SANMIELAK 2025

Urnietako Txosna Batzordea: “San Migel jaietarako ez dugu txosnarik jarriko, ezta jai egitaraurik antolatuko”

Aiurri 2025ko abu. 20a, 10:36

Txosna Batzordea, uztailaren 1ean Plazido Mujika plazan egindako agerraldian

Irmo azaldu da, ohar bidez, berriki, Urnietako Txosna Batzordea: aurten, ez dute txosnarik jarriko irailaren amaierako Sanmieletan, ez eta egitaraurik antolatuko ere. Txosnagunea kolokan zegoela adierazi zuten eragileek uztailaren 1ean egin zuten agerraldian; Udal Gobernu-taldearekin azken hilabetetan edukitako harreman gatazkatsua salatu zuten bertan. Hala, denbora igarota, “aldaketa bermerik ez dagoela ikusita”, honako ohar hau zabaldu berri dute, urnietar guztiei zuzenduta:

“Azken bilera irekia egin genuenetik hilabete pasa da. Badakigu gure berrien zain zaudetela, baina orain artean ez badugu informazio berririk eman, aurrera pauso aipagarririk egon ez delako izan da. 

Prentsaurrekoari esker, udala gurekin harremanetan jartzea lortu genuen eta negoziaketarekin hasteko prest zeudela adierazi ziguten. Hortaz, ordenantza aldatzeko gure proposamena luzatu genien, puntuz puntu azaldua, eta beraien proposamenarekin erantzuteko konpromisoa hartu zuten.

Adostutako epeetan ez dugunez proposamenik jaso, ezin izan dugu negoziaketa hasi.

Hori dela eta, aldaketarako bermerik ez dugula ikusita, 2025ko San Migel jaietarako ez dugu txosnarik jarriko ezta jai egitaraurik antolatuko, nahiz eta hurrengo urteari begira negoziaketarekin hasteko prest gauden. 

Aurrerago deialdi ireki bat luzatuko dugu informazio gehiago emateko asmoz”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!