Mendietako gurutzeak euskal kulturaren eta ohituren adierazletzat jotzen dituzte, eta horiek zaintzeko neurriak eskatzen dituzte bi ebazpenen eskutik.
Jaurlaritzari gurutzeak aztertu eta babesteko eskaera
2024ko azaroaren 22an onartu zuten lehenbiziko ebazpena, “Euskal Herriko mendietan dauden gurutzeen ondare-babesik ezari” buruzkoa. Bi puntuk osatzen dute ebazpena, eta horiekin eskaera bana egiten diote Eusko Jaurlaritzari. Lehenbizikoan, eskatzen diote “azter ditzala gure mendietako gailurretako gurutzeen osotasun materiala eta esanahia babesteko aukerak, eta har ditzala euskal kultura eta haren ohiturak zaintzeko beharrezkoak diren erabakiak”.
Bigarren puntuan, berriz, eskatzen diote “hiru lurralde historikoetako mendietako gailurretako gurutzeen eta gainerako elementuen egoerari buruzko azterlan bat egin dezala kultura-ondarearen ikuspegitik, haien kontserbazio- egoeraren inbentarioa eta katalogoa egiteko, euskal kulturan hain esanguratsuak diren elementu horien osotasuna eta horien inguruko ohiturak zaintzen laguntzeko”.
Udalatxeko gurutzearen alde
Abenduaren 12an onartu zuten mendi-gailurretako gurutzeen aldeko bigarren ebazpena. Zehazki, Arrasaten, Udalatx mendi gainean, joan den urriaren 12an kendu zuten gurutzea hartu zuen jomugan ebazpenak.
Gogoratu behar da Arrasateko Udalatx mendi gailurreko gurutzea, 1971eko egun berean ipini zutela, hildako mendizaleen omenez.
Laburki esanda, Batzar Nagusietan onartutako ebazpenaren bitartez, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek eraispena gaitzetsi, eta berrezartzea eskatu zioten Arrasateko Udalari.
Hiru puntuek osatzen dute ebazpena. Lehenbizikoan, Batzar Nagusiek “irmo gaitzesten dute hildako mendizaleen oroitzapenez eta arrasatear askoren laguntza eta dohainezko lanarekin 1971ko urriaren 2an Udalatx mendian jarri zuten gurutzea moztu eta desagerrarazi izana, eta Arrasateko herrian bakea urratu duen ekintza hori onartezina dela argi uzteko eskatzen diote Arrasateko Udalari”.
Bigarrengoaren bitartez, Batzar Nagusiek erakunde desberdinei eta batez ere Arrasateko udalari bi eskaera egoten diete: batetik, “herritik sortutako ondare eta adierazpen historikoak, herriaren kulturaren parte eta oroitzapen bizia direnak, babesteko eta zaintzeko”, eta bestetik, “aurre egiteko pentsamolde totalitarioen ezpaleko jokaerei eta defenditzeko askatasun eskubideak”.
Hirugarrenik, eta azkenik, Arrasateko Udalari dei egiten diote azken 53 urtetan Udalatxen gurutzea egondako lekuan, “beste gurutze bat, hasierakoan zeuden bertsoak eta guzti, jartzeko beharrezko izapidetze eta gestioen lidergoa” hartzeko, eta aldi berean, “ekintza bandaliko horren egileak bilatzeko ikerketak bultzatzeko eta gurutzea erauzi dutenei kaltea ordainarazteko”.
Gipuzkoan mendi puntetako bi gurutze eraitsi dituzte azken urtetan, Buruntzan (Andoain) eta Udalatxen (Arrasate). Batzar Nagusiek bigarrengoaren aldeko ebazpen zuzena egin dute, ez horrela aurrenekoaren alde.
Buruntzako gurutzea, 2021ean eraitsia
Hiru urte bete dira egunotan, Ernai erakundeko gazteek Buruntzako gurutzea eraitsi zutenetik. Hamar metroko gurutzea Andoaingo Falangeak Udalaren laguntzarekin zutitua zuen, 1939ko abuztuan.
Andoaingo Udalak, EAJk eta PSE-k osatutako Udal gobernuak, gaitzetsi egin zuen erasoa.
Hurrengo egunetan, Andoainen frankismoak zapaldutako biktimen alde jarduten duen Oroituz, Andoainen memoria taldeak oharra plazaratu zuen, gogoraraziz, Buruntzaldeko bailaran, 1936tik aurrera hilketak eta sufrimendua eragin eta diktadura ezarri zutenen aldeko ikurra zela hura, eta halako elementuek euskal gizartean soberan daudela gaineratu zuen.
Aldi berean, Lasarte-Oriako Udaleko PSE-EE, EAJ-PNV eta ELOP alderdiek eta Islada Ezkutatuak memoria-taldeak ohar bana kaleratu zuten. Alderdiek gaitzespenenezko adierazpena zabaldu zuten, Andoaingo Udalaren antzeko ildotik. Oroimen taldeak, aldiz, Andoaingo memoria taldearen argudioekin egin zuen bat oro har.
2022ko urrian, Andoaingo zenbait abertzalek ikurriña zutitu zuten, lehen gurutzea egon zen toki berean.
Bestalde, 2024ko maiatzean, Oroituz, Andoainen elkarteak “Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoen” Buruntzako gurutze frankista izenburuko liburua argitaratu zuen. Liburuaren aurkezpena Buruntzara egindako bisita gidatuan egin zuten elkarteko kideek.