Osasun arloko profesionala zaren aldetik nola bizi duzu egoera?
Presio handia sentitzen dugu lanean. Ordezkapenak egiten aritzen naiz, orain larrialdietan. Eta oso intentsoa da. Halako babesa badugu, leihoa itxita daukagulako. Beste toki batzuetan leihoa irekita daukate. Eskularruak ditugu, gure lan tokia eta inguruak desinfektatzen ditugu tarteka, eta babestuta sentitzen gara. Etortzen diren gaixoei harrera egiten diegu, eta positibo zantzuak badituzte, gela berezi batean sartu eta mediku eta zeladoreengana bidaltzen ditugu. Haiek jantzi ezberdina dute, maskara eta osagai guztiekin. Beste arlo batzuetan egon izan naiz lanean, psikiatrian adibidez, eta han babes neurriak ez dira hain zorrotzak. Maskaratxorik ere ez dituzte. Egia da psikiatrian kontaktua txikiagoa dela, pazienteek ezin dutelako bisitarik jaso.
Zure lanaldia zein den azalduko al zeniguke?
Arreta zerbitzua eskaintzen diogu herritarrari. Datuak hartu, eta mediku batengana bideratu. Une horretan garrantzitsuena erietxean geratzen den gaixoaren datuak ondo hartzea da. Bakartuta gera daitekeenez, harremanetako telefonoa funtsezkoa da. Froga egin eta erantzuna jaso bitartean lauzpabost arte pasa daitezke. Senideek, urduri, deitu egiten dute informazio eske, eta gure zeregin garrantzitsuena senide horiek lasaitzen saiatzea da.
Anekdota gogor bat datorkit gogora. Etorri zen mutil bat, bere amarekin, larrialdietara, pentsatuz ama positiboa zela. Ama bakarrik geratu zen, noski, eta mutilari bezperan aita hil zitzaion ZIU (UVI)-n, hura ere bakarrik zegoela. Noski, mutila jota zegoen.
Txaloak jasotzen dituzue iluntzero. Zer sentitu duzue?
Elkartasun handia, benetan. Jende askok bihotzez ematen ditu txaloak. Egia da etxe gune batzuetan besteetan baino ozenago entzuten direla txaloak, baina eskertzekoak dira denak.
Zein irakaspen atera beharko liratekeela iruditzen zaizu?
Gauza pila bat etortzen zaizkit burura. Xomorro batek mundua gelditu duen bezala gelditzea izugarria egiten zait. Gainera, inor diskriminatzen ez duen xomorroa da. Alegia, pobre eta aberatsei neurri berean eragiten diela, horrek ematen dit arreta. Eta bigarrena, mugimendu faltaren, konfinamenduaren ondorio osasuntsuak. Kutsadura murriztu da asko, eta zer pentsatua ematen du xomorro batek ze eragina eduki duen mundu osoan.