"Urnietako Txosna Batzordeak atzo argitaratutako informazioaren arabera, "ez dugu txosnarik jarriko ezta jai egitaraurik antolatuko", Urnietako Udalak garrantzitsua deritzo zenbait gai argitzea.
Lehenik eta behin, argitu behar da Urnietako Udala hainbat aldiz bildu dela txosnetako kolektiboarekin (uztailaren 16an, 23an eta 30ean), eta bi aldeen arteko komunikazioa etengabea izan dela.
Egindako eskakizunen artean, ordenantza aldatzea eta berriaren zirriborroa egitea eskatzen zen, bai eta Txosna Batzordea legitimizatzea ere, jaien inguruan zer gertatzen den erabakitzen duen erakunde bezala.
Horri dagokionez, Urnietak badu iaz onartutako ordenantza bat, txosnetako jai-gunea arautzen duena, eta inork ez zion ekarpenik egin, ez elkarteek, ez gaur egun Txosna Batzordea ordezkatzen duten pertsonek. Iaz, Urnietako jaietan Txosnak egon ziren ordenantza berarekin, aurten Txosna eskatu duten elkarte berdinekin, eta ez zen arazorik izan. Txosnak eta horien inguruko jarduerak normaltasunez egin ziren. Zehaztu beharra dago ordenantza hau Gipuzkoako beste herri batzuetakoaren antzekoa dela.
Aurten, Txosna jartzeko eskaera kopurua handitu denean sortu da arazoa. Hori dela eta, protesta bat hasi zuten eta ordenantza aldatzeko eskatu zuten. Eskaeretako bat bertan behera geratu zenez, txosnen konfigurazioa aurreko urteko berbera zen berriro, elkarte berdinekin, eta, beraz, arazoa konponduta gera zitekeen.
Udala hainbat aldiz elkartu da, hiru aldiz aurrez aurre, eta udal teknikaria etengabe egon da harremanetan Txosna Batzordearekin. Topaketa guztietan elkarrizketarako borondatea erakutsi dugu adostutako irtenbide bat bilatzeko, eta honako hau planteatu dugu:
• Urnietako Udala ados dago ordenantza aldatzeko prozesu bati ekitearekin, araudi pluralagoa lortzeko eta, ondorioz, herriari bizia ematen dioten elkarteak gehiago gogobetetzeko.
• Egin beharreko aldaketak egiteko denbora behar da legezko izapideetarako, eta hala jakinarazten diegu elkarte guztiei; beraz, aldaketa ezin da egin jaiak baino lehen.
• Eskatutako aldaketen artean, legezko artikulu batzuk ezabatzea eskatzen da, baina udal ordenantza bat denez eta legezkotasunari lotuta daudenez, agertu egin behar dira.
• Testua berrikustea eta aldatzea onartu da: Txosna Batzordeari protagonismo handiagoa ematea onartu da, baina beharrezkoa da Txosna Batzorde horrek argitzea zer legezko erakunde izango duen, txosnaren esleipendunak hautatzeko modua, zer estatutu izango duen… Azken batean, nola funtzionatuko duen.
• Uste dugu erakunde publiko bat garen aldetik, bermatu behar dugula txosnetan egon nahi duten elkarteen lehia askea eta aukera-berdintasuna. Eta hau idatziz jaso behar da.
Gaur egun, Urnietako Udalak planteatutako gai horiek guztiek ez dute Txosna Batzordearen erantzunik jaso. Txosna Batzordea erakunde gisa ordenantzaren barruan sartzeko, aldez aurretik galdera horiei guztiei erantzun behar zaie. Beraz, oraindik ez dago ordenantzaren zirriborro berririk.
Gainera, Urnietako Udalak uste du gainerako elkarteek ere oniritzia eman behar diotela azken dokumentuari. Zirriborroa kolektibo guztien artean landu behar da, eta prozesu hori nekez konpondu daiteke 15 egunetan.
Puntu honetara iritsita, Urnietako Udalak hartutako aldebakarreko erabakia penaz hartzen du. Hala eta guztiz ere, ordenantzaren gainean lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten du, jai batzordearekin elkarlanean, gure herriko jaiak aurrera eramateko. Txosnetarako gunea erabilgarri egon da, dago eta egongo da, eta Urnietako Udalak prest jarraituko du txosnagunea egon dadin. Azkenik, musika eta kultur eskaintzak jaietako programazioan jarraituko duela argitzen da".