Jesus Uzkudun omenduko dute Hernanin, bere “ibilbide luze eta emankorra” eskertzeko

Xabier Lasa 2023ko mar. 25a, 08:00

Hernaniko herritar talde batek antolatuta, Jesus Uzkudun ekintzaileari esker oneko omena eskainiko diote astearte arratsaldean, Biterin. Azken urtetan burubelarri dabil lantokietan amiantoak kaltetutako langileen eskubideen alde. Defendatu dituen pertsona horietako asko, eskualdekoak (Hernani, Urnieta edo Andoaingoak) dira.

Hona talde antolatzaileak zabaldu duen oharra:

“Jesus Uzkudun: aitortza ibilbide luze eta emankor bati.

Hernaniko bizilagun talde baten ekimenez, gizarte-ekintzaile gisa hainbat ekimenetan murgilduta jarraitzen duena eta giza osasunerako eskubidearen alde urteetan egindako lanagatik, aitortza ekimen bat antolatu dugu Jesus Uzkudunen ibilbide emankorra azaltzeko asmoz, datorren martxoaren 28an Biteriko Areto nagusian arratsaldeko 18:45ean.

Umetatik hasi zen baserriko lanetan, eta une honetan jubilatuta bainan erretiratuta ez dagoen gure Jesus lagunari. Berak esaten duen bezala, “mingarriak diren gaiak ez baitira amaitu; zoritxarrez, hor jarraitzen dute kalte haundia egiten”.

Azkenik, antolatzaileek, Uzkunduni egin nahi zaion aitortzarekin bat egiten duen edonor Biteriko ekitaldira azaltzera gonbidatu dute.

 

Felipe Diez urnietarra eta Jose Manuel Martin andoaindarra

Amiantoarekin lan egin ostean minbizia harrapatu duten eskualdeko langile ugariren eskubideak defendatu ditu Uzkudunek Asviamie elkartearekin batera azken urtetan, eta horretan segitzen du, esan bezala. Horietakki bat izan zen Felipe Diez urnietarra. Haren bi alabekin eta Jesus Uzkudunekin 2020ko urrian egindako erreportajea, irakurgai dago sarean.

Langileei eragindako kalteak onartu nahi ez dituzten enpresei egiten die aurre epaitegietan. 2021eko uztailean, esate baterako, amiantoak hildako Jose Manuel Martin andoaindarraren kasua epaitu zuten Donostiako epaitegian, eta bertan izan ziren Asviamie elkarteko kideak; tartean zen Uzkudun guztien bozemaile gisa.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!