Figura txikien pintura lehiaketa eta erakusketa izango da Basteron

Aiurri 2026ko martxoaren 12a

Gonzalo Martinez, Iker Inza eta Martin Mateos, ekitaldiaren aurkezpenean

Iberian North Model Show izenburua daraman figura txikien pintura lehiaketa eta erakusketa ospatuko dute asteburuan (martxoaren 13, 14 eta 15ean) Basteroko erakusketa gelan (bideoa, behean).

Ekitaldiaren nondik norakoak emateko agerraldia egin zuten antolatzaileek Basteron, asteazkenean. Bertan izan ziren Gonzalo Martinez Andoaingo Enderren Jokoa Elkarteko ordezkaria, Iker Inza Hernaniko DistopiaGames pintura eta miniaturen dendako arduraduna, eta, Martin Mateos artista eta epaimahaikidea.

Agerraldian adierazi zutenez, eskala txikiko figuren margotzea izango da protagonista asteburuan egingo den ekitaldian. “Bertan, zaleek eta artistek azken urtean margotu dituzten irudiak aurkeztuko dituzte. Pazientzia eta zorroztasuna ezaugarritzat dituen lan artistikoa da figuren edo miniaturen pintura, eta horren emaitzaren erakusleiho bilakatuko da Basteron hiru egunetan”, esan zuen Iker Inzak.

Ekitaldiari zer nolako nolako izaera eman nahi dioten zehaztu zuten. “Nazioarteko bokazioa duen lehiaketa da, baina ez dugu nahi eskualdeko sustraiak gal ditzan; tokiko komunitatearentzako eta beste lekuetatik etorritako zaleentzako topagune bihurtzearen aldeko apustua eginez”.

 

Lehiaketa, sona handiko epaimahaikidekin

Erakusketaz gain, lehiaketaren osagaia ere edukiko du ekitaldiak, eta epaimahaia ere beharko da horretarako. “Hainbat lehiaketatan sarituak diren pertsonak osatuko dute nazioarte mailako epaimahaia; beraiek arduratuko da aurkeztutako lanak baloratzeaz".

Horrela, Jaime de Garnica da epaimahaikidetako bat, “duela ia 10 urtetik pintura profesionalean aritzen den artista da. Hainbat ekitalditan saritua, Valladolideko bere akademian pintura klaseak ematen ditu”.

Andrés Bullón izango da beste epaimahaikidea. “Urteak daramatza profesionalki miniaturak pintatzen. Nazioarteko hainbat ekitalditan saritu dute: Madrilgo FreakWars, World Model Expo, Poloniako Kontrast eta Italiako Monte San Savino Show, besteak beste”.

Azkenik, agerraldian parte hartu zuen Martin Mateos izango da hirugarren epaimahaikidea. “Margolari profesionala da, eta bere pintura akademian irakaskuntzan aritzen da. Nazioarteko hainbat ekitalditan saritutako artista ere bada, hala nola Holandako Scale Model Challange, Italiako Monte San Savino Show edo AEBko Adepticon”.

 

Hiru pintura erakustaldi

Lehiaketaz gain, zuzeneko hiru pintura erakustaldi izango dira, eta epaimahaikideek beraiek gidatuko dituzte. Publikoari irekitako saioak izango dira, larunbat goizean, larunbat arratsaldean eta igande goizean, eta “miniaturen pintaketa prozesuaren alderdi ezagunenetako batzuk jorratuko dituzte horietan; hala nola NMM (Non Metallic Metal) teknika, larru delikatuen irudikapena eta figura baten bozetua, erreferentziazko artistengandik ikasteko aukera paregabea eskainiz”.

Sari banaketa, igandean

Jardunaldien azken egunean, igandearekin, egingo dute sari-banaketaren ekitaldia, 13:00etik 14:00etar. Azkenik, zehaztu nahi izan dute interesa duten guztientzat irekia egongo dela ekitaldi guztia. “Bisitarientzako sarrera doakoa izango da asteburu osoan zehar; izan ere, ikusleengana, zaleengana eta publiko orokorrarengana hurbildu nahi dugu miniaturen pinturaren arte hauxe”.

 

Hiru eguneko programa

* Ostirala 13

17:00-21:00. Lehiaketarako figuren sarrera eta erakusketaren irekitzea.

* Larunbata 14

10:00-14:00. Lehiaketarako figuren sarrera eta erakusketaren irekitzea.

12:00-13:30. Pintura erakustaldia: emakumeen azalak, Andres Bullonen eskutik.

16:00-20:00 Erakusketaren irekitzea.

16:00-17:30. Pinura erakustaldia: Sketch-a, Martin Mateosen eskutik.

* Igandea 15

10:00-14:00. Erakusketaren irekitzea.

11:00-12:30. Pintura erakustaldia: Non Metallic Metal, Jaime de Garnicaren eskutik.

13:00-14:00. Sari banaketa.

 

Enderren Jokoa elkartea

Andoain eratu berri samarra den Enderren Jokoa elkartea da antolakuntza taldeko kideetako bat. Gogoan izan behar da rol-jokoen multzoko mahai-jokoak sustatzen dituela elkarte horrek.

Rol-jokoek fikziozkoa edo erreala den mundua irudikatzen duen egoera dute oinarri, eta bertan, jokalariek, fikziozko pertsonaiak antzezten edo rolak interpretatzen dituzte. Esate batera, Andoaingo elkarteak, mundu fantastikoa eta zientzia fikzioa uztartzen dituen Warhammer 40K mahai-jokoaren gaineko lehiaketa antolatu zuen orain bi urte. Miniaturazko figurak erabiltzen dituzte halako mahai-jokoetarako; jokalari bakoitzak fakzio edo armada bat gidatzen du; hamarnaka miniaturek irudikatzen dituzte armada horiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!