Memoria antifrankistaren testigantza emaileak ere badoaz
Estatu espainiarrean azken aldian hil diren milaka herritarren artetik makina bat ziren oroimen historiko antifrankistarekin konpromisu pertsonala hartuta zeukatenak. Lau aldiz atxilotu eta torturatutako Jose Mari Chato Galanteren, edo naziak 1945ean oinperatu ostean Parisko kaleetan sartu zirenetako baten, 99 urteko Rafael Gomezen heriotzak izan dira mediatikoenak, baina askoz ere gehiago dira anonimatoan joan direnak.
Memoria Historikoaren Berreskurapenerako Elkarteko Emilio Silvak ohar batez (“Hay una generación que no puede esperar mas”) gogorazi nahi izan ditu birusak jota nahiz bizi legeak aginduta azken asteetan joan diren pertsona guzti horiek.
Egiaren, justiziaren eta aitortzaren aldeko konpromisua berresteaz gain, eskaera bizia egin die politikoei, birusak derrigorrez ezarritako agenda sozio-politikoan erabat bazterrean utzitako gaiari (frankismoko biktimen hobiak azaleratzea, horien memoria historikoa berreskuratzeko legeak ezartzea, Argentinako kereilari bultzada ematea...) ahalik eta azkarren hel diezaioten, gobernua osatu berritan egindako promesekin bat eginez.
Izan ere, bai baitoa gure artetik zuzeneko lekukotza eman zezakeen edo emateko zorian zen belaunaldi oso bat.
Gugandik gertuago, orain egun batzuk Juanita Alkain Ollokiegi hila da, frankistak Lasarte-Orian sartu besperan familiarekin batera Bizkaia, Santander eta Frantzia aldera ihes egin behar izan zuen emakumea; Bizkaiko frontean, Pako anaia, Saseta Batailoiarekin demokrazia defendatzen ari zela hil zuten. Juana 1920an jaio zen, eta Errepublika garaian poxpolina izan zen, abertzaleen dantzari txikia alegia. Berak kontatzen zuenez, abertzaleek zein ezkerreko errepublikanoek egundoko ilusioz hartu zuten Errepublikaren proklamazioa, justizia sozialerako eta burujabetzarako bidea izan zitekeela pentsatuta.
Orain urte asko ez dela, Lasarte-Oriako zenbait herritarrek Islada Ezkutatuak elkartea sortu zuten, eta bertako historia antifrankista ikertzeaz eta zabaltzeaz gain biktimen aldeko omenaldi ekitaldiak antolatzeari ekin zioten. Ehundik gora elkarrizketa sakon grabatu dituzte jada; Juana Alkain da horietako bat. Urte horietan, Juana ez ezik beste hainbat testigantza emaile joan dira betirako Lasarte-Oriako giza komunitatetik, eta halako berri mingarriak eman direnean, Islada Ezkutatuak elkarteko kideei egundoko bihotz-zirrara sortu izan zaie, hitzez esplikatzen zaila dena.
Ia ehun kontakizun pertsonalez (tartean, urnietar zein andoaindar batzuk) eta makina bat argazki zaharrez hornitutako liburua aurkeztekotan ziren Manuel Lekuona kultur etxean martxoaren 14an. Atzeratu behar izan dute hitzordua, jakina. Baina goiz ala berandu etorriko zaie egun handi hori, nahiz bidean baten bat geratu tragikoki.
Airean geratu da, aldi berean, frankismoaren biktimen alde Andoainen apirilaren 14aren inguruan urtero antolatu ohi den omenaldi ekitaldia.
Bien bitartean, eta eguna noiz etorriko zain, eraildakoen familiarrek Goiztirian eskulturaren aurrean iaz egin zuten lore eskaintza, ikus dezakegu.
Azken urtetako usadioari eutsiz, Musika Banda Errepublikanoa kanta bat prestatzen aritu da azken aldian ekitaldian zehar kantatzeko dantza koreografikoaren laguntzaz. Aurtengoan, Nafarroako Larraga herrixkan bortxatu eta erail zuten Maravillas neskatxaren omenez Fermin Balentziak sortu zuen abesti zoragarri bezain hunkigarria aukeratu dute.
