Langararen gaineko erakusketa ireki dute Oviedoko unibertsitatean, “Golen Jauna” izenburupean

Aiurri 2026ko martxoaren 25a

Basteron iazko otsailean ikusi ahal izan zen Isidro Langararen gaineko erakusketa

Oviedoko Unibertsitateko Eraikin Historikoko klaustro altuan jarri dute erakusketa, eta apirilaren 1era bitarte egongo da zabalik. Antolatzaileek adierazi dutenez “Espainiako ligan garai guztietako golegile onenaren biografiari buruzko objektuen bilduma paregabea erakusten du erakusketak”.

El Señor de los goles izenburua duen erakusketak Real Oviedoren eta bilduma pribaturen baten jabetzako materialaz gain, Langara familiak utzitako argazki, argitalpen, domina eta objektu pertsonal ugari jarri ditu ikusgai.

Oviedo taldearen Fundazioak eta Asicom Iberoamerikar Fundazioak antolatu dute erakusketa. Beren hitzetan, “Isidro Langara, futbolean doktoratua eta golak egiteko artean bikain cum laude, Oviedoko Unibertsitatean sartu da orain, Real Oviedoko futbolariaren figura publiko zabalari hurbiltzen dion erakusketa antologiko handi baten bidez”.

Gogorarazi dutenez, “Langara Futboleko Historia eta Estatistikako Nazioarteko Federazioak Espainiako golegilerik onena izendatu du. Berea da, gaur egun ere, Espainiako Lehen Mailan partida bakoitzeko sartutako golen batez besteko onena eta Espainiako selekzioarekin sartutako golen batez besteko onena. Espainiako futbol maila goreneko hiru partidatan hat-trick-ak lortu dituen Ligako historiako futbolari bakarra da. Eta inork ez zuen berak bezain neurketa gutxi behar izan Espainiako Lehen Mailan ehun gol lortzeko”.

 

Erakusketa, Andoainen

Andoainen, golegile andoaindarren gaineko erakusketa iaz, otsailaren 15ean jarri zuten Basteron. Kronika, argazkiak eta bideoa, hemen.

Era berean, bi egun lehenago, otsailaren 13an "Osaba Isidroren maleta" ipuin musikalizatua taularatu zuten Basteron. Literatura eta musika uztartu zituzten aspaldiko ikono bati gerturatzeko asmoz.

Langararen iloba Junkal Guerrero musikaria izan zen ikuskizunaren bideratzailea, eta sortze-prozesuan ezinbestekoak izan ziren Juan Kruz Igerabide idazlea, Myriam Ulanga piano-jotzailea, Katrin Iturralde musika irakaslea eta Andoaingo Udal Musika Eskolako abesbatza txikia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!