Iantzi torturen ondorioz hil zela gogoratu dute, bere heriotzaren 30. urteurrenean

Xabier Lasa 2023ko ira. 24a, 21:05

30 urte bete dira gaur Gurutze Iantzi Igerategi urnietarra guardia zibilen eskuetan hil zela Madrilen, eta egia eta justizia eskatu dute, beste behin, bere senideek, lagunek eta hainbat urnietarrek San Juan plazan gaur arratsaldean. Ekitaldia, argazki eta bideoz ikusgai:

Ekitaldian, Dani Gomez eta Beñat Zinkunegi txalapartariek, Jon eta Gorka Iturbe anai bertsolariek, Nekane Orkaizagirre dantzariak eta Arantza Fernandez abeslariak hartu dute parte.

Antolatzaileen izenean, Xabier Yurramendik adierazi du ez dela sinesgarria Gurutze Iantziren heriotzaren bertsio ofiziala. “Gaur egun, bere heriotza natural gisa definitzen jarraitzen dute estatu egiturek. Gu, ordea, ez gara estatu egitura. Gu herriaren parte gara, eta soberan dakigu Gurutze jaso zituen torturen ondorioz hil zela”.

Iantzi konpromezu politikoarengatik atxilotu zutela eta konpromezu horregatik erail zutela gehitu du. Aldi berean, ”Iantziren kasua zein tankerako hamarnaka, artxiboetan lurperatuta jarraitzen” dutela salatu ostean, ziurtatu du aitortza egingo zaiola etorkizunean ere. “Jada 30 urte igaro dira, eta gure memoria, zein memoria mantentzen duten pertsonak pixkanaka badoaz. Egoera horretan, Gurutzeren irria herriko plazara ekartzea, batzuek oroitzapenak mantentzeko eta belaunaldi gazteenek galderak egiteko balio behar du. Injustiziak ez dira ahaztu behar eta, bai ordea borrokatu!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!