Eguerdian emango diote urnietarrek hasiera ospakizun-giroari, Poxta Zaharren eskutik egongo den poteoarekin. Frontoi tabernatik hasita, Plazido Muxikan amaituko dute itzulia, eguerdiko 14:30ean herri bazkaria egingo baitu gazte kuadrillen elkarteak. Bi menu izango dira, aukeran, 15 euroan: batetik, makarroiak, oilaskoa zein postrea, eta, bestetik, menestra, pasta-entsalada nahiz postrea. Behin tripa bapo beteta, arratsaldeko hitzorduei emango diote segida, sketch-ekin eta jolasekin, eta, ondoren, Bixkor txarangak girotuko ditu kaleak.
Era berean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, mozorro-kalejira izango da, San Juan plazatik abiatuta (euria eginez gero, Egape Ikastolan), urtero bezala, Bosko Anitz txarangarekin. Hala, behin erakustaldia eginda, mozorro originalenak aukeratu ditu Bosko Anitz aisialdi-taldeak.
Eguna biribiltzeko, Abiba disko jaia egongo da Idiazabal kalean, bi ordu-tartetan: 19:00-21:00 bitartean zein 22:30-00:30 bitartean. Kasu horretan ere, euria egingo balu, Egape Ikastolan izango litzateke.
Trafiko-oharrak
Goizeko 11:00etatik aurrera, Idiazabal kalea oinezkoentzat itxita egongo da, Arantzubitik
Kandela tabernaren parera. Ondorioz, bi autobus-geltoki izango dira, Idiazabal kaleko mozketak irauten duen bitartean: Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean eta Ermotegiko Langardako biribilgune berrian. Taxi geltokia, bestalde, Idiazabal kalean, Elkarteen Etxearen ondoan dagoen autobus geltokira aldatuko da.
Inauteriak, Gaztelekuan
Gaztelekuan ere izango da ospakizunik: hilaren 28an, bezperan, alegia, ospakizun-festa egingo dute, mozorroak soinean. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, merendola eta mozorro-lehiaketa izango da, eta, azkenik, iluntzeko 19:00tan, sarien banaketa egingo dute.