Ordezkari politiko guzti-guztiak zaku berean sartzeko joera hori da ulertzea kostatzen zaidana. Inguruotan behintzat (Andoain, Urnieta) hori erakusten ari dira.
Orokortze horrek, “politikari profesional” adiera despektibo horrek, talka egiten du tokian tokiko udal ordezkari askok egiten duten lanarekin.
Andoain jarriko dut, adibide modura.
Urtarrilaren 24an kokatuko dut hau idaztera bultzatu nauena. Pintada hau agertu zen Kontzejupean:
#Andoain Goizean goiz tamaina handiko pintaketa agertu da udaletxeko atarian, denbora tarte gutxira Udal zerbitzuen beharginek ezabatu dutena. Politikarien aurkakoa zen, mezu arrazistarekin batera. https://t.co/py7DRObofi
— Aiurri hedabideak (@Aiurri) January 24, 2023
Berehala iritsi zen, Komunitatea atalean, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistaren idatzia: “Gaur goizaldean Andoaingo Udaletxean pintaketa arrazista bat agertu da. Hori gaitzetsi eta salatu nahi dugu Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistatik, baita seinalatuak izan diren horiei elkartasuna adierazi ere”.
Politikoekiko duten obsesio hori buruan bueltaka dudanez, ez zitzaidan oso argi geratu esaldi horretan “seinalatuak” nortzuk diren. Jatorriz bertakoak ez diren bizilagunak? Ala jatorriz bertakoak ez diren bizilagunak eta baita politikoak ere? Azken hori izan liteke bai, baina esaldia idatzita dagoen modua zalantza hortxe geratu zitzaidan.
Iluntzean, lanetik etxera nindoala, pintada agertu zen paretan bertan honako pankarta agertu zen:
Pintada erdiari aipamena egiten zion pankartak.
Kale Nagusian behera nindoala, hori guztia egun berean, urtarrilaren 28ko Bilboko manifestazioa iragarriz kartelak jartzen ari ziren bi gazte ikusi nituen. Ertzaintzaren ibilgailu bat hurbildu zitzaien. Santa Krutz elizatik Juanita Alkain plazatxora beste ibilgailu bat, segidan. Eta oinez Zumearantz nindoala atzera begira jarri eta hirugarren ibilgailua hurbildu zen.
Beharrezkoa da kartelak jartzen ari diren bi gazte horrela inguratzea?
Goazen harira. Politikari profesionalen aurkako lema iaz ere nabarmendu zuen hizpide dudan gazte mugimenduak. 2021eko manifestarioaren harira, Urnietako GKSko kide bati galdera zuzena luzatu nion:
Aiurri: Politikari profesionalak aipatzean, zentzu orokorrean hitz egiten duzue. Urnietan bizi zara. Jakin badakizu hango ordezkari guztiak ez direla profesionalak. Ez dakit alde horretatik bereizketarik egiten duzuen, edo ez.
A.Q. Sistema horretan, alderdi bidez antolatzen direnei buruz ari gara. Alderdi parlamentaristak izan, edo sozialdemokrazian daudenak izan, nahiz eta batzuk agian ez kobratu, sistema horren arabera antolatzen direnei buruz ari gara.
Iraila Andoainen, politika gori-gori egon zen hilabetea
Ikasturte honetan, Andoainen, A15 eta N1 errepideen arteko lotuneari irtenbidea emateko egitasmoak hautsak harrotu ditu. Herri plataforma bat sortu da, gizarte-bizitzan eta Udal eta Gipuzkoa mailako politikan oihartzuna izan duena.
Funtsean, gustatu ala ez, politikatik bideratu behar den auzi bat da. Badugu Foru Aldundian gobernu bat, Gipuzkoan hasi eta Europaraino (muga bertan izanik, aferak hango eta hemengo garraioan eragin zuzena du) iristen den trafiko arazo bati irtenbidea eman nahi diona. Proposamen bat egiten du, lehentasunezkoa hartzen duena eta aurrera egiteko prozedura administratiboari ekiten dio. Baina badira egitasmo horren aurka altxa diren herritarrak, gizarte mugimenduak eta alderdi politikoak. Talka sortu da.
Eta irtenbidea politikaren bidetik iritsiko da. Denborak esango du Foru Aldundiko goi agintaritzak duen egitasmo hori aurrera aterako den, edo beste soluzioren bat topatzen den. Ez baita arinkeriaz hartu behar Udal administrazio batek indarrean duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. Bi marko horiek hor egonik, ordezkari politikoak egitasmo bat edo bestea defendatzen ari dira. Eta, Andoainen, auzia gertu-gertutik bizi duten dozenaka herritar Udal ordezkariei eta Gipuzkoako batzarkideei begira daude. Horien bitartez hartuko baitira erabakiak.
