Hilbeila Zorroaga tanatorioan ipini dute, eta gaur, asteartearekin, 20:00ak arte egongo da irekita.
Hileta, berriz, bihar, asteazkenarekin, Donostian, Groseko San Ignazio elizan egingo dute, 18:30etik aurrera.
Euskal kultur ondarearen zaintzaile aparta
Etnografoa, antropologoa, espeleologoa... izanik, Euskal Herriko ondare historikoaren eta kulturalaren jakintzan sakontzen aritu zen hamarkadetan. EHUn irakasle gisa graduondoko klaseak emateaz gain, Aranzadi Zientzia elkartean Etnografia Saileko zuzendaria izan zen hamarkadetan (iaz arte), eta Etniker, Euskal Herriko etnografiarako ikerketa taldeko idazkaria ere bazen. 2018an, euskal kulturaren alde nabarmendu diren pertsonei urtero eman ohi dien Manuel Lekuona saria jaso zuen, Eusko Ikaskuntzaren eskutik.
Andoainen maiz, azken aldian
Burdina elkarteak gonbidatuta, Andoainera etorri izan zen zenbait txandetan, azken urtetan. Jakitun zen gaixotasun larria zeukala, eta Elkarteko kideei zera aitortu izan zien behin edo behin: alegia, ez zitzaiola denbora askorik geratzen bizitzeko, eta oraindik ere egitasmo ugari egiteke zeuzkanez, denbora hori ondo neurtu nahi zuela. Nolanahi ere, Andoainera merezi omen zuen hurbiltzeak, jakin-minak eta ikus-minak bultzatuta.
Txanka Arruti Burdina elkarteko kideak Leizaola aparteko kulturgile gisa definitu du Leizaola, "ezinbesteko erreferentzia izan da kultur ondarearen inguruan gabiltzan guztiontzat. Bere ibilbide osoa, eredugarria zaigu. Burdina elkartea jaio zenez geroztik, arrasto sakon-sakona utzi digun ikerlaria izan da, 2019ko uztailean joan zitzaigun Manu Izagirrerekin batera. Izugarri ikasi dugu bi maisu horien ondoan; iparrorratz izan dira guretzat”.
Leizaola noiz eta nola ezagutu zuten gogoan hartu du Arrutik: “Areson, Ulizar kobazuloan esku-hartzen ari ginela eduki genuen Leizaola ezagutzeko parada, eta harrezkero, behin baino gehiagotan eduki dugu tratua, Gordeleku ireki genuenetik batik bat”.
Leizaola, besteak beste, 2022ko uztailean, Burdinak antzinako tresneriarekin osatu duen Gordeleku museoan izan zen.
Bisita hartan, bere jakinduria agertu zen beste behin, izan ere, Gordelekuko tresna bakoitza ikusi orduko, hari buruzko kontakizun entzungarria (jatorria, erabilera...) di-da batean emateko kapaz zela erakutsita.
Egiazki, lau osagai preziatuen jabe zen -hiztun aparta, hitz jardun gozoa, kultur-jakintza zabala eta memoria mugagabea-, eta aisa utzi zezakeen txundituta aurrean zeukan edonor.
Bisita horietako batean, 2023ko urrian, Leizotz eta Goiburun berreskuratu dituzten karobiak ikustera hurbildu zen. Nonbait, handik gutxira, azaroan 7an, San Telmo museoan, harriz-harri egindako karobien eraikinen gaineko hitzaldia emateko asmoa zuen, eta lagungarri izan ziezaiolakoan, aparteko interesa ipini zuen Burdina taldeak azken urtetan berreskuratu dituen karobiekin.
Iraganeko eraikin horien jatorrizko egikera errespetatuz ekin izan du Burdina taldeak, eta detailea horrek ekarri arazi zuen Andoainera Leizaola.
Azken egunotan, gaixotasunaren eragin mingarria gero eta latzagoa zela-eta Leizaola ospitalean ingresatuta zegoelarik, Burdinako kideek harekin egoteko aukera eduki zuten, Arrutik gogoratu duenez. "Hunkigarria izan zen egonaldia. Jakitun zen bazihoala, baina halako trantzean egonik ere, harritu gintuen zenbateko irmotasunez eskatu zigun gure bidearekin tinko segi genezan. Guk hari baino, berak eman zizkigun animuak".
Zaharkinak egitasmoaren eskutik, Andoainen
Makina bat egitasmo bultzatu eta ikerlan argitaratu zituen euskal ondarea zaintzeko eta zabaltzeko. Gipuzkoako lanbide zaharren arloan, Gipuzkoako eskulangintza-Artesanía en Gipuzkoa (1997) lan mardula argitaratu zuen, eta batez ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailak bideratu zuen Zaharkinak izeneko egitasmoa zuzendu zuen.
