Erizain lanetan ari zara, zer moduz moldatzen ari zara egoera berrira?
2018an erizaintza ikasketak amaitu eta, atsedenaldi bat edo beste hartuta, lanean ari naiz. Azken aldian Donostiako Ospitalean nago, erabilera anitzeko gunean. Endokrinologia, neurologia, nefrologia edota erreumatologia bertan dira. Ospitalean bertan goitik beherako aldaketa eman da, Koronabirusagatik. Solairuak, planta osoak aldatu dira. Gure planta ere moldatu egin behar izan zen eta orain 'susmagarriena' da. Alegia, jendea Larrialdi zerbitzuetatik dator edota etxetik sintomak garatzen hasita. Testa egin eta emaitzaren zain izan arte gure plantan izaten da. Lehen testan askok negatiboa ematen du, eta bigarrena egin arte ez da jakiten positiboa den edo ez.
Nola gogoratzen duzu krisiaren hasiera?
Gipuzkoan, zorionez, ez da beste lekuetan beste kasu eman. Gure plantan azken asteetan ari da mugimendua areagotzen. Hasierako egun haietan denok urduri geunden, Txinatik zetorrena hona bazetorrela entzuten ari ginelako.
Susto ederra hartu genuen, Gipuzkoako lehen kasuak bertako osasun langileenak izan zirenean. Egun haietan Donostiako Ospitalak erabat aldatu zuen prozedura. Krisiaren hasiera-hasieran materialaren falta izan genuen. Maskaratxoak pasilloan edukitzetik hortik kentzera pasa ginen, segituan desagertzen zirelako. Beldur handia zegoen, kaletik zetorrena gehienbat. Hidroalkoholarekin ere antzeko gauza gertatu zen.
"Krisiaren hasiera-hasieran materialaren falta izan genuen"
Profesionalki nola bizitzen ari zara?
Erronka handia da, gogo handiz hartu dudana. Une historikoa da, dena eman behar dugu eta gure bokazioa erakusteko garaia da orain. Pertsonalki, gogo handiz nago, ingurukoek zaintzeko erregutzen digute, baina nik badakit non egon behar dudan; pazienteekin, alegia. Gazte harrapatu nau eta osasuntsu; aldiz, badira lankideak baja hartu behar izan dutenak prebentzio gisa. Nire beldur handiena etxekoak kutsatzearena da, dudarik gabe. Inguruan lankideak gogotsu ikusi ditut. Lan orduak sartu behar badira sartzen ditugu, eta prebentzio modura lan taldea handitu da eta denok ordu gehiago sartzeko gure burua eskaini dugu.
"Une historikoa da, dena eman behar dugu eta gure bokazioa erakusteko garaia da orain"
Eguneroko txaloekin pozik egongo zara, ezta?
Lehen egunean asko emozionatu nintzen. Animo mezuak jaso ditut, baina gero herriak ere txalo egiten duela ikustea hunkigarria da. Oso ondo dago denori txalo egitea, baina horixe da gure egunerokoa. Urte osoan gaude lanean, eta ondo legoke urte osoan zehar gurekin gogoratu eta gureganako halako errespetuz jardutea. Bai gizarteak, eta baita politikariek ere. Denok dakigu murrizketak izan zirela, eta krisiaz geroztik pertsonala gutxituta dagoela. Hainbeste murrizketa egongo ez balira krisi berri honi aurre egiteko hobeto geundekeela? Ba, bai. Hori horrela da. Oso pozik gaude herritarrekin eta urnietarrekin. Haien berotasuna jasotzen dugu egunero eta lanean jarraitzeko indarrak ematen dizkigute; herria batuta dagoela nabari da.
"Hainbeste murrizketa egongo ez balira krisi berri honi aurre egiteko hobeto geundekeela? Ba, bai. Hori horrela da"
Zein da honetatik guztitik atera beharko genukeen lezioa?
Bokazioa badago ospitalean, eta jendea lanerako prest dago. Hori zaindu egin beharra dago, langilegoa gustura eduki behar baita. Zeren eta langileak zein baldintzatan daude? Erizainon lan-kontratuak oso motzak eta aldakorrak izan ohi dira, eta nekez har ditzazkegu oporrak denboraz. Hau eta gero, espero dugu pixkanaka aldaketarako urratsak ematen hastea. Adibidez, arreta psikologikoa, eskaini dute langileriarentzat baita gaixoen familiakideentzat ere; baina soilik koronabirusaren testuinguruan. Aldiz, epe luzera mantendu beharko litzateke laguntza psikologikoa, eta baita lan baldintzak hobetzea, gure lana ezagutaraztea eta balioan jartzea. Aitortza eman beharko litzateke, osasun langileen maila guztietan.
"Erizainon lan-kontratuak oso motzak eta aldakorrak izan ohi dira, eta nekez har ditzazkegu oporrak denboraz. Hau eta gero, espero dugu pixkanaka aldaketarako urratsak ematen hastea"
Jende askok galdetzen dit ea zer moduz gauden lanean. Hasieran kaotikoa zen dena. Plantaren baitan aldaketa asko eman behar izan ziren, lehen egun haietan, planta asko ustekabean harrapatuz. Gurean ordea, denbora gehiago izan dugu prestatu eta protokoloak behin eta berriz errepasatzeko, EPI jantziak jantzi eta eranzteko, simulakroak egiteko… Halere, protokoloak oso maiz aldatuz joan dira, baina okerrera. Eta ez birusaren garapenagatik, dudarik gabe material faltaren aurreikuspenagatik izan da. Une honetan gure plantan ez gaude material faltan, nahiz eta bata iragazkaitzak eta FFP3ko maskaratxoak oso urriak diren eta duguna urrearen pare zaintzen dugun. Gipuzkoako enpresa batzuk lagungarri izan zaizkigu, aurpegi-babesleak egin dizkigutelako. Eta hori guretzat fabore handia da, eskertzekoa benetan.
Azkenik, asteartetik aurrera langile asko lanera bueltatzen direla eta, osasun langileak beste intzidentzia gailur baten beldur gara, kutsatu kopuruak handitu daitezke ezinbestean. Horrenbestez, etxean zintzo, eta higiene eta babes neurri zuzenez aritzea garrantzitsua da.
Besarkada handi bat Urnieta!