“Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago” izenburupean aste honetan antolatu duten bigarren ekitaldia egin zuten atzo.
Rikardo Arregi protagonista duen Zutik laburmetraia proiektatu zuten lehenbizi Sutegi antzokian. Rikardo Arregiren iloba Mikel Arregi Ormazabalek eta Katramilako antzerki eskolako hainbat aktoreek hartzen dute parte bertan.
Ondoren, Ainara Mendiolak (Zutik filmaren zuzendaria), Ismael Manterolak (Arte Ederren Fakultateko dekanoa) eta Idurre Eskisabelek (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia) solasaldia osatu zuten, Naiz irratiko Ion Telleria esatariak gidatuta. Mahaingurua zuzenean emititu zuen aipatu irratiak (Naiz irratiak zabaldu duen ekitaldiaren gaineko audioa, hemen).
Laukoteak 1966ko ekitaldian esandakoak eta egindakoak ekarriko zituzten gogora, eta gaur egunera arte egin den ibilbideaz aritu ziren hizketan.
Errekondo eta Lujanbioren bisita gidatua
Egunari amaiera emateko, bisita gisatua egin zuten Usurbil herriko zenbait lekuetan barrena, Jakoba Errekondo eta Maialen Lujanbioren eskutik. Remigio Mendiburuk egindako eskulturan amaitu zuten ekitaldia (Errekondo zein Lujanbioren hitzartzeak, beheko bideoetan).
Gogoratu behar da Lujanbiok “Soinu ak zeinuak ak soinu” erakusketa ipini duela Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egunotan, alfabetatugabea zen Udarregi bertsolariaren idazteko modua gaitzat hartuta.
Esanahi handiko 1966ko ekitaldia
Usurbilen atzo bildu zirenek gogoan hartu zuten, 60 urte atzera joanda, 1966ko maiatzaren 22an, nola egin zuten omenaldi-ekitaldia Juan Jose Alkain Udarregi (1829-1895) bertsolari usurbildarraren alde. Hainbat ekintza burutu ziren orduan, Artze anaiek antolatuta: idazketa lehiaketa bat, bertso saioak, antzerki emanaldiak, eta abar.
Remigio Mendiburu artistak egindako eskultura inauguratu zuten, eta bazkariaren ostean, 24 urteko Rikardo Arregi euskaltzale ekintzaileak mintzaldi sutsu eta gogoangarria egin zuen euskara batuaren eta euskal estatu baten alde. Euskara hizopode hartuta, hil ala biziko garrasia egin zuen harako hartan.
Hona hitzartzearen pasarte bat: “(…) Baina, zoritxarrez, ez daukagu gaur egunean guk euskaldunok Xenpelarrek bere bertsoan zionez, "gu bai gera Euskal Herria". Ez dugu pozik eta alai izateko eskubiderik, hilzorian dagoen pertsonak, hilzorian dagoen gizonak ez du behin ere eskubiderik, ez du behin ere pozik eta alai izateko momenturik. Horregatik gaur egunean martxa honetan jarraitzekotan, hemendik bi belaunaldietara, hemendik bi generazioetara, ez dira Euskal Herrian izango euskaraz hitz egingo duen Euskal Herrian Udarregiren bertsoak irakurriko dituztenik. Martxa honetan, ez baita izango hemendik urte batzuetara, gauzak aldatzen ez badira behinik behin, euskaraz hitz egingo duenik...”. Mintzaldia, osorik idatzita, hemen.
Egunotan burutu diren ekitaldiak aurkeztu zituztenean, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak adierazi zuenez, “60 urte pasatu diren arren, gaurkotasun handiko hitzak dira, egun euskarak bizi duen jazarpen eta oldarraldiari erreparatzen badiogu”.
Horrela, garai historiko hartan arteak eta euskarak pisu nabarmena izan zutela uste izanda, eta 60 urte geroago, arreta horietan jartzeko egitaraua prestatua zuten Usurbilen. Aurretik, maiatzaren 15ean, lehenbiziko ekitaldia egin zuten. Sutegin bertan, Film emanaldia: “Oteiza 14 apostolu” filmaren emanaldia izan zen, eta ondoren solasaldian parte hartu zuten Oskar Alegriak (filmaren zuzendaria) eta Jaione Apalategik (Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentea).

