Gerrak Zizurkilen eragindakoa, azalera

Ainhoa Gil 2024ko urt. 28a, 15:10

Argurutzeko etxabean eskaini zuen hitzaldia Joxin Azkuek, HerriBIZIgune elkartearen ekimenez.

HerriBIZIgune elkarteak antolatuta, 36ko Gerrak Zizurkilen izan zuen islada azaldu zuten joan zen urtarrilaren 12an. Hernandorena Kultur Taldeko Joxin Azkue izan zen hizlari eta hainbat herritar elkartu zen bertan

Hernandorena taldeak erabiltzen duen Argurutzeko etxabean eskaini zuten hitzaldia. Herritarren jakinmina piztu zuen hitzorduak, eta bete egin zen egoitza. 19:00ak puntuan zirenean ekin zion hizketaldiari Joxin Azkuek.

Hitzaldiarekin hasteko, zenbait argibide eman zituen: “Batetik, Gerra Zibila deitu izan diogun arren, argi utzi nahi dugu ez zela gerrate zibila izan; altxamendu militar bat eta hari emandako erantzuna baizik. Bestalde, argi adierazi nahi dut gai honen inguruan oraindik ere asko dagoela ikertzeko. Faxismoaren garaipenik handienetakoa da, nire ustez, errepresioaren inguruko isiltasuna zabaltzea lortu zutela eta ez dela guregana iritsi garai hartan gertatutakoen berri. Pixkanaka joan gara gauzak jakiten, baina beste asko falta zaigu. 2011n hasi ginen ikertzen eta hari ezberdinetatik tiraka jakin genuen, esaterako, fusilatuen berri”.

Dokumentazio falta

Zizurkilgo udaletxeko artxibategian lanean aritu dira Hernandorena taldeko kideak, 36ko Gerraren inguruko ikerketa egiterako garaian, “baina esan dezakegu garbiketa sistematikoa egina dagoela bertan. Gerrarekin zerikusia duen guztia ezabatuta dago, lapurtuta; ez dago ezertxo ere eta oso garbi ikusten da nahita egindako zerbait dela”.

Gerraren nondik norakoak azaltzeko, atzera-begirakoa egin zuen Joxin Azkuek. “1882an eraiki zen Zizurkilgo tren geltokia eta honek erabat aldatu zuen gure herria; industria etorri zen. 1910ean zabaldu zen Portu paper fabrika eta bere inguruan industria sarea sortu zen. Kanpoko jende asko erakarri zuen horrek eta Elbarrena, gaur egun duen itxura hartzen hasi zen”.

Errepublika

Testuinguru politiko orokorra ere hartu zuen ahotan Azkuek: “1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundetan, errepublikaren aldeko alderdiek irabazi zuten, erraz. Festa giroa sortu zen eta, apirilaren 14an Errepublika izendatu zuten. Beste era bateko gobernua hasi zen. Momentu hartan, Elbarrena inguruko biztanle gehienak errepublikaren aldekoak eta ezkertiarrak ziren, eta Udalari eskatu zioten bi plazen izenak aldatzeko. Herriguneko plazari Plaza de los Fueros jarri zioten, Elbarrenakoari Plaza de la RepĖ™blica”. 1933ko hauteskunde orokorretara iritsita, eskuindarrek hartu zuten, ordea, aurrea. “Alde handiz irabazi zuen eskuinak eta horrek aldaketa handia ekarri zuen”.

1936ko hauteskundeen emaitzarekin, beste aldaketa bat iritsi zen: ezkerreko alderdiak elkartuta iritsi ziren hitzordura. “Erraz irabazi zuen ezkerrak. Gobernua otsailean jarri zen martxan, eta uztailean etorri zen altxamendu militarra. Sanjurjok bideratu zuen altxamendu hura. Hegazkin istripu baten ondorioz hil egin zen Sanjurjo, eta Molak hartu zuen bere tokia. Bigarren honek ere hegazkin istripua izan zuen, eta Franco geratu zen buru”, azaldu zuen Joxinek.

