Sagardoaren kultura

“Sikiera, joan den urtean, martxora bitarte salbatu genuen. Aurtengoari dagokionez, ezta hori ere”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ots. 11a, 09:00

Euskal Herriko sagardozaleentzat berezia izan ohi da urte hasiera, izan ere, San Sebastian egunaren bueltan ekiten diote sagardotegiek txotx denboraldiari. Alabaina, oso bestelakoa izango da aurtengoa. Patxi Iribar Oianume sagardotegikoak hartu du hitza. 

Oso bestelako itxura izango du Oianume sagardotegiak urnietarrentzat, baita bertako jabe den Patxi Iribarrentzat ere: bezero guztiek eserita egon beharko dute, eta mahaiak lau kidez osatutakoak beharko dute izan. Beraz, txotxetik edaterik ez da egongo; sagardoa eserita eta pitxerrean edo botilan dastatzeko aukera izango dute.

Horrek eragin zuzena du jardunean, eta Iribarrek ez du etorkizun oparoa aurreikusten: “Zaila da egoera, zeren ez baitakigu irekitzeko aukerarik izango dugun, ez eta irekita egonda ere zenbat iraungo dugun”.  Aurtengo denboraldia iragan urtekoa baina zailagoa begitantzen zaio: “Sikiera, joan den urtean, martxora bitarte salbatu genuen. Aurtengoari dagokionez, ezta hori ere”.

Oraindik sagardotegia irekitzeko asmo garbirik izan gabe, jatetxeari eutsiko dio Oianumek, eta bertan ere sagardotegiko menua eskuratzeko aukera izango du nahi duenak. Hala ere, egoera makala denaren iritzi da sagardogilea: “Jendea ez da animatzen; lauko multzoak izanda, are gutxiago. Ez da erraza...”.

Txotx denboraldia zaila izango zela aurreikusita, sagardo gutxiago ekoiztu dute Oianumen, ondoren, ozpinetarako erabiltzen den sagardoa murritzagoa izateko. Hori ez ezik, beren jarduna ere asko baldintzatu dute neurriek, Iribarrek adierazi duenez: “Egun, kasik ez dago gaurik, etxeratze-agindua dela medio. Ondorioz, astebukaera gelditzen zaigu, hots, larunbat zein igande eguerdia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!