Kalabazak hustu, kandelak piztu… Gau Beltza urriaren 31n ospatzen da Euskal Herrian. Ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. Taupa mugimendua ari da akuilu lana egiten eta, urtez urte, udalerri gehiago batzen ari dira ospakizunera: “egunerokoarekin hautsi eta bestelako bizipenak izateko aukera eskaintzen digute jaiek. Elkarrekin ospatuta, gainera, kohesio soziala indartzeko tresna baliotsua dira, komunitatea sortzekoa. Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, berreskuratzeko bidea abiatu duen jai baten zabalpenean akuilu izan nahi du Taupak: Gau Beltza edo Arimen Gaua bezala ezagun egiten ari den jaia hain zuzen”.
Herriz herri, bakoitzak bere ezaugarriekin antolatzen ditu jaiak. Denon artean, oinarri partekatu bat izatea proposatzen du Taupak. Komunitatea ardatz izatea da oinarrietakoa, gazteei erdigunea hartzen uztea da bestea. Eta, ezinbestekoa, hizkuntzaren hautua: “Euskarak ezinbestekoak ditu erabilera espazio berriak, zer esanik ez eremu informalean. Herrietako jai eta ospakizunek komunitatea bera harremanetan jartzeko funtzioa betetzen dute eta, horrela, euskararen erabilerarako eremu natural bilakatzen dira. Euskaraz egindako festa batek hizkuntzarekin lotuko diren bizipen positiboak sortuko ditu”.