Saiatzen gara albiste landuak, informazio eguneratua ematen… zer eta suak hartutako koltxoiak interesgune gehien duen albistea bilakatzeko. Umorez hartu beharko dugu, etsigarria litzateke bestela.
Dena esatera, Aiurriko albistea ere horixe izan da. Ondarreta kaleko WCaren gainean suak hartutako koltxoia zegoela. Eta hori nola da posible? Hiruzpalau bider egin didaten galdera izan da gaurkoan.
Bada, gertatu dena hauxe izan da: koltxoi horrek ondoko etxebizitza batean su hartu du. Su-itzalgailu batekin itzali dute, hasiera batean. Baina denborarekin sua berriro agertu da, eta azkenerako ondoko etxeko balkoi batetik bota dute… eta WCaren eraikinaren gainean geratu da. Suhiltzaileek itzali dute, eta hortxe dago orain espaloian botata, ondoko edukiontzien artean, garbigunera eramateko prest.
Goazen egunak eman duen intereseko bigarren albistearekin. Sareetan, asteburuan hasita, eta Aiurrin, eguerdian hasita, C2ari Aldundiak emandako alegazioen erantzuna hizpide izan da. Informazio hori bereziki C2ak kaltetutakoen plataforma ingurutik zabaldu zen sare sozialetan. Errepidearen trazatua herritik urruntzeko edota HAPOak jasotzen duena kontutan hartzeko alegazioak ez zirela kontutan hartzen eta, haserrea nabaria zen.
Eguerdian, Udal Gobernuko Lainez eta Verdasco sozialistak pantailaren aurrean agertu dira zuzeneko emankizuna eskaintzeko. 10 minutuko adierazpena izan da. Eta bertan honakoa adierazi du alkateak: "Trazaketa proiektuaren tramitazioan atzera egiteak erakusten du Bide Azpiegituretako departamentuak aurkeztutako C2 proiektua ez dela Andoainek behar zuena, eta Udalak arrazoi duela azpimarratzen du. Batez ere, Udalak alegazio serio, koherente, bideragarri, beharrezkoak aurkeztu zituela erakusten du eta horrexegatik atzera egin behar izan du prozeduran. Hori normalean ez da batere ohikoa".
Zer esan nahi zuen horrekin? Trazaketa bertan behera geratzean C2 egitasmoa bertan behera geratzen dela? Galdera luzatu dugu, eta bueltan bideo-agerraldian adierazitako argudio berbera jaso dugu.
Orduak igaro ahala ulertuz joan gara.
Alde batetik, andoaindar asko “aurkeztutako alegazioen aurrean egindako txosten tekniko eguneratua” dokumentuaren gainean hizketan ari zirela. Alegia, dokumentu horretan Foru Aldundiak aurkeztu diren 55 alegazioei erantzuna ematen die. Antzekotasunaren arabera, alegazioak multzoka antolatu eta erantzuna eman die Aldundiak alegatzaileei.
Beste alde batetik, Andoaingo alkatearen agerraldian, Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuak joan zen ostiraleko data duen Foru Aginduaz ari zen.
Bi gauza ezberdin dira, beraz. Bata, alegazioen erantzuna jasotzen duen txostena da. Eta, bestea, Foru agindua.
Alegazioen erantzunari lotutako albistea
Goizean alegazioak aurkeztu dituzten herritarrei eta elkarteei Foru Aldundiak emandako erantzunen albistea landu du Aiurrik. Argitaratutakoa baino zabalagoa da, ertz ugari ditu, baina funtsean Gipuzkoako Foru Aldundiak C2 egitasmoaren muinari eusten dio. Ez du trazatua ikastolatik urrunduko, ezta Sorabilla-Errotagain paretik ere. Eta zenbait baserriren kasuan, argi adierazten die ez dakitela esaten eraitsiko duten edo ez. Hots, alegazioaren erantzunak ez diela kasu horretan argibide argirik ematen.
