"Euskarak molde eta kolore guztietako ekarpenak behar ditu"

Aiurri 2020ko aza. 23a, 09:00

"Komunitate txikia gara, azkar bateane etenik gabe eraldatzen ari den mundu batean. Euskaraldiaren gisako ekimenak euskaldunon erreferentzia izan daitezke".

Koldo Tapia, ahobizi

Pasa den Euskaraldian parte hartu zenuen? Zein rol aukeratu zenuen?

Erdaldun berria naiz, euskararekin jaio nintzen eta soldaduska egitera eraman nindutenean nireganatu behar izan nuen gaztelania. Urnietan eguneroko bizitza euskaraz egiten saiatzen naiz, beti erraza ez bada ere. Aurrekoan ahobizi gisa hartu nuen parte, baita aurten ere.

Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimenak egitea?

Badirudi, euskararen aldeko ahaleginean, urte askotako elkar ulertu eta konpondu ezin ugari gainditze bidean jartzen gaituela Euskaraldiak herri ekimeneko elkarteei, erakunde publiko zein pribatuei, baita norbanakoei ere. Baina euskal gizartea aspalditik ari da aldarrikatzen euskararen aldeko ahalegin bateratua; euskarak mota eta kolore guztietako ekarpenak behar ditu.  Batetik, Euskaraldiaren gisako ekimenak euskaldunon erreferente izan daitezke, eta bestetik, elkarlanera bultzatzen gaituzte,  euskararen aldeko ahaleginean.

Zer ematen du Euskaraldiak?

Euskara da euskaldunon nazio-izaeraren ezaugarri nagusienetako bat, eta aldarrikapen horren aldeko bidean, Euskaraldiak lanerako tresna izan behar du. Ez da helburua, ez eta marketinga egiteko aitzakia ere.

Aurtengo egoera ikusirik, jendeak berdin-berdin parte hartuko duela uste duzu?

Nahiko egoera nahasia da bizi duguna. Eguneroko bizitzan gauza asko mugitu zaizkigu geneuzkan lekutik, eta horietako bat izan daiteke euskararena. Pandemiak ez du parte-hartzea sustatzen lagunduko. Hala ere, begirada beste toki batean paratuko nuke: egitasmoaren parte-hartzeari dagokionean, pandemiak adinako zerikusia izango du urtean zehar euskararen komunitatea egituratzen eta ahalduntzen egiten den lanak.

Aurtengo berrikuntza nagusia ariguneak dira, zer diozu?

Euskaldunen komunitatea osatzen dugunon arteko ohitura eta inertziak aldatzen joateko lan tresna egokia da, lehenago aipatu dudan ahalduntze bidean.

Euskaraldiak eta tankerako jarduerek hizkuntza ohituretan eragina dutela uste duzu?

Ezin pentsa genezake gisa honetako jardunekin soilik lortu daitekeenik euskaldunok eguneroko bizitzan oso barneratuak dauzkagun ohiturak, inertziak eta konplexuak aldatzea. Baina lan estrategia zabalago baten barnean lagungarria izan behar du.

Belarriprest bigarren mailako rol gisa hartu izan da, gehienek Ahobizi rolean hartzen dute parte.

Nire ustez, ahobizi askoren autoadierazpena zein errealitatea baino gehiago, desio baten adierazle da. Hori berez ez da txarra; horrek esaten digu lanerako indarra daukagula. Baina azterketa kuantitatibotan gelditu ordez, sakonean arakatu behar dugu egunerokotasunean zer gertatzen den jakiteko: sarritan, estatistikek ematen dituzten ahobizi kopuru horiek ez dira islatzen, urrunik ere, euskararen eguneroko erabileran.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!