Sanmielak 2019

Jalgi Plazara jaialdiak Urnieta dantzan jarri zuen

Xabier Lasa 2019ko urr. 7a, 16:09

Oso balorazio baikorra egin dute Aurrera Gure Ametsa dantza taldeko arduradunek, igandean antolatu zuten Jalgi Plazara jaia hizpide hartuta. Adierazi dutenez, arrakastatsuak izan ziren egunean zehar antolatu zituzten ekitaldi guztiak, eta pozik agertu dira horrexegatik.

Izan ere, taldeak ahalegin berezia egin du azken hilabeteetan bere 20. urteurrenaren ospakizuna dantzaren inguruko ekitaldi gozagarriez aberastu zedin, eta erantzun ezin hobea jaso zuten euskal dantza eta musika zaleen aldetik.

Goizez ekin zioten Jalgi Plazara ekimenari, San Juan plazan. 10:00etan, hainbat dantza eta musika talde bildu ziren, antolatzaileek gonbidatuta: Lourdes Iriondo musika eskolako eta herriko trikitilariak, Tolosako Udaberri dantza taldeko dantzariak eta fanfarrea, Guardia-Biasteriko dantza taldea, Hernaniko San Juan Konpartsa dantzazale taldea, Lezoko Herri dantzazaleak taldea, Dendaberri jubilatuen elkarteko kideak, eta nolaz ez, Aurrera Gure Ametsa taldeko dantzari eta dantzari ohiak.

 

Ezpata dantza, elizan

10:30ean kalejiran abiatu zuren guztiak ere, eta Urnietako bazterrak ederki girotuz musika eta dantzarekin. Bien bitartean, Errosarioko Ama Birjinaren ohorez San Migel elizan ospatu zen mezan, Aurrera Gure Ametsa dantza taldeko hiru kidek, Olatz Gorroño, Glenda Catalina eta Garazi Ramirezek, Ezpata Dantza dantzatu zuten; liturgian barrena ofertorioaren tartearen aurretik txertatu zuten dantza, hain zuzen. Lehenbiziko aldia zen halako dantza berezia egiten zela eliza barruan, Urnietan.

Kalejira jendetsua, berriz, 12:00ak aldera itzuli zen San Juan plazara. Parte-hartzaileek jai giroari eutsi zioten, eta erromeria alaian murgildu ziren; Ingurutxoaren dantza izan zen nagusi plazan.

Ehundik gora parte pertsonentzako prestatutako bazkaria heldu zen ondoren, Lekaio kultur etxean. Eta indarrak berritu ostean, parte hartzaileak Egape ikastolako jolastoki estalira abiatu ziren. Bertan, Baserritarraren Eguneko hainbat ekitaldi ospatzekoak ziren, eta tartean, Xabier Solanoren eta bere taldearen kontzertua iragarrita zegoen 19:00etarako.

Xabier Solanok doinu dantzagarriak eskaini zituen maisuki, eta abilitate berezia erakutsi zuen kontzertuan bildutako publikoak dantza sueltoan egin zezan, batere erreparorik gabe egin ere.

 

Alazne Manero, gogoan

Kontzertuan zehar, Solanok orain hilabete batzuk zendutako Alazne Manerori abesti bat eskaini zion. Dena esatera, egunean zehar maiz hartu zuten gogoan Manero, Aurrera Gure Ametsa dantza taldearen eragileetako bat izan zen baitzen 20 urtetan; biziki maite zituen euskal folklorea, ohiturak eta dantzak, eta kementsu jardun zuen beti haiek zabaltzeko asmoz.  

Dantza taldearen 20. urteurrenaren inguruko ospakizunak jarraipena izango du hurrengo asteetan, Maneroren oroimenezko musika kontzertuaren eta musika-tresnen erakusketaren eskutik.

Erlazionatuak

Ezpata dantza San Miguel elizan

Xabier Lasa 2019 urr 06 Urnieta

Xabier Solanoren emanaldia

Xabier Lasa 2019 urr 06 Urnieta

Jalgi Plazara jaialdia

Xabier Lasa 2019 urr 06 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!