Negua joan da... etorri gabe!

Andoni Urbistondo 2022ko mar. 12a, 09:00

Negu berezia izan da bukatu berri dena; euria egun gutxitan bota du, baina bota duen egunetan asko, eta elurra, apenas, Adarramendi behin bakarrik zuritu baitu; izotz egun asko izan ziren urtarrilean, baina tenperatura altuenen marka historikoak ere gainditu ziren.

‘Negua joan da ta’ abesten du Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak. Meteorologian, edo klimatikoki, negua abenduak, urtarrilak eta otsailak osatzen dute. Negua, beraz, joan da, baina ze negu izan dugu. Edo negurik izan al dugu?

Datuei erreparatu,z defini genezake negua nolakoa izan den, eta ondorioa garbia da: berezia izan da, oso berezia. Hainbat arrazoirengatik. Arreta ematen duen lehena, nahiko eguzkitsua izan dela, ekia ohi baino egun gehiagotan izan da agintari gurean. Antizikloia gustura pausatu da gure gainean, edo Europa erdian, eta horrek eguzkia eta hego haize epela ekarri ditu gurera. Epeltasuna, egunez, gauak luzeak baitira ilbeltzean. Urteko hilabete hotzenaren datua deigarria da: 14 izotz egun izan ziren urtarrilean Andoainen, 10 Urnietan. Asko, negu osoan 15-18 izotz egun izaten baitira Beterri eskualdean batez beste.
Eguzkitsua bai, baina lehorra ez. Eta kasu honetan ere, negua berezia izan da. Euri asko egin baitu, baina egun gutxitan. Negua hasi eta berehala, abenduko lehen 10 egunetan euri jasa handiak bota zituen Euskal Herrian, eta, bereziki Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. 284 litro neurtu ziren Andoainen, hilabete oso batean baino gehiago, eta 74 egun bakarrean. Pauta bera errepikatu zen urtarrilean: sei euri egun baino ez, baina 178 litro denera. Eta, urtarrilaren 9an, abenduko egun berean, sekulako zaparrada: 79 litro egun bakarrean. Otsailean hautsi da kate hori, hilabete lehorra izan delako. 64 litro baino ez, eta epel samarra. Izotz egun bakarra izan da Andoainen otsaila guztian.

Eta elurra, zer?

Ba ikusi ere ez, ia-ia. Eta ikusi dugunean, oso eskasa. Adarramendi neurgailu modura erabilita, datua oso deigarria da. Egun bakarrean zuritu du Andoain eta Urnietako herritarren mendi kuttunean, eta egin zuenean ere, hutsaren hurrengoa. Abenduaren 8an bakarrik zuritu zuen, baina apenas zentimetro pare bat, eta 750 metrotik goiti. Egun bakarrean joan zen, eta ez da berriro bueltatu gaurdaino. Hernion ere ez du askoz egun gehiagotan zuritu, bospasei egun, baina 1.072 metro dituela aintzat hartuta, oso zenbaki txikia da. Agerkari honetan erreportajea argitaratu zen ez aspaldi, urte batzuk atzera Adarramendi neguan traje zuriz 45 egunez jantzi zela kontatuz. Eta zer diote Beterri eskualdean ditugun bi meteo friki ezagunenenek, Jonathan Lopez urnietarrak eta Imanol Fernandez andoaindarrak? 2022ko lehen eguneko tenperatura beroenak eman dio arreta gehien Fernandezi: “24 gradu neurtu ziren, udako egun askotan izaten ez dugun tenperatura altua”. Lopez urnietarrak negua “normaltzat” jotzen du, “bere berezitasunekin. Hasiera batean, lehorra izan dela pentsa genezake, baina kopuruak ez dira apalak izan. Egun gutxitan euri asko egin duela gertatu da”. Ildo beretik, Fernandezek aurreko urteetako datuak ekarri ditu gogora: “2002ko urtarrilean, 35 litro neurtu ziren, 2011n, 41 litro. 2015eko abenduan, 17 litro, eta, 2016an, 24 litro baino ez”. 
Urtarrilean Andoainen 14 izotz egun izan ziren, eta Urnietan 10. Asko ote dira? “Dezente dira”, dio Fernandezek, “baina askoz negu hotzagoak izan ditugu gurean. 2017ko neguan, Leitzarango kanala izoztu egin zen, eta herriko zenbait iturri ere bai. Bukatu berri den neguan tenperatura hotzena -2 gradukoa izan da, ez da hotz ikaragarria”. Lopezentzat izotz egunek batez besteko tenperatura apaldu zuten urtarrilean: “Egun epel asko izan genituen, baina egoera antiziklonikoarekin, hotza ere egun askotan izan genuen. Horri esker hilabetea normala izan da tenperaturari dagokionez”.

Udaberria nolakoa izango den, edo hurrengo negua? Batek daki. Euskal Herrian ilbeltzean edo otsailean egiten ez duen hotza eta elurteak egiten ditu sarri martxoan eta apirilean, eta akaso iparreko erauntsiren bat etorriko da oraindik. Bestelakoan, Palentzia iparraldeko artzainek esaten zutenari kasu egin: “Al tiempu hay ke dejarlu, no puedes cambiarlu”. Gaztelaniaz izanda ere, ulertzen da mezua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!