Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresako kudeatzaileak eta Kike Elizalde intendenteak prentsaurrekoan esan dutenez, “Ansa II hilabete batez ez programatzeko hasierako erabakiaren helburua ez zen soilik gertaeren aurrean pilotariari arreta deitzea. Momentu hartan, Oriamendik beharrezkotzat jo zuen egoera patxadaz aztertzeko denbora nahikoa hartzea, gertaera guztiak baloratzea eta unean uneko erabaki presatiak edo baldintzatuak hartzea saihestea”.
Enpresaren bertsioaren arabera, denboraldi horretan, Ansak “hainbat bilera eta elkarrizketa" egin zituen beste pilotari batzuekin, "eta horietan enpresaren kontrako jarrera sortzen saiatu zela, gertaera jakin batzuei garrantzia kenduz eta Oriamendiren erabakiak eragin zituzten jarduera batzuen garrantzia zalantzan jarriz”.
Horrela, Oriamendi enpresak uste du “ez dagoela beharrezko baldintzarik konfiantza berreskuratzeko, hau da, enpresak antolatutako txapelketetan Ansa II berriro programatzeko ezinbestekoa den kirol eta lanbide normaltasuna”.
Azkenik, enpresaren eskutik datozen banakako eta binakako txapelketetan Ansa ez sartzeko erabakia behin betikoa dela adierazi dute.
Enpresak zabaldu duen adierazpen osoa, hemen.
Txapelketan jokatzeko eskubidearen aldarria
Joan den abuztuaren 7an, Oriamendik Banakako Erremonte Txapelketaren aurkezpen ofiziala egin zuen, enpresa gisa antolatzen duen azkena. Imanol Ansa txapelketatik kanpoan uzte zuen erabakia ofizial egin zuen orduan.
Egunean bertan, Imanol Ansak, adierazpena zabaldu zuen, bere ikuspegia azaltzeko gertaeren harira. “”Banakako txapelketan jokatzeko nire eskubidea aldarrikatzen dut” adierazi zuen orduan.
Urnietako pilotalekuan egin zuen adierazpena pilotariak, eta bertan, pilota munduko pertsona ezagun askoren babesa jaso zuen.