Bada, irailaren 30ean, Andoainen honako idatzia agertu zen. Politikoak, guzti-guztiak, jomugan jarriz: “N-1a borrokatu! Politikari profesionalen fartsari aurre egin” izenburupean, ia manifestu osoa klase politikoa egurtzeko baliatu zuten: “Ez dago alderdi politiko instituzional bat bera ere auzi horiei aurre egiteko gai dena beraz (...) Hortaz, langileon behar errealak asetzeko ezgai diren alderdi eta instituzioen jarduna salatu nahi dugu”.
#Andoain | N-1 autobidearen bueltan sortu diren arazo zein eztabaiden aurrean egiten dugun irakurketa.
— Kontseilu Sozialista Buruntzaldea (@Kontseilua_Bur) September 30, 2022
N-1a borrokatu! Politikari profesionalen fartsari aurre egin! pic.twitter.com/Y5GGCa4aF3
Zarata, kutsadura eta errail gehiago etxe parean jasango dituen Mimendiko bizilagun kontzientziatuak, honakoa irakurtzean, zer pentsatuko ote zuen? Etsiak jota amaituko zuen? Politikatik ez bada, nondik iritsiko da aterabidea? Kaltetutako bizilagunek Foru Aldundian agintean direnengan eragin nahi dute, eta era berean Andoainen gertuen dituzten ordezkari politikoei begira daude. Irtenbidea Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentutik edo/eta Andoaingo Udaletik iritsiko da.
Azter dezagun Andoaingo ordezkaritza politikoa, ea zenbaterainokoa den GKSk salatzen duen “politikari profesionalen·fartsa” horren partaide.
Tere Santana, Elkarrekin Podemoseko zinegotzia. Ordezkari bakarra, sufragio unibertsalez aukeratuta. Batzorde guztietara iristeko lanak, dokumentazio osoa lantzeko zailtasunak,… zinegotzi bakarra izanik udalaren martxari eusteko ahaleginak egin ditu urteotan. Jaso zuen boto gehiena, soziologikoki ez da aztia izan behar, proletario jendearena da. Eskola publikoaren defentsa sutsua egin du, besteak beste. Burgesiaren txotxongilo den politikari profesionalen zakuan sartzea merezi du?
Mirek Arregi, EAJ-PNVko zinegotzia. 2019an, erretiroa hartuta zela, Andoaingo Udal politikagintzara itzuli zen. Bizimodu lasaia eta erosoa alde batera utzi, berriro ere herritarren ordezkari izateko. Mirestekoa da, egin zuena.
Andoni Alvarez Lete, EH Bilduko zinegotzia eta bozka gehien jaso zuen hautagaia. Euskarazko hedabideen sektorerik udal jardunera igaro da. Lan egun erdiz ari da lanean. Soldata halamoduzkoa, lehen eta orain. Udal komisioak, plenoak, herri eragileekin bilerak… jasotzen duen soldata eta egiten duen esfortzua aintzat hartuta, politikari profesionalen elite horretan sartu behar dugu? Zenbatek egingo lukete lan, baldintza horietan?
Maider Lainez, PSE-EEko zinegotzia eta EAJ-PNVren babesari esker alkatea. Aurreko alkatearen soldata beretsua jasotzen ari da. Andoainen dozenaka lagun ditugu ardura gutxiagoko postuetan diru gehiago irabazten. Zenbatek onartuko luke 24 orduz, 7 egunez, lan baldintza horietan eta ardura horiekin lanean aritzea?
Botoa emango diegu, edo ez. Gogoko izango ditugu, edo ez. Haserretuko gaituzte, hainbatetan. Suminduko gara, tarteka. Auzolotsa sentituko dugu haien jarduna ikusirik, noizbehinka. Baina herritarren gertuko erakundeko ordezkariei “politikari profesionalen fartsa” horren parte direla leporatzea gehiegitxo iruditzen zait niri.
Botoa emango diegu, edo ez. Gogoko izango ditugu, edo ez. Haserretuko gaituzte, hainbatetan. Suminduko gara, tarteka. Auzolotsa sentituko dugu haien jarduna ikusirik, noizbehinka. Baina herritarren gertuko erakundeko ordezkariei “politikari profesionalen fartsa” horren parte direla leporatzea gehiegitxo iruditzen zait niri.
Irailaren 30eko adierazpen tamalgarri hori, udaletxearen kanpoaldean berriki agertu zen pintada zatar hori… Lerro hauek idatzi ditut Udal politikagintzarekiko kritika erraza, arina oso arriskutsua zaidalako. Udal administrazioa herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da. Andoaingo ordezkariak gure auzoko, eskolako edo laguntaldeko herritarrak dira eta aurkezte hutsagatik errespetu osoa merezi duten pertsonak dira. Horrek ez die kritikatik salbu geratzeko arriskutik aterako. Baina gauza bat da kritika egitea, eta bestea zabarkeriz haiengana zuzentzea. Udal ordezkariak, gehien-gehienak, “politikari profesionalen fartsa” horretatik kanpo daudelako.