Jendaurrean jarri dute Urumea bailarako bi zentral eolikoen proiektuetako baten eskaria

Aiurri 2026ko otsailaren 23a

Aranoko udalerritik gertu kokatzen da Ikatz Gane proiektua, nahiz Hernaniko lurretan izan

Urumean eraiki nahi dituzten bi zentral eolikoetako bat eraikitzeko egin duten eskaria jakinarazi du otsailaren 23an argitaratu den Euskal Herriko Boletin Ofizialak. Hernaniko lur sailetan, Arano herritik oso gertu, kokatzen da Ikatz Gane izeneko proiektua, eta hilabeteko epea dago alegazioak aurkezteko.

Boletinean zehazten denez, “Hernani (Gipuzkoa) udalerriko «Ikatz Gane parke eolikoa» proiektuari eta haren ebakuazio-azpiegitura erkideei aurretiazko administrazio-baimena emateko eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko” da egin den eskaria.

Sevillan egoitza duen eta energia berriztagarrien sektorean lan egiten duen Enigma Green Power 26 S.L.U. da enpresa eskatzailea; Endesa dago atzean.

Bestalde, Erreka izena dauka Repsolek azken urtetan aurkeztu izan duen bigarren proiektuak, Urumea bailaran instalatzeko asmoz. Oraingoz, EHBOk behintzat ez du jakinarazi eskari ofiziala egin denik.

Bi proiektu horien gaineko informazioa, hemen.  

 

Eskariaren ezaugarriak

Hernani eta Aranoko herri-lurrak mugatzen dituen Pagoaga auzoko Pagalegi-Garagartza mendilerroan kokatuko litzateke aerosorgailuen zentrala. Hain zuzen, Aranoko eta Elduaingo mugak ukituko lituzke, nahiz eta Hernaniko lur sailetan proiektatu, Adarra, Zaburu, Azketa eta Garagartza mendien arteko zonaldean kokatuko litzateke.

Honako ezaugarri teknikoak dituzte Ikatz Gane zentral eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiektuak:

• Parke oelikoa 4,99 MW-ko 5 aerosorgailuz osatua, hau da, guztira 24,95 MW-ko potentzia instalatua. Aerosorgailuen dorreek 112 metroko altuera daukate, eta errotoreak 175 metroko diametroa. Honako parke eoliko hauek osatzen dute: «PE Arbequina 1», «PE Paloma 3», «PE Graceland 3», «PE Justa 2» eta «PE Los Pistoleros 2». Parkea Hernaniko udalerrian kokatuko da (Gipuzkoa).

• 30 kV-ko sekzionamendu-zentroa, Hernani udalerrian (Gipuzkoa) egongo dena.

• Aireko eta lurpeko 30 kV-ko linea elektrikoa, sekzionamendu-zentroa eta ST Hernani 1 T2 30.000 azpiestazioa lotuko dituena; horren luzera 7,425 km-koa izango da. Hernani udalerriko lursailetatik pasatuko da (Gipuzkoa). 1. tartea: 0,1 km-ko luzerakoa, lurpekoa. 2. tartea: 6,139 km-ko luzerakoa, airekoa. 3. tartea: 1,185 km-ko luzerakoa, lurpekoa.

 

Alegazioetarako ireki den epea

Hilabeteko epea dago alegazioak aurkezteko, eta Urumeako Mendiak Bizirik lehendik ere azaldu izan ditu egitasmoaren kontra egoteko dauzkan arrazoiak.

Hain zuzen, herri ekimeneko kideek hitzaldia egin zuten Euskalduna Mendigoizale Taldearen egoitzan, iazko martxoaren 16an. Urumea bailaran proiektatu dituzten bi zentral eolikoek kalte ekologiko larriak eragingo lituzketela berretsi zuten txanda hartan. Kronika eta hitzaldia bideoz ikusgai, hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!