Zehazki, hiru puntuz osatutako ebazpena onetsi zuten atzo alderdi politikoek Zainketa eta Gizarte Politiketako Batzordean.
Horrela, Foru Aldundiari eskatzen diote, “Dokumentazioaren Ebaluaketa eta Hautapenerako Foru Batzordeak lehenbailehen amai dezala Gipuzkoako jasotako haurren espedienteei lotutako dokumentu-serieen azterketa eta ebaluazioa”. Eta bigarrenik, “erraztasunak eman ditzala familiartekoek jasotako haurren espedienteak eskura ditzaten, Arartekoaren eta Herriaren Defendatzailearen gomendioei jarraikiz”.
Azkenik, Batzar Nagusiek “jasotako haurrekiko historikoki erakutsi duten konpromisoa berresten dute, babes hori orain haien ondorengoei ere helaraziz, askotan hain zailak izan diren beren bizitzen memoria duintzea bilatzen baitute”.
Jasotako Haurrak elkartea, pozik
“Ospatzeko eguna da gaurko” adierazi zuten elkarteko kideek, Batzar Nagusien ebazpena jakin bezain pronto. “Guztion lanaren ondorio izan da lorpen hau. 55 bazkidek osatzen dugu Jasotako Haurrak Elkartea, eta berau gure helburuak lortzen jarraitzeko indar geldiezina da. Egun batzuk kontsultak eta ekimenen bat egin behar ote dugun pentsatzeko hartuko ditugu. Nolanahi ere, harremanetan egongo gara, adosten joateko. Lortutakoaz gozatzeko unea da. Zorionak!”.
Apirilaren 20an Donostian egin zuten ekitaldian aurkeztu zuten Jasotako Haurrak elkartea. Erreportajea, hemen.
Elkarteko kide den Arantxa Guarretxena andoaindarrarekin edukitako solasaldia, berriz, hemen.