Aurreko urtetan, Banda horrek 2018an Campanades a mort (Lluis Llach) eta 2019an Al Alba (Luis Eduardo Aute) bertsionatu zituen.
Gaurko egunez ere etxean entzerraturik egotera kondenatuta egon arren, Andoaingo errepublikanoak ez dira ahaztu apirilaren 14ak sinbologiaren aldetik berarekin daukan esanahiarekin, eta gorri-hori-more koloreko bandera balkoietan jartzeko deia luzatu diete herrikideei.
Lau emakume heroiak eta Gernaika Batailoiko gidariak: eskertza jaso gabe joandakoak
Gure historia hurbilari begira jartzen diren telesailak moda-modan jarri diren arren, ezin da ukatu oraindik ere formatu konbentzionalagoko dokumentalek daukaten indarra. Horretan, gomendagarria da oso ETBko kate desberdinek egunez egun emititzen segitzen duten dokumental sorta, geure historia dibulgatzeko asmoz.
ETBn bideoteka gainezka daukate, zinta bat hautatu, hautsa kendu eta play emateko deseatzen, eta berri samarrak nahiz eta urtetan atzeragokoak topa daitezke, programazioari erreparatuz gero. Txanda batean ez bada, hurrengoan harrapatuko ditugu telebistan, maiz errepikatzen baitituzte. Ordutegirik arraroenetan jartzen dizkigute, baina gauden bezala gaudelarik, eguneko ordu guztiak egiten zaizkigu arraro, guztiak normal.
Bestela ere, ETB nahieran aukeran daukagu beti; nahiko erraz topa daiteke nahi dugu telebista on-line horretan.
Atzo goiz partean, urrutira gabe, ETB2n, 1940-1945 epean gertatutako bi kapitulu zein baino zein jakingarriagoak eskaini zizkiguten: Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak eta segidan Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa 1945-2015. Baleuko ekoiztetxeak egindakoak biak ere.
Lehenbizikoa, Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba eta Tere Verdes, lau emakume ekintzaileen isileko ibiliak kontatzen ditu. Laukotea 36ko gerra bukatu ondorengo urteetan klandestinitatean funtzionatu zuen euskal sarearen zutabea izan zen.
Dokumentalean azaltzen denez, isilpeko sare horrek presoak eta horien senideak artatu, atxiloketak eragotzi eta frankismoak jazarritakoei mugaz bestaldera pasatzen laguntzeaz gain, lau emakume horiek nola lagundu zien erbestean zeuden euskal erresistentziako buruzagiei.
Emakume haien trebezia eta konpromisu pertsonalaren oroimenaz mintzatzerakoan, Txema Montero abokatuak zera dio dokumentalean: “Lau emakume horiena Frantzian gertatu izan balitz, erresistentziaren panteoian lirateke”. Jose Antonio Urbiola sareko kide baten semeak, berriz, “erresistentziaren historia ez da kontatu. Ezta kontatu gizonena, eta zoritxarrez, askoz gutxiago emakumeena”.
Hain zuzen, lau emakumeetatik Tere Verdes 1959an Bilbon hil zen. Beste hiruek frankismoaren aro beltza gainditu zuten eta Eugenio Ibartzabali elkarrizketa eskaini zioten 1978an, Herri Irratian emititzeko gero. Agi denez, beste inongo arretarik eragin gabe, eta gutxiago aitormen publikorik jaso gabe joan ziren mundu honetatik. Amnesia eta isiltasuna ezarri zen goiko instantzia ofizialetatik, erresistentzia antifrankismoaren inguruan Francoz geroztik. Trantsizioan demokrazia eredu jakin hau diseinatu zutenei eta operazio horretan konplize izan zirenei eskatu beharko erantzukizunak...
Emakume horien historia eta oroimena 40. hamarkadan bezain klandestino izaten jarraitu zuen kasik, Franco hil ostean etorri zen demokrazian. Horiek hil eta urtetara, 2018an maiatzean hain zuzen, sare klandestinoaren arduraduna zen Luis Alavaren fusilamenduaren 75. urteurreneko gogorapen ekitaldian hartu ziren gogoan.
Gazteizko ekitaldiarekin bat eginez, Josu Chueca historialariak zuzendutako Alava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936.1947) erakusketa eta aipatu dokumentala estreinatu ziren, laukotea protagonista bilakatuz.
Alava sareari buruzko dokumentala amaiturik, segidan, 2015en atondutako Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa 1945-2015 eskaini ziguten ETB2n.
1945ean, Frantzian askatasunaren alde eta ejertzito naziaren aurka borroka egin zuten ehundik gora euskal gudarien istorio jakingarria, alegia. Nola antolatu ziren Atlantikoko kostaldean, Montaliveten (Point de Grave), bunkerretan gotortuta zeuden lau mila aleman nazioei aurre egiteko. Kepa Ordoki komandantearen agindutara jarri, eta nola prestatu ziren militarki eta psikologikoki alemanak akabatzeko, edo eta, alemanen eskuetan hiltzeko.
Etxetik urruti, erbestera joan ziren euskaldun haien ibiliak, balentria, heroizitatea, aliatuenganako itxaropena eta ondorengo atsekabea…
Dokumentalarekin batera, urte bereko apirilean, omenaldi ekitaldia antolatu zuten Akitania eta Euskadiko erakundeek, hango Vendays-Montalivet herrian.
Unitate militar hura osatu zuten gudarietatik 2015 urtera bizirik iritsi ziren Joxe Ramon Aranberria eta Paco Perezek soilik eduki zuten pribilegio edo zoria, gizartearen esker ona eta aitortza sinbolikoa jasotzeko. Eurek soilik eman ahal izan zuten lekukotza pertsonala, ekitaldian zein dokumentalean.
Zer pentsatua ere ematen du, 78ko erregimena gogo onez ala txarrez legitimatu zuten arduradun politikoak, egun, lehen lerroetan agertzeak, omenaldi publikoetan ez ezik baita ikus-entzunezkoetan.
Monarkiaren legimititate falta
Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu ohiak Ctxt agerkari digitalean martxoaren 22an argitaratu zuen El virus de la democracia artikuluan monarkiaren iraungitze data markatzen du. Irabazi beharreko legitimitate demokratikoaren kontzeptua darabil horretarako. Hots, Espainiako borboiek ez duenez legitimitatea irabazteko ahaleginik egin, bere agintaldia gainbehera doala iragartzera animatzen da. Errepublikan sistema demokratikoan sinesten duen herritar orori, itxaropenak pizteko moduko predikzio edo profezia Pallinena, inondik inora.
Dioenez, une honetan osasun krisialdiari aurre egiteak duela lehentasuna, horretara bideratu behar dira ahalegin zientifiko, ekonomiko eta politikoak, herritarren sakrifizioarekin bat eginda, eta ondoren heldu beharko zaio monarkiaren auziari, gainbehera doan instituzio hori eszenategi publikotik desagerrarazteko asmoz. Berak segurutzat jotzen du Estatu espainiarreko gizartea sendotuta eta daukan ahalmen eraldatzaileaz eta duintasun demokratikoaz kontzienteago irtengo dela krisitik, eta orduan iritxiko dela tenore egokia monarkiari kontuak eskatzeko.
Historian atzera eginda, Pallinek gogorarazten du Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetatik sei direla monarkia parlamentarioak: Belgika, Espainia, Danimarka, Suedia, Herbehereak eta Luxenburgo. Azken lauek, II. Munduko Gerran irabazi zuten legitimitate demokratikoa, naziei biziki eginez aurre. Belgikari dagokionez, nazien konplize izateaz salatu zuten bertako errege Leopoldo IIIa, eta herrialde hartan 1950ean erreferenduma antolatu zuten; gutxiagatik, baina monarkiak irabazi zuen.
