[MASKOTAK ETA DOLUA]

Mendiren oroitzapena, lepokoan

Aiurri 2024ko eka. 19a, 07:57

Arrasto sakona uztera iritsi dira animaliak, jendartean. Eta, heriotzaren ostean, txakurra gogoan hartzeko hamaika aukera dago. Ohikoa da gure artean bizi izandako animaliaren argazkiak etxean toki berezia hartzea. Eta ez dira gutxi, hildako animalia erraustu eta gero, kutxatxo batean gordeta dutenak.

Alba Blanco eta Irati Rosco, lepokoa eskuetan dutela.

Alba Blanco eta Irati Rosco gazteak Urnietan bizi dira, eta Mendi txakurra oso gertuko zuten. Animaliaren jabea, berez, Juanito Blanco da baina hark lantegian eta tabernan ordu asko ematen dituela-eta, ohikoa zen Alba eta Irati auzoan eta inguruan Mendirekin pasieran ikustea.

Duela gutxi, ezusteko latza izan zuten. Egun hartan Juanito kanpoan zen, eta Iratik hartu zuen Mendi kalera ateratzeko ardura. Trenbidetik gertu zebiltzala, hegaztiren baten peskizan-edo, ziztu bizian atera zen. Zoritxarrez, une horretan trena bertatik igarotzen ari zen, eta txakur maitea aurretik eraman zuen. Disgustua handia izan zen Iratirentzat: Antsietateak jota, ezinean geratu zen. Albistea jakinarazi orduko, atsekabea zabalduz joan zen Mendi maite eta zaintzen zutenen artean.

Txakur maitea burutik kendu ezinik, ideia bat izan zuen Albak. Internet sarean ikusi zuen bazirela animalia gogoan hartzeko produktuak, eta Iratirentzat lepoko berezia erosi zuen. Lepokoak txakurraren hatz-markaren itxura da eta, barruan, kristaltxo batean, Mendiren irudia ageri da. Lepokoak badu aukera bat, ikusgarri bilakatzen duena: Eskuko telefonoaren linterna lepokora gerturatuz gero, paretan Mendiren irudia ageri da.

Lepokoan ageri den Mendiren argazkia.

Internet bidez erosi, banatzailearen bitartez etxean jaso eta proba egin orduko, zirrarari ezin eutsiz, negarra gogotik egin zuten Alba Blancok, haren osaba Juanitok, Irati Roscok eta haren aita Txominek. 

Izan ere, arrasto sakona utzi du Mendik, lau protagonisten bihotzean.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!