"Aurtengo Samieletan, elkar ikusiko dugu txoznetan!"

Lide Ruiz Telleria 2026ko maiatzaren 22a

Txosna Batzordeak agerraldia egin du gaurkoan, Sanmielen harira lortutako akordioaren berri emateko.

Agerraldian euren ikuspegia azaldu dute. Honatx, osotasunean, prentsa-agerraldian adierazitakoa.

Txosna Batzordearen adierazpena

"Jakingo duzuenez, 2025eko udaran Txozna Batzordeak eta herriko hainbat eragilek planto egin eta txoznarik ez jartzea erabaki genuen, hauek arautzen zituen ordenantza onartezina zelako. Erabaki hau ez zen bat batekoa izan, denbora luzean zehar udalaren jarrerak sortutako blokeo egoera eta gauzak aldatzeko borondate ezak bultzatua baizik. Egoera salatu eta erabakia publiko egin ostean, udalak aldebakartasunez harremana haustea erabaki zuen, eskatzen genuen bilera oro baztertuz. Bestalde, Udal Gobernutik eta EAJ-PNV-ren partetik akusazio faltsu eta difamazio kanpainak jasan behar izan genituen.

Egoera tentso hau bizitzen ari ginen momentuan, Udal Gobernuak bitartekaritza enpresa bat kontratatzea erabaki zuen, eztabaida hau kudeatzeko ezintasuna agerian utziz. Prozesu luze honek, batetik, diru publikoaren xahuketa zentzugabea ekarri du. Bestetik, gure lan militantearen zati bat honi bideratuta izatea: soldata batetik harago doan denbora eta sakrifizioa.
Azken finean, hainbestetan parte hartzea sustatzearen ideia zabaltzen badute ere, errealitatean guztiz kontrakoa da. Benetazko parte hartze prozesuak, herriaren errotik ateratakoak, zapuztera eta oztopatzera bideratu dituzte haien indarrak.

Hilabete hauen ostean, aurrera eramandako borroka honek bere fruituak eman ditu, eta txoznen ordenantza bertan behera uztea lortu dugu. Honen ordez guk eskatzen genituenak biltzen dituen hitzarmen duin bat sinatzea ere. Akordio honek Txozna Batzordea zilegiztatzen du eta, besteak beste, txoznagunearen kontrola eta kudeaketa esleitzen digu, hasieratik eskatu dugun bezala. Herritik herriarentzat.

Herriaren borondatea errespetatuz.

Txozna Batzordea osatzen dugun eragileok sinisten dugun lan egiteko moduan. Aisialdian bezela, bizitzako beste gainontzeko arlotan ere.

Izan ere, ezin degu onartu Udal gobernuaren prozesu honen gaineko irakurketa; parte hartzeari gorazarre egitea hauteskunde aurreko ondo neurtutako zuriketa lana dela argi dugu. Hiprokesiaz jantzitako hitzak. Ezin degu bestela ulertu Gaztetxea bezelako herri ekimena suntsitzea eta alternatibarik ez eskeintzea. Edo orain arteko legealdian Txozna Batzordea edo beste hainbat eragileekin izan duen jarrera ezkorra eta autoritarioa.

Zaila zirudien arren gure helburuetako asko lortu ditugu, antolakuntza eta konpromisoaren bitartez baldintza hobeak ditugu orain. Hasieratik genuen ideia indartzen du honek, borrokatzeak merezi duela! Hemendik aurrera ere beharrezkoa den momentuetan berdina egingo dugu.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkizuegu borroka hontan parte hartu eta babestu gaituzuen norbanako zein eragileei, borrokarik gabe ez litzatekelako hitzarmen duinik egongo. Bestalde, hasieratik aldarrikatu dugun bezala, Txozna Batzordea irekia da eta eragile orori bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diogu.

Besterik gabe, aurtengo Samieletan, elkar ikusiko dugu txoznetan!

GORA URNIETA!
GORA TXOZNA BATZORDEA!".

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!