Eguberrietako erosketak egiteko aukera bikaina izango da Zizurkilen, abenduaren 3an. Aiztondo bailarako ekoizleek euren postuak jarriko dituzte bertan. Jakiak eta artisautza postuak izango dira aukeran Joxe Arregi plazan. Goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak azoka bereziak, eta eguerdiko 14:00ak arte egongo da zabalik.
Urriko Azoka Bereziak eman zuen Eguberrietako azoka berezia antolatzen hasteko bidea. Ainhoa Larrea kultur teknikariak azaldu duenez, “urriko azokan postua jartzen duten ekoizle batzuk luzatu zuten proposamena. Zizurkilen komertzio gutxi dago eta, egokia iruditzen zitzaien abenduan beste azoka bat antolatzea, bertako herritarrei Eguberrietako erosketak egitea ahalbidetzeko. Oso ideia egokia iruditu zitzaigun eta martxan jarri ginen”.
Inguruko ekoizleak
Aiztondo bailarako artisau eta ekoizleak gerturatzen dira Eguberrietako azokara. “16 postu inguru izaten dira eta, jende asko gerturatzen da. Oso mugimendu polita sortzen da egun horretan Joxe Arregi plazaren inguruan. Inguruko barazkiez gain, Eguberrietako gozoak eta artisautza produktu ugari egoten da aukeran”.
Azokari ukitu berezia emango dioten bi postu ere izango dira. Batetik, Divinas taldeko kideek postua jarriko dute, eta bestetik, Marokoko jakiez osatutako beste postu bat ere izango da.
Erronka berezia ere badute aurtengo azokarako. “Gaztezulon lanketa berezia egiten ari gara ‘fast fashion’ edo arropa kontsumoaren inguruan. Hausnarketa eragin nahi diegu gai horren inguruan eta, horri lotuta, gazteen artean bigarren eskuko gauzen postu bat antolatu dezatela nahi dugu”, azaldu du Ainhoa Larreak.
Euskararen egunarekin bat egingo du aurtengo azoka bereziak. “Hori horrela, Olaia Toral abeslaria izango dugu azoka gunean, 13:00etatik 14:00etara, euskal kantuak abesten. Ekimen berezia abiatu dugu aurten Euskaraldiari lotuta, eta abenduaren 3an emango diogu amaiera. Euskal kantuen play zerrenda osatu dugu Zizurkilgo elkarte eta herritarren artean. Euskal kantu esanguratsu edo gustukoen proposamena bidali ahal izan du bakoitzak. Guztion artean osatutako zerrenda hori, nahi duenaren eskura jarriko dugu, erabili ahal izan dezan”.