Saseta defentsa sistema

Gerra hasita, Molaren ejerzitoa Altsasun barrena Beasainera iritsi ziren. “Sarraskia eragin zuten bertan. Tolosara iritsi nahi zuten, Nafarroatik zetozen beste armada batekin elkartzeko. Zizurkilera etorrita, kosta aldera egin nahi zuten. Hemen, ez zegoen euskal ejerzitorik eta egoerari aurre egin nahian, antolatzen hasi ziren. Puntu honetan, garrantzia ikaragarria izan zuen Sasetak”, azpimarratu du.

Hondarribiarra zen Kandido Saseta. “Militar abertzalea zen eta agintarien eskura jarri zuen bere burua. Azpeitian komandantzia sortu, eta han antolatu zuen eusko gudarostea. Armada frankista Zizurkilera gerturatu zenean, nola edo hala bertan eustea zen lehen helburua, Azpeitian antolatu ahal izateko denbora irabazteko. Saseta defensa sistema antolatu zen Zizurkilen eta inguruan. Zelatun eta Belkoain artean definitu zuten defentsa lerroa eta, hilabete inguruz iraun zuen”. Lehen hildakoak izan ziren defentsa sistema honetan. “Zarateko Bentan izan zen lehendabiziko hildakoa; Jose Arana, ANVko kidea”.

Teodoro Mujika zizurkildarrak egindako idatziak ere aipatu zituen Joxin Azkuek. “Oso buru ona du Teodorok eta, garai hartako pasaerak idazteko ohitura ere izan zuen. Hernandorena taldeak jasota ditu bere idatzi guztiak. Gerrako pasarte ezberdinak jasotzen ditu, tartean baita ejekuzioak ere”.

Fusilatuak

Zizurkilen izandako bost fusilatuen inguruko berri ere eman zuten hitzaldian: “Elias Konstanzio Mendizabal Bengoetxea, Adunibar baserrikoa. Preso hartu zuten eta Ondarretako presondegitik, fusilatzera eraman zuten. Gabino Barroso; Fraisoroko serenoa zen. Errepublikazalea zen eta gerra garaian, ezkutatuta zegoela, salatu egin zuten eta preso eraman. Hau ere fusilatu egin zuten. Joxe Kruz Zuriarrain Mujika, frentean zaurituta, hospitalean zela atxilotu, eta fusilatu egin zuten. Bere familiaren etorkizuna benetan errukigarria izan zen. Juan Almorza, Teodosionekoa. Arotza zen lanbidez eta errepublikazalea. Atxilotu egin zuten, eta fusilatu. Juan Kruz Iribarren, izatez Villabonakoa zen, baina Aurreran bizi zen. Fusilatu egin zuten. Elbarrena inguruan gerrak eragin ikaragarria izan zuen, errepublikazale gehienak bertan bizi zirelako”. 2011n omenaldi goxoa egin zitzaien fusilatuei. “Etxekoak etorri ziren eskerrak ematen, lore sortak jartzeko toki bat eskaini genielako”.

Zigorrak

Fusilatuez gain, beste hainbat eta hainbat zigor ere jarri zuten, noski. “Lehen aipatutako dokumentazio faltagatik, ez dakigu gauza handirik, baina zeharka-zeharka, zerbait jaso ahal izan dugu: Frankistak sartu zirenean, zerrenda bat egin zuten herritar bakoitzak emandako bozkekin eta une hartan zituzten ondareekin. Beste dokumentu bati esker jakin dugu zenbait zizurkildar deserriratu zituztela ere. Inpunitate osoarekin jokatu zuten”.

Zizurkildik, Bilbo aldera egin zuen jende askok. “Bitxikeria gisa, akta liburu bat azaldu zaigu honako gertaera jasotzen duena: Bilbon zegoen zizurkildar talde batek udaletxea sortu zuen, deserrian. Leoncio Portu zen alkate”. Otxandio, Durango eta Gernikako bonbardaketak etorri ziren ondoren. Bilbo ere erori zen eta handik, Kantabria aldera egin zuten. Santoñan 30.000 gudari hartu zituzten preso. Hortik aurrera, frankistak dena hartzen joan ziren eta gerra amaitu egin zen. “Gerra amaituta, errepresioa hasi zen”, azaldu zuen Joxinek

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 641 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!