Sanmielak 2023

“Lotsarekin dugun harremana lantzeko aukera ematen digu Albabarrunak”

Jon Ander Ubeda 2023ko ira. 26a, 07:20

Alba Quel, Olaia Ruiz, Naroa Artetxe eta Alba Cabrera, joan den urteko Sanmieletan.

Herriko jaietan hutsik egiten ez duen taldea da DJ Albabarruna. Aurten, ostegun gauean izango da, txosna-gunean.

Hemen datoz Sanmielak, eta taldearen bosgarren urteurrenean, oholtza gainean ariko zarete ostegunean.

2018an hasi ginen, modu inprobisatuan, Poxta Zaharren hamabosgarren urteurrenean. Harrezkero, hariari tira egin eta makina bat herritan izan gara, gertu nahiz urruti: Hernani, Bergara, Aretxabaleta, Zumarraga, Zestoa… Dena dela, erosoen Urnietan sentitzen gara, etxekoez inguratuta. Aurten, Sanmieletan, ostegunean izango gara, eta oso pozik gaude, egun oso berezia baita guretzat, herri guztia elkartzen baikara txosna-gunean.   

Zuen play-zerrenda aurretik al dago erabakita? Zenbatetan ez da bete aurreikusitakoa?

Ordu luzeko abesti-zerrenda daukagu, estilo eta genero asko uztartuta. Aldez aurretik. bilerak egin ohi ditugu, koreografiak entseatu, ikuskizuna pixka bat egituratu eta, lauon artean, kantuen zerrenda pentsatzeko. Normalean, gehienbat, hasiera eta bukaera pentsatzen ditugu, eta, tartekoa unean-uneko giroa irakurrita erabakitzen dugu. Alegia, oso gutxitan betetzen dugu aldez aurretik erabakitakoa. Dena dela, malgutasuna edukitzea egokia dela iruditzen zaigu, hau da, mesedegarria zaigu aldez aurretik gutxieneko egitura bat zehaztuta edukitzea. Horren gainean, ordea, giroaren arabera erabakitzen joan ohi gara, erritmo mantsoagoetatik hasi, pixkanaka intentsitatea igotzen joan eta, bukaeran, “eztanda” egiteko.

Zeintzuk dira hutsik egiten ez duten kantuak? Kantuen aukeraketan, ba al dago mugarik? Edozein kantu jartzeko prest zaudete?

Aipatutako bilera horietan, koreografiak asmatzen eta entseatzen ditugu. Horiek, oro har, beti egiten ditugu, ez dute hutsik egiten, besteak beste: Orain (Hemendik at), Played a live (Safri duo), SeÒoras bien (Las Bistecs)... Esan bezala, kantuen aukeraketan, oreka bilatzen ahalegintzen gara: euskarazko betiko abesti arrakastatsuei tokia ematen diegu, baina beste hizkuntza eta genero batzuetako doinuak sartzen ditugu: cumbia, reggaetoia, musika elektronikoa… Zerrenda itxia da, abestiak banan-banan deskargatzen ditugulako. Beraz, jendeak eskatzen dizkigun kantuak gure aukeraketa luze horretan ez badaude, ez ditugu jartzen. Hurrengo ikuskizunei begira, kontuan hartzen ditugu proposamenak.

Bateragarriak al dira musika jartzea eta mozkortzea?

Edariari neurria hartuta igo ohi gara oholtza gainera. Are gehiago esango dizugu, batzuetan, ura edaten dugu, soilik (beste batzuetan, ez). Goizeko ordu txikiak arte egon ohi gara gora eta behera, ezker eta eskuin dantzan, eta horrek nahikoa motibazio ematen digu gau osoa irauteko. Behin, esaterako, Hernaniko San Juanetan, ekainaren 23an, zazpi orduz egon ginen musika jartzen, gauerdiko 00:00-etan hasita. Hori bai, behin ikuskizuna amaituta, leher eginda gaude!

Gaueko 23:00tan eta goizaldeko 03:00tan gauza bera edaten al duzue?

Batzuetan, ura edaten dugun bezala, beste askotan, ez…! Garagardo eta ardo zaleak gara, eta, normalean, horrekin hasi ohi gara. Orduek aurrera egin ahala, konbinatuak ere edaten ditugu. 

Lagunen eta ezagunen artean aritzeko lotsagabe samar izan behar da?

Lotsarekin dugun harremana lantzeko aukera ematen digu Albabarrunak. Ez da erraza izaten oholtza gainera igo, zoroarena egin eta, tarteka, barregarrikeria egitea. Ahalduntzen lagundu gaitu urte hauetan guztietan, jendaurrean, taula gainera igotzea ez baita lan makala. Asko babesten dugu elkar eta begirada konplize pila izaten ditugu “ikuskizunean”. Elkarren lagun handiak gara, kuadrillakoak. Parranda-giroan dantza egitea izugarri dugu gustuko eta Albabarrunak deshinibiziorako aukera ematen digu, guri, baina baita gu ikusten edo entzuten ari direnei ere. Dantzazalea ez den jendeak ere saltoka bukatzen du, epaiak alde batera uzteko aukera ematen dugulako. Aipatu beharra dago, gertukoak, lagunak eta etxekoak gure zoramen horren oso zaleak direla; babes handia ematen digute beti.

Biharamunean, ajeaz gain, zer bestelako zehar-kalte izaten dituzue?

Maiz, fisikoa bezain emozionala izan ohi dugu ajea, intentsitate handiko momentua delako guretzat oholtza gaineko unea. Hala, nekatuta bukatu ohi dugu show-a. Bestalde, pentsa, axubetak ere eduki izan ditugu!

Zer da jaietan gehien gogoko duzuena?

Herriaz beraz eta elkarren arteko konpainiaz gozatzeko aukera izan ohi dugu urnietarrek San Miel jaietan. Herritik kanpo bizi denak ere aitzakia ederra izan ohi du Urnietara itzultzeko. Ostegun gaua da horren erakusle, herri osoa biltzen baikara txosna-gunean. Aurten, guri dagokigu gaua girotzea… Prest?

Erlazionatuak

Ospakizunez beteriko bost egun aurretik

Alba Cabrera Jauregi 2023 ira 24 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!