Nola bizi duzue herriak egin dizuen aitortza hau?
Maixux Oyarzabal: Sorpresaz hartu genuen. Ez genuen inondik inora halakorik espero. Udaletxeko bilera batera gonbidatu gintuzten, eta han egin ziguten txupinazoa botatzeko gonbita.
Maite Iraola: Udalak herritarren proposamenak jasotzen ditu txupinazoa nork botako duen erabakitzeko, eta gure kasuan taldearen izena azaldu zen. Azaldu ziguten taldeak egiten duen lana baloratu nahi zutela, herrian odola ematea ahalbidetu eta errazten duelako. Urtean hiru aldiz izaten da odola emateko aukera Asteasun. Ondo hartu genuen; pozik gaude. Gauza polita da, eta egiten dugun lanari ikusgarritasuna emateko modu egokia ere bai.
M.O.: Gainera, gurekin batera bi pertsona berezi gonbidatuko ditugu txupinazora. Bata Rufino Garmendia izango da, Txufo, 100 aldiz odola eman duena. Bestea Arrate Omeñaka izango da, 18 urte bete berri dituen gaztea. Polita iruditzen zaigu denok batera egotea. Baiezkoa eman digute, eta generazio aldaketaren isla ere ikusiko da.
Noiz eta nola sortu zen Asteasuko Odol Emaileen Taldea?
Patxi Otegi: 1994an sortu zen taldea. Marijuli Azkuek Vitorio Tapiz medikuarekin hitz egin zuen, eta hortik abiatu ziren, bai taldea osatzeko, baita odola emateko lehen kanpaina antolatzeko ere.
M.Ir: Vitoriorekin hitz egiteko aukera izan dut, baina ez dago argi nork eman zuen lehen urratsa. Vitorio herriko medikua zen, eta Marijulirekin harreman pertsonala zuen. Bien artean ikusi zuten herrian odol-bilketak egiteko aukera bazegoela; izan ere, baziren odola ematera herritik kanpora joaten ziren herritarrak. Udalari eskatu zioten bilketak egiteko lekua, garai hartako kultur etxe zaharrean, eta baita odol-emaileentzat eta langileentzat bilketaren ondoren merienda eskaintzeko gastuak bere gain hartzea ere. Udalaren baiezkoa jaso zuten. Hasierako urte haietan, besteak beste, Marijuli Azkue, Vitorio Tapiz, Mila Iztueta eta Joxean Azkue aritu ziren lanean.
Mila Iztueta: Joxeanek sortu zuen taldearen logotipoa. Harekin egiten ziren kartelak, eta geroago kamisetak.
Zein da taldeak urtean zehar egiten duen lana?
M.O.: Urte amaieran jasotzen dugu hurrengo urteko egutegia, eta taldean adosten ditugu odol-emate egunek izango dituzten datak, inauteriak, festak eta bestelako hitzorduak kontuan hartuta. Urtean hiru aldiz egiten dira odol-bilketak. Udalari galdetzen diogu egun horietan aretoak libre dauden, eta bi gela erabiltzen ditugu: bata odola emateko eta azterketak egiteko, eta bestea merienda antolatzeko. Aretoak prestatu egiten ditugu, aulkiak kendu eta kamilak jarriz, eta amaieran dena lehen zegoen bezala uzten dugu. Horixe da gure lana.
M.Iz.: Herriko tabernetan txandaka eskatzen ditugu ogitartekoak, eta janaria ere herriko dendetan erosten dugu, txandaka. Erosketa guztiak herrian bertan egiten dira. Herriarentzako zerbitzu bat da, baina herriko beste zerbitzu batzuk ere kontuan hartzen ditugu. Fakturak udaletxera pasatzen ditugu, hark ordaintzen ditu, baina kudeaketa guztia gure gain hartzen dugu.
Zenbat odol-emaile inguru biltzen dira gaur egun Asteasun?
P.O.: Ez daukagu zifra zehatzik, baina odol-emate saio bakoitzean 50 lagun inguru biltzen gara. Dena den, ez dira beti denak etortzen.
M.Ir.: Hasieran, bi odol-emate saio egiten ziren urtean. Gero, parte-hartzaile kopurua ikusita, hiru saio egitea erabaki zuten.
P.O.: Odol-emaileak 50 baino gehiago gara. Beti izaten da etorri ezin duen norbait, eta, gainera, odola emateko beste aukera batzuk ere badaude enpresetan, ikastetxeetan eta beste zenbait tokitan. Larraulgo herritarrak ere Asteasura etortzen dira odola ematera; abisua helarazten zaie, eta etorri egiten dira.
Zer nolako garrantzia du odola emateak?
M.Ir.: Guk uste dugu beharrezkoa dela. Gizarteak behar duen keinu bat da.
P.O.: Ondo gaudenean ez gara horretaz konturatzen, baina falta denean bai. Keinu txiki bat da, ez du ahalegin handirik eskatzen, baina behar duenarentzat izugarrizko garrantzia du.
M.O.: Hori da. Guk geuk ere noizbait beharra izango bagenu, aukera hori izatea gustatuko litzaiguke. Gainera, diruarekin erosi ezin den zerbait da; borondatez egiten den ekarpena da.
Hurrengo odol-ematea noiz izango da?
P.O.: Hurrengo odol-ematea ekainaren 23an izango da, San Pedro Jaien aurretik. Saioa 16:30etik 20:10era egingo da, Udaletxeko ikuskizun aretoan. Odola eman ahal izateko, aurrez hitzordua eskatu behar da 943 00 78 84 telefono zenbakira deituta. Hitzordua eskatzeko ordutegia egun berean izango da, 08:30etik 14:30era.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 695 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.