Jesus Uzkudun ekintzaileak herrikideen esker ona jaso zuen

Xabier Lasa 2023ko mar. 29a, 10:27

Hernaniko herritarrek Jesus Uzkudun ekintzaileari esker ona adierazi zioten, Biteri Kultur etxean atzo egindako ekitaldian. Makina bat kausatan, eta batik bat, sindikalgintzan erakutsi duen eta erakusten segitzen duen eskuzabaltasunagatik egin zioten aitortza. Besteak beste, burkideek hitza hartu zuten bere ibilbidea goraipatzeko, eta Goiz Eguzki abesbatzak, zenbait abeslarik eta Laburu eta Agirrek bertsolariek parte hartu zuten. Ekitaldi hunkigarriko zenbait une, argazki-bildumaren eta lau bideoen eskutik:

Ekitaldian aurkezleek azaldu zuten bezala, Jesus Uzkudun Illarramendi (Hernani, 1949) hamarkadetan makina bat kausetan ibilitakoa da (sindikalismoa, presoen eskubideak, arazo nazionala, euskara…), eta nahiz eta lan erretiroa hartuta egon, injustiziei aurre egiten segitzen duen pertsona da. Bere hitzetan, “etorkizuna aldatzeko esperantza ez baita inoiz galdu behar”.

 

Langileen osasunaren aldeko ekintzailea

Sindikalgintzan egindako lanagatik da ezaguna batez ere Uzkudun, 1969an CCOO sindikatuan afiliatu zenetik. Azken urtetan, langileen osasuna defendatzetik jo du bere ekintza sindikalak, Biteriko ekitaldian azpimarratu zutenez. “Lan istripuak eta lanetik sortzen diren gaixotasunari begira mugitu ditu bazterrak, beti ere gaixotasunak (amiantoa, minbizia, gorreria, asma, silikosia…) harrapatu dituen langileen mesedetan. Bazekielako borrokaren bidez, langileak aitortuko zaizkiola bere eskubideak. Eta ez bazen borrokatzen, ezer gabe geldituko zela. Beraz merezi duela borroka egitea”

Uzkudunek osasungintzan egindako bidea hartu zuten ahotan Biteriko ekitaldian: “Milaka kasu aztertu ditu, eta horrek emaitzak ekarri ditu. Berak esan izan duen bezala, “Pankartak ondo daude, baina langile bakoitzaren gaixotasun kasua gestionatzea, hori da inportanteena!”. Defendatu bakarrik ez, askotan gertatzen diren neurri egoki gabeziak salatu ditu behin eta berriz, baita enpresa eta instituzioen isiltasuna ere. Hauek askotan beste aldera begiratzen dutelako. Osakidetza ere salatu izan du maiz”.

Adierazi zutenez, Uzkudun beti adi-adi egon da kaltetuetako langile bakoitzaren prozesu zertan zen jakiteko, “eta zer esanik ez, epaiketetan erabakitzen zenari ere behar bezalako jarraipena egiten ibili da, eguna joan eta eguna etorri. Gaixo erori diren langile askori galdetuz gero, zuri nork lagundu dizu espedientea eramaten? Uzkudunek, erantzun dizu. Hernaniko askorengandik hasi eta beste herrietako langileetaraino”.

 

Langileen osasunaren alde, etorkizunean ere

Jesus Uzkuduni berari hitz hartzeko eskatu zioten ekitaldian, eta hona egin zuen mintzaldiaren pasarte bat:

“Zoriontsu sentitzeko momentua da, baina aurreneko gauza eskertu nahi nieke antolatzaileei, hainbesteko aniztasuna biltzen egin duten lanagatik.

Batzuk militantzia aipatuta, sakrifizioa eta sufrimendua izaten dute gogoan. Baina nik gehiago identifikatzen dut gozatzearekin. Jakina, ez dut ukatuko ez naizela haserretu askotan. Baina, aizue, gaur bertan, lantokian gaixotutako bi langileen bi espedienteak aztertzea egokitu zait, eta ikusi dut onartu dituztela. Horrek kristoren poza ematen dit! Niretzako hori da aktibismo soziala, eta gaur egun sekula baino gehiago behar dugu aktibismo mota hori. Aktibismo soziala eta anitza. Denok dauzkagu modu bateko edo besteko zauriak, baina elkartu eta aurrera egiteko ahalmena behar dugu eduki.

Gaur egun dauzkagun erronkekin, klima aldaketa dela, bioaniztasuna dela… Gizartearen osasuna izorratzen ari dira! Europako erakundeek ja ezin dute ukatu: 91 mila hiltzen ditu amiantoak Europan, urtero. Non dago horrelako gerra  bat? Eta bien bitartean, hemen badaude zenbait instituzio tematuta arazo larri hori estaltzeko. Hortik aztarrika ibiltzea eta arazoa azaleratzea da gure eginbeharra. Baina kontuz! Ez bakarrik eduki begiak amiantoarekin. Horrek ez dezala ezkutatu beste hainbat minbizia-eragile; lan munduan batez ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!