Andoaingo alkateak eskaini duen agerraldia
Eguerdian, Andoaingo alkateak agerraldia egin du Foru Aldundiak ebatzi duenari buruzko argibideak emateko. Alegazioen erantzunak aipatu ditu, baina baita une horretan ezagutzen ez genuen foru agindua ere. Eta foru agindu horren balorazioa egin du. Izan ere, agindu horretan trazaketa proiektua bertan behera geratzen dela adierazten baita. Alkatea pozik agertu da trazaketaren etenaldiarekin: "Trazaketa proiektuaren tramitazioan atzera egiteak erakusten du Bide Azpiegituretako departamentuak aurkeztutako C2 proiektua ez dela Andoainek behar zuena, eta Udalak arrazoi duela azpimarratzen du. Batez ere, Udalak alegazio serio, koherente, bideragarri, beharrezkoak aurkeztu zituela erakusten du eta horrexegatik atzera egin behar izan du prozeduran. Hori normalean ez da batere ohikoa".
Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, foru agindu bidez trazaketa geratzeko agindua eman du, eta segidan eraikuntza-proiektua idazteko agindua emango duela iragarri. Era berean, ezinbestekoa deritzo ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Baina foru aginduak hori baino gehiago jasotzen du bere baitan. Eta bertan ageri denez, “Bide Azpiegituren Proiektuetako eta Eraikuntzako Zerbitzuak 2023ko martxoaren 14an egindako txosten-proposamen eguneratuak hitzez hitz dioenari jarraikiz” egingo da. Beste modu batera esanda, ulertzen dugu alegazioetan emandako erantzunak kontutan hartzeaz harago, alegazioak biltzen dituen txostena etorkizuneko proiektuaren oinarri modura erabiliko direla iragartzen duela.
Beraz, muinean, C2 egitasmoa ez da gerarazten. Alegazioen erantzunetan, lehen multzoan, ibilbidea bere osotasunean zalantzan jartzen duten alegazio ugari aurkeztu ziren. Tartean Udalaren, ikastolaren eta alderdi politikoek egindakoak. Ezezkoa erantzun die Aldundiak, alegazio horiei: “Proiektuaren lehendabiziko etapetan alternatiben gaineko xehetasunezko azterketa bat egin zen eta, hor, ikuspuntu ugaritatik irtenbide ezberdinak aztertu ondoren, horien artean 2011. urtean proiektatu zenaren antzeko bat, irtenbide onena Bizikidetza-II izenekoa zela ondorioztatu zen, hain zuzen, jendaurreko informaziora eramandako dokumentuan garatzen dena (…). Beraz, erabaki hori aldatzeko behar adina argudiorik gabe, alegazioa ezestea proposatzen da”.
Honaino iritsita, uler daiteke alkateak aditzera eman duela A15 eta N1 errepideen arteko lotunearen trazatua berrabiaraziko dela. Bai, hori esan daiteke.
Baina orain arte egindako bidea ez da alperrikakoa izango. Alegazioen erantzunak, Aldundiaren eskutik, oso argiak eta zehatzak direlako. C2a da Aldundiarentzat, gaurkoz, egitasmorik egingarriena. Are gehiago, berriki Aita Larramendi ikastola parean panel akustikoak ezarriko dituztela iragarri du. Eta zehaztu du C2 egitasmoaren proiektua kontutan hartuta egingo dela lan horren lizitazioa.
Hauteskundeak datoz, eta Foru Aldundiko agintari talde berriak bideratuko du egitasmoa. Asteotan, hilabeteotan etenaldia izango da alor honetan. Baina beti ere, hori ulertzen dugu, orain arte egindakotik abiatuta. Martxoaren 16ko data duen foru agindutik, alegia.
Era berean, ez da bazterrean geratuko gizarte eragile ezberdinek hilabete hauetan egindako lanketa.