Burdinaren Gordelekuak ateak zabalik ditu egunotan

Aiurri 2026ko maiatzaren 16a

Maiatzaren 15, 16 eta 18an ateak irekiko ditu Gordelekuak, Burdina elkartearen museo etnografikoak. Goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-19:00) bisitariek bertan zaintzen dituzten aintzinako tresnak eta objetuak ikusteko aukera edukiko dituzte.

Atzo goizean, ostiralarekin, ekin zioten Ate Irekiak jardunaldiari. Udal ordezkariek bisitaldia egin zuten lehenbizi, eta ateak zabalik ditu Gordelekuak geroztik.

Ondare historikoa jaso eta jendartean jakitera emateko sortu zen elkarteak herritarri gonbidapena luzatu die inongo erreparorik gabe bertara daitezen Extremadura 7 kaleko egoitzara. “Edozein eratako kontsultei erantzuteko prest egongo gara jarri diren egun eta ordutegiarekin”.

Hiru egunetan luzatuko den ate-irekitzeak bat egin du Museoen Nazioarteko Egunarekin; maiatzaren 18an dago izendatuta ofizialki, hain zuzen.

 

Egunez egun hazten doan Gordelekua

Gure aurreko belaunaldien bizimodua, lanbideak, mentalitatea… islatzen dituzten aintzinako tresnak gordetzeko eta herritarri haien gaineko xehetasunak ezagutarazteko asmoz zabaldu zuten Gordelekua 2022ko urrian. Geroztik dohaintzan etengabe ari dira jasotzen era guztietako tresnak.

Azken aldian, horietako zenbait azpimarratzeagatik, hiru behintzat aipa litezke espreski: Gipuzkoan Arditurri eta Plazaolako burdin-meategietan erabiltzen zen XIX. mendeko bagoneta bat; 1936ko kolpe militarrak eragindako gerraosteko gosetean hainbesteko garrantzia hartu zuten errota-makina haietako bat; edota, XIX. mendeko errepideetako mugarri kilometrikoa (Iztuitzan gorde izan dutena hamarkadetan).

Bereziki gogoan hartzeko urtea du Burdina taldeak 2026a, izan ere, bere sorreraren 25. urteurrena betetzen ari baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!