Astearte arratsaldean, Salkin merkatarien elkartearen kanpoaldean, Gau Beltzaren antolatzaile gehienak elkartu ziren. Han ziren Batzokiko lagunak, zeinak ehunka lagunentzat txokolatea prestatzen ariko diren. Irunberri elkartea ere burubelarri murgiltzen da ospakizunean. Beste urte batez herriko haur eta gaztetxoak harrituko eta beldurtuko dituen pasabidea mimoz prestatzen ari dira. Argazkia ateratzeko hitzordura mozorroa eta guzti agertu ziren, gainera. Aiurriko eta Larramendi Kultur Bazkuneko kideek ere ez zuten hutsik egin; jaiaren egitarau osoaren dinamizatzaileak dira. Elkarte gastronomikoetako ordezkariak eta boluntarioak ere haien artean ageri dira argazkian. Auzolanean egiten da Andoaingo Gau Beltza eta partaide bakoitza garrantzia handikoa da. Festa handia antolatzeko ez baitago miraririk: esku askoren beharra izaten da.
Maizorri, Urki, Gazte Lokala... haiei ezinezkoa zaitzaien hurbiltzea baina ziurra da haien guztien partaidetza larunbateko Gau Beltzan.
Ezin aipatu gabe utzi Salkin merkatarien elkartea eta Andoaingo Udala. Ekimenaren babesleak eta laguntzaileak dira.
Denei esker, urriaren 31ko ospakizun dotorea egingo da.
Aurtengo berrikuntzak
Mozorrotzea ezinbestekoa da eta, noski, Gau Beltzari loturiko mozorroa lehenetsi behar da. Aurten, gainera, mozorro lehiaketa antolatu da estrainekoz. Hautagaiek 17:30ean agertu behar dute Goikoplazara. Sari bana emango da, haurren eta helduen mailan. Hori ez da izango berrikuntza bakarra. Aurten, jaia larunbatarekin izanik, jolasak eta tailerrak martxan izango dira Goikoplazan arratsaldeko 17:00ean hasita. Egitaraua luzatuko da egitarauaren hasieran eta baita amaieran ere. Izan ere, Zutik elektrotxarangaren partaidetzarekin festa gauerdiraino luzatuko da.