Zanpatuz mendi taldeak antolatu duen III. Amaia Agirre Mendi Zinemaldiaren lehenbiziko saioa izan zen Txetxu Letek Saroben eman zuena atzo.
Emanaldiari ekin aurretik, aurkezpenean, Zanpatuzeko Andoni Urbistondok Urnietako bi mendizale hartu zituen gogoan: Patagonian 2023ko urtarrilean hil zen Amaia Agirre Gonzalez, eta joan den uztailean Midi d´Ossau gailurrean hil zen Ander Elustondo, hain zuzen. Txalo zaparradarekin erantzun zioten Saroben bildu ziren mendizaleek.
Gaurkoan, Tasio Martin Elorrieta eskalatzaileak Fitz Roy mendi dotoreko ekialdeko ertzean egina duen balentria izango du hizpide, Saroben.
Leteren kontakizuna eta bideo zati ikusgarriak
Hitzartzeak eta espedizio hartan egindako bideo-grabazioak tartekatu zituen Saroben Txetxu Letek. Berez, orduan egindako grabazioekin osatu zuten ikus-entzunezkoa erakutsi zuen, eta oso jakigarria eta ikusgarria gertatu zen emanaldia, Saroben bildu ziren mendizale ugarientzat.
Emanaldia erakaragarria izan zen atzoko saioa, Leteren hitz-jarioagatik ez ezik, baita ere XX. mende hasierako teknologiak ematen zuenarekin egindako proiekzioa ikusteko aukera edukitzeagatik.
Dena esatera, kalitatez pittin bat zaharkitua geratzen da gaurko begietatik aztertuta, batik bat alderatzen badugu oraingo punta-puntako teknologiarekin egiten diren mendizaletasunari buruzko ikus-entzunezko moderno-modernoekin.
Nolanahi ere, Letek eta orain 25 urteko ikus-entzunezkoak, biek ere ederki transmititu zuten mendizaletasunaren espiritua eta xarma, zalantzarik gabe.
Era horretan, Letek lortu, lortu zuen Aiurriri eskaini zion elkarrizketan aipatu zuen helburua: egungo mendizale gazteei beste perspektiba bat ematea, alegia. Esaldi bakar batekin laburbildu zuen gogo hori, aipatu elkarrizketan: “Gurea wi-firik gabeko mendizaletasuna zen. Egun, 9. gradua gainditu eta zabaltzen ez baduzu, ez zara inor”.
Atzoko emanaldiaren zati bat, hemen ikusgai: