Etxealdia edo konfinamendua iristear zela jakinda, irakurleei eskaintzeko eduki berrien bila hasi zen aldizkariko lantaldea. Ideia zurrunbilo hartan, Olatz Lasa eta Mikel Arberas kazetariek bertsoari bere tartea ematea proposatu zuten: “Gure eskualdean arrakasta handia izaten dute bertsoek. Gure kulturaren parte garrantzitsua dira, eta etxealdia arintzeko egokiak izan zitezkeela pentsatu genuen”, azaldu du Olatzek. “Aurrez, Andoaingo Punttuka bertso eskolak martxan izan zuen bertso-katea. Bide polita egin zuen ekimen hark, eta guk ere antzeko zerbait egin genezakeela iruditzen zitzaigun”, gaineratu du Mikel Arberasek. Ekimenari forma emateko, Unai Ormaetxea andoaindarrarekin jarri ziren harremanetan. Hark bota zuen lehen bertsoa. Ion Beloki herrikideari eta Unai Mendizabal zizurkildarrari bota zien puntua, eta hortxe hasi zen ehuntzen bertso-sare erraldoia.
BertsoVid19
BertsoVid19, izen horrekin zabaldu da bertso-katea. Twitter sarearen bidez zabaldu da eta 1.000 bertsotik gora bildu ditu ekimenak; bertsotarako gogoa, sena eta umorea badagoela erakutsiz. Olatz Lasak azaldu duenez, “ekimena martxan jarri zenetik, ez du etenik izan bertso-jarioak. Egunero-egunero jaso ditugu bideoak eta oso egun oparoak ere izan ditugu tartean. Ehun bertsotik gora jaso genituen bi egunetan”.
Eskualdeaz harago
Eskualdeko txoko guztietara zabaldu da bertsoaren birusa, eta baita eskualdeaz harago ere. “Euskal Herri guztitik iritsi dira bertsoak eta baita Bartzelona, Madril eta beste toki askotatik ere”, azaldu du Mikel Arberasek. Olatzek gaineratu duenez, atzerritik ere iritsi dira bertsoak. “Nekane Txapartegik Suitzatik bidali zigun bere alea, Arantxi Padillak Kolonbiatik, El Salvadorretik ere iritsi zaigu bertso bat, baita Zeelanda Berritik ere”. Kasu deigarri baten berri ere eman du Mikelek. “Dylan izeneko gazte ingelesak bertsoa bidali digu, oso euskara txukunean”.
Aiurriko lantaldeari poz handia ekarri dio egunotan BertsoVid ekimenak. “Aiurriren izena zabaltzen lagundu du, jendeak oso pozik parte hartu du. Askoren eskertza jasotzen ari gara eta ikaragarri gustura gaude. Euskal kulturaren oinarrietakoa den bertsoa zabaltzen lagundu dugula sentitu dugu”, azpimarratu du Mikelek. "Ekimena martxan jarritakoan, ez genuen espero hainbesteko arrakasta izango zuenik, eta ikaragarri pozgarria izan da”, azaldu dute bi gazteek.
Apirilaren 12an webgunean eta sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, bertso-kateari amaiera emateko asmoren berri eman zuen Aiurrik. Bide ikaragarria egin du ekimenak, jendearen parte-hartzeari esker. Lerro hauetatik, eskerrik asko guztioi!
Erreportaje osoa, apirilaren 16an eta 17an harpidedunen artean banatu den Aiurri hamaboskarian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
-
Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
-
Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.