, baina Osakidetzak errekurtsoa jarri zuen orduan.

Yerai mutikoaren historial klinikoaren eta bere egunerokotasunaren gaineko erreportajea Aiurrin, hemen irakurgai.

Egun 14 urte dituen Yeray mutikoa hesteetako malformazioarekin jaio zen eta horrek normaltasunez haztea eragozten dio. Orain hiru urte, hazkunde hormonak behar zituela iriztu zuten mediku espezialistek. Horrela, Donostia Ospitaleko pediatria-endokrino saileko profesionalen oniritzia eduki arren, Osakidetzako zuzendaritzak 2023ko ekainean, erakundeko aholkulari-batzordearen balorazioa kontuan hartuta, erabaki zuen gazteak ez zituela betetzen baldintzak bere gain har zitzan tratamenduaren kostuak.

Gauzak horrela, osasungintza pribatutik ekin zion tratamenduari familiak; beren poltsikotik egitea aurrera gastuei, Donostia Poliklinikan. Aldi berean, familiak demanda jarri zion Osakidetzari, tratamenduko gastuak eskatuz.

Iazko maiatzaren 7an, Donostiako epaitegiak arrazoia eman zion. Epaiak mediku-gastuak ordaintzera zigortu zuen Osakidetza; ia bost mila euro ordaindu behar zizkiola zehaztu zuen epaiak, hain zuzen.

Osakidetzak epai horren aurkako errekurtsoa jarri zuen orduan, eta hari erantzunez dator otsailaren 10eko epaia. Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek -Donostiakoaren gainetik dagoen organoa da EAEko hauxe- arrazoia eman dio Yerai Rodriguez Martin familiari, esan bezala. Azken batean, epaiak bat egin du Donostia Ospitaleko pediatria-endokrino saileko profesionalen eta Poliklinikako profesionalen txostenekin, Yerairen kasuak ez dituela “baztertua izateko irizpideak betetzen” alegia.

 

Karrikako auzotarren elkartasuna

Karriko auzokoak dira Yerai eta bere gurasoak, Patricia Martin eta David Rodriguez, eta auzotarren elkartasuna jaso izan dute azken urtetan.

Gertutasun horren adierazgarri da 2023ko abenduaren 16an Zumea plazan antolatu zuten ekitaldiz beteriko elkartasun jaialdia.

Jaialdia irudietan, argazki-galeriaren eskutik ikus liteke behean:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!