Xabier Lete bereziki gogora ekartzen ari dira egunotan, bere jaioterrian

Aiurri 2024ko urt. 13a, 12:04

"Lete" eskultura inauguratuko dute Oiartzunen bihar, igandearekin (Argazkia: Oiartzungo Udala)

Idazle eta abeslariaren jaiotzaren 80. urteurrena dela-eta, asteburuan ekitaldi sorta antolatu dute bere jaioterrian. Besteak beste, bi bideo-elkarrizketa, “Lete” eskulturaren inaugurazioa eta “Hesia urraturik” emanaldia iragarri ditu Oiartzungo udalak.

Atzo ekin zioten ekitaldi sortari, eta bere bizitzari buruzko bi bideo-elkarrizketa ikusgai jarri zituzten Oiartzungo udaletxeko batzar-aretoan. Etenik gabe ikusteko moduan daude, gaur eta bihar ere 10:00-13:00 bitarte. Bi ikus-entzunezko horietan, besteak beste bere arreba Arantxaren eta Joxe Angel Irigarai idazle eta kulturgilearen testigantzak biltzen dira.

Iganderako prestatu dute ekitaldi nagusia. Xabier Lete Bergaretxe gaur egun kultur etxea den Landetxe etxean jaio zen. Bada, bere aurrean, “Lete” izenburua daraman eskultura inauguratuko dute 18:30ean. Segidan, “Hesia urraturik” emanaldia izango da, Leteren 10. heriotza urteurren ospakizunerako, Joxan Goikoetxeak idatzitako oratorio sinfoniko-korala.

Xabier Lete Oiartzunen 1944ko apirilaren 4an jaio zen, eta 2010ko abenduaren 4an zendu zen. Urnietako herrira lotuta bizi izan zituen hainbat urte.

Arrasto sakona utz zuen Letek kantagintzan, olerkigintzan eta euskalgintzan orohar egin zuen ibilbideagatik, eta bereziki bere jaioterrian eta bizitokian eduki dute beti gogoan.

Hil eta urtetara, bere obrak ez du gaurkotasunik galdu, eta urrutira gabe, horren lekuko da 2022ko abenduan, bere lirika jasotzen duen bilduma argitaratu izana bost argitaletxek elkarrekin, "Poema eta abesti guztiak" izenburupean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!