SANMIELAK 2025

Txosnagunea, kolokan

Aiurri 2025ko uzt. 2a, 15:22

Uda aurrera doa eta Sanmielak geroz eta gertuago daude. Urnietako Txosna Batzordeak agerraldia deitu zuen atzo beren kezka herritarrekin partekatzeko: Udal gobernu-taldearen jarrera aldatu ezean, planto egiteko prest daude.

Uda sasoia amaitzearekin batera iristen dira Urnietara festa nagusiak. Ospakizunak hartzen du herria irailaren amaiera aldean, Mielaren etorrerarekin batera. Hori horrela, buru-belarri egiten dute lan urte osoan herriko askotariko eragileek, adin eta gustu guztiei begirako egitaraua josteko asmoz. Alabaina, kalera atera ziren atzo arratsaldean urnietarrak, herriko Txosna Batzordeak deituta, “Urnietako txosnak, arriskuan” lemapean. Txosnaren bueltan biltzen den eragileen ordezkaritza zabala izan zuen Plazido Muxika plazan egindako agerraldiak, Sanmielei begira, Udal gobernu-taldearekin izaten ari diren harreman gatazkatsua salatzeko xedez: “Udal gobernuaren esku dago, ez bada egoera aldatzen Txosna Batzordeak ez ditu festak antolatuko”.

Mobilizazioan aipatu bezala, orain bi urte, 2023. urtean sortu zen batzordea, herriko askotariko eragileen elkarbizitzaren alde, txosnagunearen kudeaketa artikulatuago bat eraikitzeko asmoz, “lehen zegoen gabezia gaindituz eta txosnagune justu eta eraginkorrago bat sustatuz”. Hori horrela, eragileek aipatu dutenez, 2024. urteko irailean, “Txosna Batzordea kontuan hartu gabe, beren jardunarekin zerikusia zuen ordenantza berria atera zuen Urnietako Udalak: “Bertan, txosnagunearen gaineko kontrola hartzen dute, besteak beste, isun ekonomikoak ezarriz, adierazpen askatasuna mugatuz edota kokalekua eta eragile kopuru maximoa erabakiz”.

Bide horretan, urtea hastearekin batera ekin zion Txosna Batzordeak aurtengo Sanmielak antolatzeari. Nolanahi ere, isiltasuna izan da, batzordeak agerian jarri duenez, Udal gobernu-taldearekin elkarrizketa-bidea irekitzen ahalegintzean jaso duen erantzuna: araudi berriaren gaineko eztabaida, txosnen irekiera egunen zehaztapena, aurrekontua…“Horrez gain, Udal gobernuak aukeratu du txosna nork jarri eta nork ez, beraien irizpideen arabera. Horrela, Txosna Batzordearen parte diren eragile batzuk kanpoan utzi ditu”.

Horren aurrean, postura garbia dutela aldarrikatu zuten eragileek: “Txosna Batzordea da txosnagunea kudeatzeko dagoen talde zilegi bakarra. Hau osatzen duten eragileak dira urte osoko lana aurrera eramaten dutenak eta ez dugu onartuko inork gure jarduna zapuzterik”. Horrenbestez, Sanmieletan herriko txosnagunea arriskuan dagoela salatu zuten prentsaurrekoan: “Urnietako txosnak arriskuan daude, baina guk argi dugu: herritik eta herriarentzat izan behar dira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!