Erromeriak, kontzertuak, DJ saioak, txarangak eta kalejirak izango dira aurtengo Sanpedrotako musika egitarauaren ardatz. Kuadrilla Egunetik Jubilatuen Egunera arte, askotariko doinuek girotuko dituzte festak.
Kuadrilla Eguna
Ekainaren 26an, Kuadrilla Egunean, hasiko da musika egitaraua. Arratsaldeko 17:30ean, Ibargaingo zelaian, DJ Kaktus ikuskizuna eskainiko dute. Ameztu Antzerkiak sortutako proposamenak musika, dantza eta jolasak uztartzen ditu, haur eta familiei zuzenduta. Euskaraz garatutako ikuskizuna da.
19:00etan, berriz, Elektrotxufla elektrotxarangak hartuko ditu herriko kaleak. 2014an Pasaian sortutako taldeak euskal kantu herrikoiak, rocka, popa eta erritmo elektronikoak bateratzen ditu. «No Txufla, no party» leloari esker egin da ezagun Euskal Herriko jai giroan.
Gaueko hitzordu nagusia ITZAL erromeria taldearena izango da. 23:00etatik aurrera, euskal kantu klasikoak eta gaur egungo doinu ezagunak eramango dituzte oholtzara.
Eguna amaitzeko, DJ Fifi eta Fefa bikoteak hartuko du lekukoa. Euskal musika herrikoia, doinu aldarrikatzaileak eta erritmo elektronikoak izango dira saioaren osagai nagusiak.
Haurren Eguna
Ekainaren 27an, jaietako Haurren Egunean, Alarma Morea taldeak emango dio hasiera gaueko musika eskaintzari. 2019an Zumarragan sortutako taldeak euskarazko errunba flamenkoa du ardatz, eta berdintasunaren aldeko mezuak zabaltzen ditu bere abestien bidez.
Ondoren, Burutik talde nafarrak hartuko du agertokia. 2020an Iruñerrian sortu zen taldea, eta azken urteotan bere lekua egin du Euskal Herriko musika eszenan.
Gaua ixteko, DJ Naza ariko da. Alegiako musika-jartzaileak 2018an hasi zuen bere ibilbidea, eta ordutik herri-festetan nahiz bestelako ospakizunetan aritu da.
Igandeko kale giroa
Ekainaren 28an, igandean, arratsaldeko 18:00etan trikitixa eta pandero ikasleen emanaldia izango da.
Afalostean, berriz, Pasai txarangak girotuko ditu herriko kaleak. Los Pasai izenez ere ezaguna den taldeak 1956an hasi zuen bere ibilbidea Pasai Antxon, eta Euskal Herriko txaranga beteranoetako eta ezagunenetako bat da.
Egunari amaiera emateko, Karaoke Herrikoia egingo dute.
San Pedro Eguna
Ekainaren 29an, San Pedro egunean, 18:30ean kalejira egingo dute herriko trikitilariek, txistulariek eta Usarrabi abesbatzako kideek.
Gaueko 23:00etan, berriz, Izer eta Alabier trikitilariek hartuko dute lekukoa. Josu Arrizabalaga «Izer» eta Mikel Gorrotxategi «Alabier» urte luzez aritu dira Euskal Herriko erromerietan, trikitixa tradizionalari leial.
Jubilatuen Eguna
Ekainaren 30ean Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta bazkalostean izango dira azken musika hitzorduak. Lehenik, Agurtzane eta Ion Elustondo anai-arreba trikitilariek joko dute. Legazpin sortuak, urte luzez ibili dira erromeriaz erromeria, eta Euskal Herriko trikitixaren erreferente bihurtu dira.
Bukatzeko, Patxi eta Konpainia taldeak erromeria eta dantza saioa eskainiko du. Patxi Perezek gidatutako taldeak erromeria biziberritzea du helburu, eta euskal dantza tradizionalen urratsak irakasten ditu plazan bertan.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 695 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.