[Ehizarako txakurrak]

“Ez dut txakurrik sartuko etxean, oso argi daukat hori”

Aiurri 2024ko eka. 21a, 07:27

Juanito Blanco lantegi batean ari da lanean, eta soldata osatzeko hainbat ordu egiten ditu ostalaritzan. Eskarmentua badu barraren bestaldean, eta horrexegatik ezaguna da Urnietan. Batzokiaren eta Kantoi tabernaren arduraduna izan zen, iraganean. Egun, lanaldia osatzeko ordutxo batzuk egiten ditu San Juan plazako tabernan.

Tailer batean ari zara lanean eta soldata osatzeko Kantoin aritzen zara. Txakurrekin egoteko tarterik al duzu?

Bai. Tailerraren parean dut txakurren etxola, eta lanetik atera jana eman, garbitu eta kalera irteten ditut. Astebururo mendira noa txakurrak lagun hartuta.

Ehizaz harago, beraz, gustuko dituzu txakurrak.

Konpainia handia eskaintzen du animaliak. Ezkongabea naiz, eta nire bidaideak direla esan dezaket. Ez dut txakurrik sartuko etxean, oso argi daukat hori. Ez dut hori nire bizitzan sekula egingo. Ez dakit nola sartzen duten txakurra etxean. Badira ohera sartzen dituenak ere. Ulergaitza zait hori. Txakurrak ez dira pertsonak. Albaitari batek egingo lukeen bezala zaindu behar da, hori bai.

Etxola batean dituzu, beraz, gordeta.

Halaxe da. Baratzea dugu eta bertako etxolan ditugu txakurrak. Oso zainduta dauzkat, laguntzaile eta guzti ditudalako. Ezinezkoa zaidanean Iratik, Albak, Antoniok edo Txominek ordezkatzen naute. Txakurrak ez dira kalera irten gabe eta janik eman gabe geratzen.

Zein txakur dituzu, gustukoen.

Bretoiak genituen, lehen. Ehizarako postuan egoteko aproposenak dira, eta berriki setter bat oparitu didate. Mendi zortzi urteko txakurra trenak harrapatuta hil zen eta Nafarroako lagun batzuk oparitu zidaten. Hiru txakur izan nituen, baina orain bakarra daukat Argi izenekoa. Mendi hil zen, eta Lur, egun, ehiztari batzuekin bizi da Beloradon.

Zergatik ditugu gogoko?

Konpainia onagatik, esan dizudan bezala. Eta, ehiza garaian, txakurra lanean ikustea gozamen hutsa da. Mundu hori arrotza zaionari zaila zaio diodana ulertzea. Eperraren eta oilagorraren atzetik egiten duen lana ikusgarria da. Ehiztariak trebetasuna behar du, baina ehiza-garaian lan gehiena txakurrak egiten du.

Ehiza zure zaletasun handiena da?

Une honetan, bai. Txakurraz gain, hudoa hartuta joaten gara ehizara. Zehazki, Nafarroara, eta, bereziki, untxiak harrapatzera. Hudoak Urnietan bertan ditugu, nire lehengusuarenak dira.

Animalia hori ere nekagaitza da: untxiaren arrastoa jarraitu eta lepoan kosk egiten dio. Untxiak aurre egiten dio eta, bitartean, ehiztariok untxia zuloren batetik noiz atera zain izaten gara. Untxi-izurritea bizi dute Tutera, Ablitas, Cascante eta Murchante aldean. Hango nekazariek eskuak zabalik hartzen gaituzte.

Ehiza oso gogoko dut eta Urnietan, gainera, oso maila onekoak ditugu: Imanol Fagoaga, Xabier Garmendia, Urtzi Oiarbide eta ibilbide oparoa osatu duen Jose Luis Toledotxiki.

Ehiza garaian, berriek erakusten duten ilusioak gaztarora narama.

 

Mendirekin ageri da, mendian eta elurretan.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!