Diktadurak ezarritako "Mugimendu Nazionalaren Funtsezko Legedia"n du oinarria Espainiako koroak, Francok izendatu baitzuen bere ordezko. Diktadorea zendu eta handik bi egunera, 1975eko azaroaren 22an, Juan Carlosek estatu jefatura hartzeko eman zuen arrazoia dakar gogora Pallinek: “En virtud de los títulos que me confiere la tradición histórica, las Leyes Fundamentales del Reino y el mandato legítimo de los españoles”.
Ordutik, monarkiak eduki du denbora soberan Francori eta ordezkatzne zuen guztiari uko egiteko eta bere agintaritza legitimatzeko Palliren iritziz, baina ez du halakorik egin. Aitzitik, hiru urteren buruan, 1981ean, “kolpe palaziegoa” tramatu zuen beste zenbait militarrekin, kolpe militar klasikoa, Armada generala buru izango zuen "nazio salbazioaren gobernuaren" antzeko zerbait osatzeko, eta horrekin, Konstituzioaren babesa edukiz protagonismo politikoa irabazteko asmoz. Sozialistak boterera helduta, Juan Carlosek aukera historikoa eduki zuen errektifikatzeko Pallinek dioenez, baina koroaren aulki pribilegiatuan egonkortu, eta dirutza pilatzera dedikatu zen, bere panegiristek eta kortesanoek beti eskaini izan dioten ezinbesteko laguntzaz.
Aldi berean, Pallinek artikuluan erregearen inmunitate eta inpunitateari eusten jarraitzen duten alderdi politikoak (PSOE, PP, Vox, C´s) kritikatzen ditu gogor, kontraesanean dagoelako Juan Carlos berak, 2011n, argitara eman ziren Iñaki Urdangarin suiaren lapurretek bultzatuta egin zuen diskurtsoan adierazi zuenarekin; alegia, legeen aurrean Estatu espainiarreko biztanle guztiak berdinak direla, eta gardentasunez, zintzotasunez eta eredugarritasunez behar dela jokatu.
Portzierto, politikoen adierazpenen hemerotekari astindu ederra ematen dion Maldita.es agerkari digitalak errepaso egin digu, borboien aitak zenbat alditan erabili izan duen legeen aurrean denok berdinduta gaudenaren ideia berbera.
Juan Carlos, homizida
Juan Carlosen biografiak atal ilun ugari ditu; egunen batean dokumentu sekretuak desklasifikatuz gero argituko zaigun 1981eko otsailaren 23ko kolpea bat besterik ez da.
Anaiarekin edukitako afera da horietako bat. Joan den martxoaren 29an, 64 urte bete ziren 18 urte zituen Juan Carlos Borboikoak 14 urteko Alfonso anaia hil zuela, tiroa buruan emanda aurrez aurre. Politikan, kazetaritzan, botere ekonomikoetan… beti eduki izan dituen panegiriko eta kortesanoek ezkutatu izan digute kapitulu hori, bai frankismoan eta baita demokrazian ere. Umeen arteko nahigabea, istripua izan zela esanez estali eta artxibatu nahi izan dute 1956ko Ostegun Santuko gertaera hura, beti.
Juan Carlos bera da gertakizunetik bizi den testigu bakarra egun, eta konjetura eta kabalak egin daitezke. Bide hori urratzen hasita, badira gertakizuna ikertzen saiatu direnak. Esate batera, Amadeo Martinez Ingles koronel ohia, EITBko Juan Carlos Etxeberria kazetariak ETB2ko 60 minutos saioan 2013ko apirilean elkarrizketatu zuena. Injurias al rey izeneko erreportaje hura osorik ikusi liteke youtuben.
