Martxan dira Egape Ikastolaren Bigarren Hezkuntzako institutuaren obrak

Aiurri 2025ko uzt. 3a, 12:55

Mende laurden inguruko bide korapilotsuaren ondoren, argia ikusiko du Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako institutuak. Urnietako Udalak ohar bidez zabaldu bezala, gaur hasi dira eraikina altxatzeko obrak: "Ikasle zein irakasleek instalazio modernoak izango dituzte". Hala, Hezkuntza Sailaren arabera, bi urteko exekuzio-epea izango dute hamar milioi eurotik gorako kostua hartuko duten lanek, "obrak hasten diren unetik kontatzen hasita". Hortaz, gauzak ondo bidean, 2027-2028 ikasturteari instalazio berrietan ekingo diote Urnietako nerabeek. 

Atzera begira ipinita, egitasmoaren nondik norakoak xehetasunez azaldu zituen joan den urteko ekainean Hezkuntza Sailak: Haur eta Lehen Hezkuntzako Egape ikastetxearen ondoko lursailean eraikiko da institutua, hain justu ere, pista estaliaren atzealdean. Hala, Eusko Jaurlaritzak zehaztu zuenez, "3.761,44 metro koadroko azalera eraikia izango du guztira" eta eraikuntza bera eremu horretako hirigintza-garapenean kokatzen dela kontuan hartuta, aurriekusita dago etorkizuneko Babiloniako bulebarra izango den horretan kokatuko da sarbide nagusia. Horrez gain, proiektuak beste bi sarrera proposatzen ditu, Lizardi kaletik zein alboko ikastetxe publikoko jolas-eremuetatik: "Horrek hezkuntza-etapa desberdinetako bi ikastetxeen arteko komunikazio fisikoa ahalbidetuko du". Hori horrela, ohar berean, 2023an onartutako proiektuak jasotzen dituen nondik norakoen berri eman zuen Hezkuntza Sailak:

  • Beheko solairuan, administrazio- eta zuzendaritza-gunea: idazkaritza, zuzendaritza-bulegoak, bilera-gelak, irakasle-gela, informatika-gela, zientzia-laborategia, plastika-gela eta zereginen ikasketa gela.
  • Erdisotoko solairuan, hainbat gune: erabilera anitzeko gela, musika/ikus-entzunezko/irrati gela, jantokia, zerbitzu orokorrak eta instalazioen gelak.
  • Lehenengo solairua: DBHko gela arruntak, teknologia-gela eta pedagogia terapeutikoko eta orientazioko gelak.
  • Kanpoaldea: Gimnasio eta aldagelak eraikiko dituzte, pabiloi independente batean. Gimnasioaren eraikuntza-bolumen horrek estalkia eta egitura partekatuko ditu kanpoko kirol-kantxa estaliarekin.

Aste honetan, legegintzaldiaren erdira iritsita, bi urteko ibilbidearen balorazioa egin du Urnietako jeltzaleez eta sozialistez osatutako Udal gobernu-taldeak. Hori horrela, legislaturaren errepasoan, geldialdia egin zuen Jorge Segurado alkateak, Egape BHI eraikinaren gainean: "Oso pauso inportantea da guretzat, herri gisa azken garaiotako garrantzitsuena. Badakizue oso atzetik datorren borroka dela, urte askotako lanaren ondoren iritsi da esperotako momentua". Hala, eskertza berezia luzatu zien "egun hau iristea posible egin duten pertsona guztiei", besteak beste, guraso-elkarteei, eskolako zuzendaritzari edo alderdi politikoei. Hori horrela, patio inklusiboa eraikiko dela ere gehitu zuen agerraldian alkateak: "Eraikin berria bukatzen denean, parkea martxan egotea da gure asmoa eta horretarako lan egingo dugu". 





 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!