Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideak gonbidatu dituzte frankismoak zapaldutakoen aldeko omenaldira

Aiurri 2026ko apirilaren 10a

Urtero legez, 1936ko kolpe militarraz geroztik Andoainen erail eta zapaldu zituzten herritarren aldeko omenaldia egingo dute Miranda Pasealekuan, apirilaren 18an, larunbatarekin. Besteak beste, Gasteizen 1976an, poliziak langileen aurkako sarraskia burutu zuenetik justizia eskatzen ari den Martxoak 3 elkarteko kideek hartuko dute parte ekitaldian.

Iazko ekitaldiaren gaineko kronika, argazki-sorta eta bideoak ikusgai, hemen.

 

Txalaparta, bertsoak, ohorezko dantza eta hitzartzeak

Maizorri Txalaparta eskolako txalapartarien eta Punttuka bertso eskolako kideen esku-hartzearen eta Urkiko dantzari eta txistulariaren ohorezko dantzaren ondoren, lore-eskaintza egingo zaie faxismoak herrian eraildako eta desagerrarazitako 26 herritarrei. Biktimen senitartekoek Gotzon Etxeberria artistaren “Goiztirian, arimaren garrasia” eskulturaren aurrean egingo dute lore-eskaintza.

Segidan, Gasteizko Martxoak 3 eta Oroituz, Andoainen elkarteetako kideek hartuko dute hitza.

Gasteizko elkarteko kideak izango dira gonbidatu bereziak aurtengo Andoaingo ekitaldian; horrela, nolabaiteko aitortza egin nahi zaie, mende erdia tinkotasunez baitaramate egia eta justizia aldarrikatzen, poliziak Arabako hiriburuan hil zituen bost langileak eta zauritu zituen ehundik gora herritar gogoan hartuta. Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, eta, Bienvenido Pereda Moral izan ziren eraildako langileak. Horiez gain, Gasteizko hilketengatik protesta egiten ari zirela hurrengo egunetan hil zituzten beste hiru lagunak ere (Juan Gabriel Rodrigo Knafo Tarragonan, Mario Marotta Erroman, eta, Vicente Anton Ferrero Basaurin) gogoratuko dituzte.

Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideak joan den martxoan, mende erdia igarota oraindik ukatzen zaien justizia eske

Berezia izan zen Gasteizen aurten egin zuten omenaldi-ekitaldia, gertaera odoltsuak izan zirenetik mende erdia igaro dela kontuan hartuta, eta argazkiez eta bideoez jositako kronika egin zuen Oroituz, Andoainen elkarteak Aiurriren webguneko Komunitate-aren atalean.

 

Campanades a morts

Azkenik, Andoaingo abeslariez eta musikariez osatutako Banda Errepublikanoaren txanda helduko da, ekitaldian. Abesti antifrankistak zabalduko dituzte Alfaro plazan, eta bereziki, Lluis Llach abeslariak Gasteizko sarraskia inspirazio-iturri izanda konposatu zuen Campanades a morts abestia ekarriko dute gogora. Sebastopoleko dantzariekin batera eskainiko dute memoria historikoaren kantutegian aparteko tokia hartzen duen abestia.

Andoaingo biktimen aldeko ekitaldian emanaldia egiteko espreski osatzen den taldea da Banda Errepublikanoa, eta Joxe Mari Oiartzabalek zuzentzen du.

Banda Errepublikanoko kideak, iazko omenaldi-ekitaldian

 

Bazkaria, Kotoi elkartean

Frankismoaren biktimak oroitzeko egunari jarraipena emateko, Kotoi elkartean bazkaria antolatu du Banda Errepublikanoak. Izena eman behar da aurrez, Itsaso tabernan, eta apirilaren 15a jarri dute azken eguna horretarako. 25 euro balio du bazkarirako txartelak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!