Jo-mugan egon gara, egoeraren errudun eta erantzule egin gaituzte sarri. Beste gauza askoren artean, kolpetik eten du gure aisialdia pandemiak, elkar harremantzeko uneak eta espazioak murriztu zaizkigu.
Horren ondorioz, Poxta Zaharreko kideoi ez zaigu batere erraza egin berriro ere gure dinamika martxan jartzea. Bi urteko parentesi honek ez digu onurarik ekarri hainbat eta hainbat esparrutan. Alde batetik, gaitasun ekonomiko eskasak gure ekintzak mugatzera eraman gaitu, baita egitarauak osatzeko buruhausteak izatera ere. Beste alde batetik, prozesu burokratikoek oso modu agerikoan mantsotu dute gure jarduna. Baina, batez ere, oso kezkatuta gaude taldeak bizi duen belaunaldi krisiarekin, nekez ikusten baitugu gurera batzeko prest dagoen urnietar gazterik.
Beharbada, elkar ezagutzeko, konfiantza sustatzeko eta herri izaera sendotzeko espazio bat izango bagenu, urnietar gazte gehiagok sentituko lukete premia eta nahia Urnietari zerbait emateko. Kritikak kritika, ditugun baliabideekin egiten diogu ekarpena herriari. Baina jasotako erantzuna ez da antolakuntza-lanetan ematen dugun ahaleginaren besteko proportzionala. Bolondres gutxi batzuen lanak ekartzen du guztien gozamena Urnietan. Herriko festak ez dira guztia eskura, mamitan jasotzen diren zerbait. Herriko festek jendea behar dute, parte-hartzea eta motibazioa, herriak herri izaten jarraitu dezan (eta ez Donostiako auzo bat).
Gu kezkatzen gaituenak, zu ere, irakurle, kezkatu beharko zintuzke. Zure parte-hartzerik ez bada, guztiok geldituko baikara festarik gabe. Poxta Zaharreko ateak irekita daude gogoz dabilen edonorentzat. Guztiok aterako gara irabazten.
Kalean ikusiko dugu elkar!