Eta nik gaur, inoiz baino gehiago, pertsonarengan jarri nahi dut nire begirada: senarrarengan, aitarengan, izaten utzi ez zizuten aitonarengan –zenbat gozatuko zenuen, Jose Luis, aitona izatera iritsi bazina!–, zutabegilearengan, lagun eta lankidearengan.
Dakizuenez, nik ez nuen José Luis zuzenean ezagutu, terrorista batzuek bere bizitza akabatzea erabaki baitzuten, bere ideiak hitzen bidez defendatzeagatik. Baina ez dut inoiz ahaztuko aterki gorri hori, hain gustura irakurtzen zenituen egunkarien ondoan zabalduta eta zutik geratu zen aterki hura. Gainera, harrotasunez esan dezaket nolakoa zinen jakiteko zortea izan dudala, zure familiak eta lankide askok zutaz hitz egin didatelako: hitz egin didate askatasunen zure defentsa irmoaz, frankismoaren aurkako borrokagatik urte batzuk kartzelan egotera ere eraman zintuen menpekotasun ororen aurkako zure errebeldiaz, zure mintzaldi luzeez edo ideiak betiere errespetuz eztabaidatu eta aurrez aurre jarriz zenbat gozatzen zenuen... horretaz guztiaz hitz egin didate.
Eta zer da, hitza ez bada, kazetari baten ezaugarri nagusia? Zure hitzak izan dira zure ezaugarriak. Uste zenuena publikoki defendatzeko hain ziren indartsuak zure hitzak... kendu egin nahi izan zizkiguten, eta horixe egin zuten.
Zertarako? Zertarako balio izan du hainbeste min eta sufrimenduk? Zertarako hainbeste familia txikituta utzi?
Nire ustez, inoiz ere ez zen hilketarik izan behar, inoiz ez; hilketa batek berak ere ez du izan, ez justifikaziorik, ez zentzurik. Ordua da guztiok hori esateko, salbuespenik gabe, beldurrik eta konplexurik gabe.
Zalantzarik gabe, iragana gogoan izan behar dugu, bizi izandako sufrimendua ahaztu ez dadin. Eta hori ezin izango dugu egin, batzuk saiatzen badira gertatu dena zuritzen edo gauza bakoitzari bere izenez deitzeari uko egiten. Ezin dugu orrialderik pasatu aurrera begiratu behar dela argudiatuz. Hain zuzen ere, etorkizuneko belaunaldietan pentsatuz, orrialdea pasa behar dugu, bai, baina gertatu dena irakurri ondoren.
Memoria kolektibo eta inklusiboa eraiki behar dugu, oraina eta etorkizuna elkarbizitzarenak eta elkarbizitzarako izan daitezen. Ezin dugu memoriarik gabeko herri bat izan, iraganik gabe ez baitago ez orainaldirik eta ezta ere etorkizunik. Hain bidegabeki eta krudelki kendu zizkigutenei zor diegun erantzukizuna eta betebeharra da. Biktima guztiei zor diegu, salbuespenik gabe.
Egia da, batzuek esaten duten bezala, data borobila dela gaurkoa, baina zer axola dio? Guk, José Luis, aurreko urteetan bezain presente sentitzen zaitugu. Eta orain ere berdin-berdin gogoratzen zaitugu. Faltan botatzen zaitugu, oso faltan.
Estutzen banauzue, egia da, agian aurten, pixka bat gehiago. Baina ez zure hilketaren 20. urteurrena delako, baizik eta aurten ezin izango diogulako elkarri besarkada hori eman, hainbeste suspertzen gaituen eta hainbeste batzen gaituen musu hori. Eta hori, egia da, kostatu egiten da.
Nahiz eta fisikoki hori egiterik ez izan, hitz hauen bidez, hain zureak ziren hitzen indarrarekin bidali nahi diet besarkadarik eta musurik handiena Mª Pazi, Aitziberri, Alaini eta gainerako familia kideei, lankide eta lagunei. Denok gaur ere gogoan zaitugu eta ez zaitugu ahazten.
2002. urteaz geroztik aurtengoa izango den arren sozialistok Andoainen lore-eskaintzarik egingo ez dizugun lehenengo aldia, esan dezadan argi eta garbi: berdin-berdin gogoratzen zaitugu, José Luis, nahiz eta ezin dugun elkarrekin egon, ezin argi eta nabarmenagoa baita ez distantziak, ez eta ere denboraren joanak, ez dutela ahanzturarik ekartzen, gure memoriaren parte baitzara.
Maider Laínez | Andoaingo Elkarte Sozialistako idazkari nagusia