Zizurkilen 20 baserri erre zituztela 1873ko Belabietako batailaren testuinguruan, jakin berri dute

Aiurri 2024ko ots. 6a, 16:45

Giza sarraskia eragin zuen 1873ko Belabietako Bataila sonatuari dagokionez, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek artxiboetan ikerketekin segitzen dute, eta oraindik orain Karlos Almorza Arrietak azaldu duenez, jakin ahal izan dute, besteak beste, liberalen tropek Zizurkilen 20 baserri zituztela. Hona ikerlariak igorri digun txostena:

Belabietako batailaren beste eremu geografikoak

Bigarren Karlistaldian (Euskal Herritik kanpora sarritan Hirugarren Karlistaldia deitua) eman zen Belabietako bataila, aurrez-aurreko nagusia Amasan izan zuena. Amasa-Villabonako Udalak eskatuta Belabietako bataila aztertzen ia lau urte daramagu Aranzadi Zientzia Elkarteko kideok.

Bigarren Karlistaldia 1872tik 1876ra Hego Euskal Herrian eta Espainian gertatutako guda izan zen. Alde batetik, Espainiako koroa aldarrikatzen zuen Karlos VII.a izena hartuta eta haren jarraitzaileak zeuden eta, bestetik, Amadeo I.a, Espainiako Lehen Errepublika eta Alfontso XII.aren gobernuaren alde zeudenak.

1873an karlisten indarrek hartua zuten Gipuzkoaren zatirik handiena. Tolosa, ordea, liberalen eskuetan zegoen eta hiria setiatzea proposatu zion Lizarraga jeneralak, orduko errege-gai karlista Carlos VII.ari. Urte hartako irailaren 16an inguratu zuten Tolosa. Komunikazio guztiak etenda, elikagaiak eskuratzeko modurik gabe, liberalek amore eman zezaten bilatzen zuten karlistek. Tolosa ongi inguratuta zeukaten karlistek, baina beraien asmoa ez zen hiria hondatzea edo zuzenean erasotzea. Bizigaiak faltan sumatzen zituztenean liberalak errenditzea espero zuten.

Ondoren etorri zena Gipuzkoako Bataila izenarekin ere ezagutu izan da. Belabietako Batailan Amasa eta inguruetan 14.000 pertsona egon ziren borrokan, eta egun bakarrean, 600 baja izan ziren, hildakoen eta zaurituen artean.

Arretaz irakurri dugu garai hartako prentsa karlistak bataila honi buruz esandakoa. Hona hemen El Cuartel Real-ek zioena 1873ko abenduaren 17an.

Bagenekien, baita ere, egun hartan baserri batzuk erre zituztela. Amasan Amasa-Echeverri baserria erre zenaren agiria dugu.

Ez genuena inolaz ere espero, Gipuzkoako Artxibo Orokorrean aurkitutako hurrengo agiriak argi dioen bezala, bataila egunean, Zizurkilen errepublikanoek beste 20 baserri erre izana. Erretako baserri hauen zerrenda dugu.

Dokumentuak garbi adierazten du "el 9 de diciembre último fueron incendiadas por los republicanos las veinte casas que en la misma se expresan… Segun se desprende de la indicada relación una quinta parte de los edificios de esta villa se halla incendiada y los que en ellas habitan arruinados…".

Beraz, Espainiako Lehen errepublika garaian gertatu ziren Zizurkilgo baserri erreketak. Horregatik dio dokumentuak egileak errepublikarrak izan zirela.

Bestalde, Berastegiko Udal Artxiboko beste agiri honek adierazten du Lizarraga jeneral karlista Asteasun zegoela Belabietako Bataila baino 11 egun lehenago, Santa Cruzen gizonei buruz egindako deklarazio honetan. Santa Cruz bere gizonekin Lizarraga jeneralaren bila etorri zen Asteasu-Zizurkilera kontu eske. 

Ekintzaren testuinguruan Oria ibaia zeharkatzen zituzten zubi batzuk txikitu zituzten (Andoaingo Azelain, Aduna…). Gauzak horrela, azterketa inguruko beste herri batzuetara zabaltzea erabaki dugu.

Hasteko, ikusiko dugu zer motatako agiriak aurkitzen ditugun, eta emaitzak onak badira, Tolosaldera eta Nafarroako herri batzuetara zabaltzea proposatuko dugu Belabietako Batailaren ikerketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!