Monarkiaren inguruan zabaldutako zentsurari aurre egiteko lau liburu eta makina bat artikulu idatzi dituen Martinez Inglesek urteak egin ditu gertakizuna ikertzen, eta berak adierazi zuenez orduan, ez zaio batere sinesgarria egiten akademia militarrean dabilen 18 urteko militar profesional batek halakorik ustekabean egitea. “Badakit zer den akademiako militarra izatea, eta 18 urterekin jada trebea zara klase guztietako armak erabiltzeko orduan. Militar profesional bati tiroak ez dio ihes egiten horren erraz. Berak erabili zituen pistolek hiru seguru baititu, eta hirurak kendu behar dira tiro egiteko… Egin zuena, gutxienez, zuhurtziagabekeriazko homizidioa da, eta hori delitua da. Inongo epailerik ez du ikerketarik agindu inoiz”.
Estatu espainiar osoan egundoko oihartzuna lortu zuen Etxeberria kazetariak aurkeztu zuen erreportaje hark. Gizartea ez baitzegoen ohituta monarkiaren inguruko zentsura hizpide zuen informazioa jasotzera, hainbat politiko, kazetari eta idazleren testigantzen eskutik. Tartean, Iñaki Errazkin kazetaria aritu zen, Hasta la coronilla. Autopsia de los borbones eta Juan Carlos, un rey con antecedentes, gaian sakontzeko egokiak diren bi libururen egilea. Batik bat bigarren liburuan, borboindarren biografiako atal gutxi uzten ditu larrutu gabe:
“(…) Deslealtades, traiciones, relaciones adúlteras, violencia doméstica, responsabilidades paternas incumplidas, muertes, negocios turbios, comisiones ilegales, expolios, amistades indeseables y conspiraciones transitan por las páginas de este minucioso trabajo periodístico que deja al descubierto todo un universo de corrupción real y de podredumbre política”.
Monarkia auzitan jarriaz Espainiako telebista publiko zein pribatuetan egin diren telebistetan egin diren erreportaje bakan-bakalabanak aipatzne hasita, nolaz ez, ezin aipa gabe utzi 2018ko urrian Eider Hurtadok ETB2n egin zuen Monarquía un negocio rentable izenburuko erreportajea, 360 grados saioan.
Galdera ugari erantzun nahi izan zituen erreportajeak: Juan Carlosen inpunitatea eta bere uzteko negozioak semeari pasa al zaizkio? Noraino iristen da Espainiako Erret Etxearen fortuna? Paradisu fiskaletan al daukate dirutza? Monarkia negozio familiarra al da? Felipe VI Espainiako azken erregea izango al da?...
Azken galdera horri erantzun asmotan Rufianek adierazi zuena (“Espainiako errepublika zaleek daukaten itxaropen bakarra, Letizia eta Froilan dira”) ateraldi ironiko gisa balia dezake, baina serio esandakoa bada, kezkagarria da marrazten zaigun panorama.
Oraingoz, familia monarkikoari osasun krisiak eragin dion kalterik handiena Aste Santuko oporrak Mallorcan ezin pasatzea izan da, tradizioz duen eran. Francoren gobernuak 1939an sortu zuen EFE albiste agentziak (F berdin Franco, Falange…) albiste horixe gogora arazi zigun apirilaren 11n.
Monarkek egin behar izan duten sakrifizio itzelaren zein horixe albiste bilakatu duen kazetaritzaren bizkar, ironia fina bezainbat zakarra erabili dute sareetan askok
Monarkek egunero daramaten bizimodu nekagarria bezain miresgarria goratzeko asmoz, Vanity Fair aldizkariak 2019ko urtarrilean airatu zuen galdera (¿Qué hace Felipe para lucir tan joven con 51 años?) ere berreskuratu zuen Fonsi Loainza txiolariak apirilaren 12an. Erantzun andana jaso zuen, zein baino zein sarkastikoagoa.
Monarkiaren instituzioa anakronikoa, zaharkitua eta antidemokratikoa dela iruditzen zaion eta errefendum aske batean iritzia ematea ukatzen zaion gizarte sektoreak daukan kontsolamendua da horixe.