“Goiztirian, arimaren garrasia” eskulturaren aurrean, herriko hainbat eragilek hartu zuen parte bertan: Punttuka bertso eskolako Ion Beloki bertsolaria, Urki Dantza Taldeko Unai Barrutia dantzaria eta Olagain Txistularien Elkarteko Jon Ander Belamendia, Enaitz Vazquez eta Gotzon Huizi kideak, Banda Errepublikanoa eta Sebastopoleko dantzariak.
Faxismoa atzo eta gaur
Herriko 25 fusilatu eta desagerrarazien eta gainerako biktima guztien aldeko lore-eskaintza, bertso-saioa, eta ohorezko Aurreskuaren ostean, “Oroituz, Andoainen” eta “Gasteizko Martxoak 3” elkarteetako kideek hartu zuten hitza ekitaldian.
Lurdes Arteaga Andoaingo elkarteko kideak faxismoaren aurkako mezua ez genukeela iraganeko kontutzat hartu beharko, gaur egun inoiz baino indar handiagoa daukala, alegia. ”1936ko uztailaren 18an faxismo krudela sufritzen hasi ginen Andoainen, Euskal Herrian eta estatuan, eta 40 urtez ondotxo ikusi genuen zein aurpegi zeukan. Bada, ez dugu ahaztu behar aurpegi hori, iraganean landu dugun memoria bizi horrek laguntzen digulako gaur egungo aktualitatearekin lotzeko, eta laguntzen digula identifikatzeko faxismoaren adierazpen modernoak, izan Gazan, izan Iranen, izan Libanon, eta izan beste hainbat lekuetan munduan, izan Espainiako estatuan, izan Euskal Herrian”.
Ondoren, aurtengo omenaldi-ekitaldirako gonbidatu dituzten Gasteizko Martxoak 3 elkarteko bi kide aurkeztu zituen Arteagak. “Jakingo duzuen bezala, Martxoak 3 elkarteak ere kereila aurkeztua dauka frankismoaren krimenen aurka, bai estatuko epaitegietan eta baita Argentinako epaitegian. Zoritxarrez, azken 15 urtetan, Espainiako epaileek artxibatu egin dituzte ehunka kereila; adibidez, Oroituz elkarteak 2019an, Tolosako eta Donostiako epaitegietan jarri zuena”. Arteagak etsigarritzat jo zuen Espainiako estatuan frankismoari oraindik ere inpunitatea eskaintzen zaion panorama. “Martxoak 3 elkartea izan daiteke salbuespen bakanetakoa. Izan ere, lortu baitu Rodolfo Martin Villa prozesatzea, alegia, 1976an langileen aurkako giza sarraskiaren arduradun politikoetako bat”.
Inpunitatea nagusi estatuan
Martxoak 3 elkarteko Agustin Plazak eta Andoni Txaskok hartu zuten parte ekitaldian, hain zuzen. Estatu espainiarrean, estamentu politikoetatik eta epaitegietatik frankismoaren krimenei aplikatzen zaien inpunitatearen salaketa izan zuen ardatz Txaskok bere mintzaldian.
“Iazko ekainean, San Fermines 78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek, elkarlanean, aitormen eta erreparazio pertsonalerako ekimena burutu genuen, Estatuko Memoriaren Demokratikoak uzten duen zirrikituaz baliatuz. Egindako 39 eskaerak onartu dituzte. Historian terrorista gisa ez, baizik eta askatasunen aldeko borrokalarien gisa agertzea jarri genuen helburutzat. Baina aitormen mora huts horretan geratu gabe, estatu mailako aitormen ofizial bat egiteko eskatzen diogu Gobernuari, aitor dezala Espainiako gobernuak Iruñeko eta Gasteizko giza-sarraskietan eduki zuen erantzukizuna”.
Nazioartera begira jarri zen Txasko, eta adibide ikasgarriak izendatu zituen: “Argentinan Videlaren diktadurako krimenengatik eta Bretainia Handian Ulsterren (Ipar Irlanda) Igande Odoltsuan egindako krimenengatik egin dituzte aitortza ofizialak. Oraindik orain Alemaniako gobernuak ere onartu du Gernikako bonbardaketan eduki zuten erantzukizuna. Espainiako estatuako gobernuak, baina, ez du halakorik egin nahi izan orain arte, batek hala besteek gobernatu. Demokrazia baten nortasuna adierazten du horrek”.
Estatuan frankismoaren biktimak aitortzeko eta biktimarioak epaitzeko borondaterik ez dagoela adierazi zuen. “Inpunitatea sustraituta dago Estatu espainiarrean. Preskripzioaren kontzeptua aplikatzen dute, eta 1977ko amnistia legea darabilte horretarako. Egiazki, lege hori “puntu eta bukaera” egiteko erabiltzen ari dira. Izan ere, amnistia aplikatu beharko litzateke epaitu diren delituentzat eta delitugileentzat. Alabaina, estatuan inoiz ez da hori gertatu ez frankistekin ezta beren delituekin ere”.
Izen-abizenak jarri zizkion estatuan “sustraituta” dagoen inpunitateari. “Martin Villa, Fraga, Arias Navarro, Manuel Fraga, Borboiko Juan Carlos de Borbon… ez lukete demokratatzat agertu behar historiako liburuetan, giza-sarraskien erantzule gisa baizik. Onartezina da beren titulu ofizialekin, dominekin eskulturekin… jarrai dezaten. Epaitegietatik igaro beharko lukete, eta beren ardurak epaitu behar lirateke”.
Azkenik, oroimen historikoaren aldeko elkarte guztien batasuna eskatu zuen, “denen artean lortuko dugu frankismoak 1936an hasi eta trantsizioa amaitu arte eragin zituen biktima guztientzako egia, justizia, aitormena eta ez errepikatzeko bermeak”.
Campanades a morts
Musika eta dantza nagusitu ziren omenaldi-ekitaldiko bigarren zatian. Horrela, Andoaingo abeslariez eta musikariez osatutako Banda Errepublikanoak abesti antifrankistak eta oroimen historikoaren aldekoak zabaldu zituen Alfaro plazan, eta bereziki, Lluis Llach abeslariak Gasteizko sarraskia inspirazio-iturri izanda konposatu zuen Campanades a morts abestia.
Bestalde, Sepastopoleko dantzariekin batera, Pablo Sorozabalen Gernika abesti solemnea ere intepretatu zuten.
Andoaingo biktimen aldeko ekitaldian emanaldia egiteko espreski osatzen den taldea da Banda Errepublikanoa, eta Joxe Mari Oiartzabalek zuzentzen du.
Bazkaria, Kotoi elkartean
Frankismoaren biktimak oroitzeko egunari jarraipena emateko, Kotoi elkartean bazkaria ospatu zuten hainbatek, Banda Errepublikanoak antolatuta. Etxeberrieta Jai Batzordeko kideek presatu zuten bazkariarekin gozatu zuten bildu zirenek.