Mobilizazioak, etxebizitzaren auzia hizpide hartuta

LAB sindikatua.

“Maricarmen” dekretuak, besteak beste, pertsona eta familia zaurgarrien desjabetzeak saihesteko neurriak jasotzen zituen. Babes nahikorik gabe, bertan behera geratu zen atzokoan. Eta, ondorioz, mobilizazio ugari deitu dituzte Gipuzkoan eta Euskal Herrian.

Gaur eguerdian LAB sindikatuak manifestazioa deitu du Donostian. Eguerdiko 12:00tan abiatuko da Donostiako Bulebarretik. Oharrak honako hau dio: “Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

Gaur Madrilen eztabaidatu eta onartuko den Lege Dekretuak badu bere garrantzia. Langileok, premiaz, alokairu guztiak modu iraunkorrean luzatzea behar dugu, logelen eta aldi baterako alokairuen iruzurrarekin amaitzera, etxegabetzeak bukatzea, funts putreen erosketa espekulatiboak gelditzea eta prezioak jaistea. LABek Espainiako Estatu mailan borrokan eredugarria izaten ari diren Maizterren Sindikatuen lana goraipatu nahi du eta Maricarmen dekretua-n jasotako edukiak babesten ditu. Orain arte bezala, Maizterren Sindikatuak bidelagun izango du LAB”.

Sindikatuaren ustez, eredua goitik behera eraldatu behar da, eta, horretarako, premiazkoa da etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta errentismoa amaitzea. Horretarako, epe motzeko zein luzeko neurriak hartu behar direla aldarrikatu dute:

  •  Alokairu mugagabeak ezarri.
  •  Etxegabetze guztiak gelditu.
  •  Asmo espekulatiboekin egindako erosketak debekatu eta funts putreei ateak itxi.
  •  Prezioak jaitsi.
  •  Parke publikoa hedatu eta etxebizitza duina herritar guztien eskura jarri.

Stop Desahuciosen atxikimendua jaso du, besteak beste, eguerdiko manifestazioak.

Etxebizitza Sindikatua

Bart hiriburuetan hitzorduak deitu dituzte eta, astelehenean, Beterri-Buruntzako deialdia egin dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!