Bere alaba Aitzpea Leizaola Egaña antropologoak, Etnografia bilduma bat Gipuzkoarentzat aldizkari zientifikoan 2022an gogorarazi zuen bezala, Gipuzkoako herri-ondarea berreskuratzea zuen helburu egitasmo horrek, eta herriz herri, tresna eta altzarien biltze, aztertze eta katalogatze lan ordainezina burutzen aritu zen buru-belarri Fermin Leizaola.
Hain zuzen, 1989-2004 epean, Gipuzkoako 17 herrietako herri-ondarea jorratu zuen; Andoaingoa, tartean. Andoain herri bilakatu zeneko 275. urteurrenaren ospakizunen baitan, baserriz baserri bilketa lana egin ostean, Arrate pilotalekuan, 1989ko maiatzean, Baserriko tresna zaharrak izenburuko erakusketa ikusgarri ipini zuten. 650etik gora tresna jarri zituzten ikusgai, eta egundoko arrakasta eduki zuen. Eredugarria bilakatu zen erakusketa, Gipuzkoako beste zenbait herrietan antzeko ekimenak egin zitzaten handik aurrera.
Herriko baserrietan egindako lanketa hartan, elkarlanean jardun zuten Andoaingo Udalak, La Salle ikastetxeko Karmen Rodriguez eta Juan Larrea irakasleek eta beren ikasleek, Aldundian nekazaritza saileko goi-kargua izandako Sabino Irulegik, eta, Iñaki Aguirrek. Azken horrek egitasmoarekin jarraitu zuen gero; Usurbilen, hain zuzen.
Artzaintza, aparteko ikergaia
Besteak beste, Leizaolak artzainen bizimodua aztertzeari ekin zion hainbat urtetan. Aralarko artzainekin orduak eta orduak pasatakoa da Leizaola, haien bizimodua, ohiturak, usadioak... jasotzeko ahaleginean.
Ikerkuntza lan horren emaitzetako bat izan zen Gema Arrugaeta argazkilariarekin batera 1997an argitaratu zuen Gipuzkoako artzantza-El pastoreo en Gipuzkoa liburua.
Ikerketa eta jakintza arlo horretan, dizipulu aurreratua eduki zuen Andoainen Leizaolak. Hain zuzen, lehen aipatutako Iñaki Aguirre Leiceagak Andoaingo artzain eraikinak liburua plazaratu zuen 1995eko urrian, Andoaingo Paperak bildumako 7. alea izanik hura.
Leizaola gertu eduki zuen liburura eramandako ikerketa langintza hartan, eta baita ere aurkezpen ekitaldian ere.
Andoaingo lur sailetan, artzaintzarako eraikitako borda eta txabolen gaineko informazioa (kokalekua, bertaratzeko xehetasunak, eraikinen deskribapena, egoera...) bildu zuen liburuan, Aguirrek. Arrenkura agertu zuen aurkezpen ekitaldian, hondatzen eta desagertzen ari zirelako artzain-kulturaren halako ondareak. 2011ko martxoan Aiurrik egin zion elkarrizketan, Aguirrek aitortu zuen jada ez zela borda eta txabola horietara bertaratzen, gaizki ez pasatzeagatik, “(...) 40 eta 50eko hamarkadetan-edo hasi zen bordarekiko utzikeria, industria goraka eta nekazaritza gainbehera hasi ziren unean. Egun, egoera penagarrian daude gehienak. Nahiago izaten dut haien ondotik ez igarotzea, mendian nabilenean. Ez tristetzeko, bereziki”.
30 urte igaro dira Aguirrek libururako identifikazio eta katalogazio lanak egin zituenetik, eta egoera, okerrera egin duela, nabaria da; Andoaingo mendi-sailetan barrena ibiltzea besterik ez dago.
Iñaki Aguirreri, Leizaolarekin eduki zuen harremanetik geratu zaizkion oroitzapenak azaltzeko eskatu zaio, eta euskal kulturaren zaintzarako hark egindako lan miresgarria goraipatzeaz aparte, haren nortasuneko ezaugarrietako bat nahi izan du nabarmendu: “Hilabete batzuk dira Burdina taldeak erabiltzen duen lokalean ikusi ginela. Egun horretan aipatu nuen ildotik azalduko dut beregandik ikasitako ikasgairik aberatsena: diplomaziak dituen, edo hartzen dituen, bide “exotikoak”. Bere euskara bereziak, benetan bitxia, Usurbilen, 1995ean, “Zaharkinak” erakusketa antolatzen aritu ginen bitartean Ferminen euskarak lortutako emaitzak. 60 baserri bisitatu genituen. Fidagaitzak azaltzen ziren baserritarrak, etxeko andreak gehien bat, baina gure Ferminek ulertzen erraza ez zen bere euskara bereziarekin konbentzitzen zituen: etxekoen harridura aprobetxatuz sartzen ginen. Behin baino gehiagotan baserritarrek hala zioten: “hi, hau zer ari dek esaten, ez ziot ezer ulertzen”. Ezin ukatu bere “taktika” hori nirea egin nuela. Ezin ahaztu ere, Usurbilgo jatetxe hartan sartzen genituen babarrun beltza platerkadak”.