Debagoieneko Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Gipuzkoan 1936ko gerran erbesteko bidea hartu behar izan zutenen inguruko lanketa egiten dabil azken urtetan. Hain zuzen, Elkarteko kide den Juan Ramon Garai Buruntzaldean aritu zen ikerketa lanetan.
Egitasmo horren emaitzetako bat izan zen 2023ko martxoan, Aldundiarekin elkarlanean, Donostiako Kursaalean burutu zuten ekimena, gerra umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko. Oraindik bizi diren gerrako umeak izan ziren gonbidatu bereziak orduan.
Joan den irailean, Arrasaten, “Orratz-begia. 1936-Gipuzkoako gerra haurrak” erakusketa zabaldu zuten. Erakusketa, Gipuzkoako herrietara eramateko asmoa daukate datozen hilabeteetan.
Egunotan, berriz, Orratz begia liburua kaleratu dute, esan bezala.
Nati Roa, frankismoaren aurkako kereilarekin
2019an Gipuzkoako Diputazioa, 1936an frankismoak erail zituen bi gipuzkoarren kasu partikularretan akusazio gisa aurkeztu zen epaitegietan. Florencia Olazagoitia Zeziaga arrasatearraren eta Jose Ariztimuño Aitzol apaiz tolosarraren kasuak eraman zituen horretarako.
Olazagoitiaren biloba da Nati Roa, eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kidea da. Amamaren kasua Goiena aldizkariari kontatu zion Nati Roak, kereila aurkeztu zutenean: “Atxilotu zutenean, familiakoa zen Udalako baserrian behera zetorren esnearekin, Resusta kalean zuten denda zabaldu eta saltzeko. Lehengusinarekin eta gure aitarekin batera zetorren. 40 urte zituen. Bi seme eta alaba bat zituen, txikiak hirurak… eta haurdun zen, bost hilabeteko. Uste dugu guardia zibilek atxilotu zutela, Kondekuan, eta Oiartzunen fusilatu zutela. Gorpua zehazki non den ez dakigu".